Justine GIRAUDEL

Euskal Konfederazioak Lurralde Kontratuaren hizkuntza politika murrizten dela salatu du

Euskal Konfederazioak Estatu frantsesak hizkuntza politikan egiten duen ahalegin eskasa salatu du. Prefetak Lurralde Kontratuaren inguruan Jean-Jacques Laserri igorritako gutuna komentatzeaz gain, hautetsiak mobilizatzeko deia zabaldu du.

Euskal Konfederazioak hautetsiak mobilizatzeko deia luzatu du. Argazkia Isabelle Miquelestorena.
Euskal Konfederazioak hautetsiak mobilizatzeko deia luzatu du. Argazkia Isabelle Miquelestorena.

Otsailaren 10an departamenduko prefetak, Hautagaien Kontseiluko lehendakariari gutun bat bidali zion, Estatu/Eskualdeko kontratu planaren inguruko gaia aipatuz. Hain zuzen ere, hizkuntza politika murrizten duen hainbat neurrien kontrako jarrera adierazi du. Horren aitzinean, Euskal Konfederazioak euskararen inguruko proiektuak eta apustuak defenditzeko, tokiko hautagaiak mobilizatzeko deia luzatu du.

Diagnostiko partekatu bat oinarritzat hartuz, Euskal Konfederazioak egindako ikerketa baten bidez, euskal hiztunen kopuruaren apaltzeaz abisatu zuen. Arazoari aurre egiteko, elkarteak hainbat neurri hartzeko iniziatiba hasi zuen, haien artean hitzarmen politiko bat euskararen inguruan. Itun horretan Estatua (hezkuntza nazionala), EPCI, hiri handiak eta eskualdea (formakuntzarentzat) parte hartu beharko lukete. Helburu nagusiena da hizkuntza politika arlo guztietara zabaltzea, baina prefekturaren jarrerak hitzarmen hori ezeztatu du.

Bestalde, Euskal Konfederazioak, Euskararen Erakunde Publikoari bideratzen zaizkien diru laguntzak doblatzea eskatzen zuen. Gaur egun, aurrekontu hori Estatuak (740.000 euro), Eskualdeak (860.000 euro) eta departamenduak (860.000 euro) osatzen dute. Baina prefetak eskakizun hori ezeztatu du.

Hautetsiei deia

Elkartearentzat, prefetaren erantzunak hizkuntza politika garatzeko garapena oztopatzen ditu eta "kontratu plana hor izan behar da aitzina pausu bat emaiteko". Euskal Konfederazioak hautetsiei galdegin die "negoziaketa bururaino eramaitea".

"Hizkuntza politikoak denen beharra du", azpimarratu du Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendariak. Hain zuzen ere, guztiak elkarlanean aritzeko deia zabaldu du, "hizkuntza politikaren beharrei ekonomikoki erantzuteko".

Martxoaren 29an departamenduko hauteskundeen bigarren itzulia iraganen denez, Euskal Konfederazioak departamenduaren kudeaketan parte hartzen ahalko duten hautagaien arreta deitu du, "diru laguntza doblatu dezaten departamenduko finantziazioan".