Iurre BIDEGAIN

"Urepele, euskahaldunen abiapuntua"

BIDEOA - Martxoaren 19an, "Euskahaldun" lelopean, Korrika hasiko da Urepelen. Baxe Nafarroako herria euskararen ikurra bilakatu da, besteak beste, uda guziz AEKk barnategiak antolatzen dituelako han. Herria eta euskararekin lotura duten Michel Ernaga auzapezak, Aire ahizpek, Marko marrazkilariak eta Maialen Errekartek (AEKko koordinatzailea) beren testigantzak islatu dituzte.

 

Egun guti falta dira Korrikako 19. edizioa Urepeletik abiatzeko. Euskararen ahalmena bilduko duen lasterketa martxoaren 19an abiatuko da, Bilbon bukatzeko. "Urepele, euskahaladunen abiapuntua" bideoak Baxe Nafarroko herriarekin eta euskararekin lotura duten pertsonen testigantzak bildu ditu.

Michel Ernaga, Urepeleko auzapezarentzat Korrika haren herritik abiatzea "ohore" bat da, jakinez ez dela inoiz hortik pasatu. Maialen Errekartek, Garazi-Baigorriko AEK koordinatzailearen iritziz Baxe Nafarroako herriak berezitasun handi bat du. Hain zuzen ere, Urepele euskara eta kulturarentzat erreferentzia bilakatu da.

Erreferentzialtasun horren adibide garbiak uda guziz herrian antolatzen diren barnategiak dira. Urtero euskaldun berri andana baten sorreraren eszenatokia bilakatzen da. Duela urte zenbait Miren Aire eta Amaia Airek klaseak eman zituzten barnategi horietan eta beren lekukotasunen bidez, herrian, ikasle eta herritarren arteko harreman trukaketak zein nolako giroa sortzen zuen argitaratzen dute. Bestalde, Marko, H28ko marrazkilariak euskara ikasi zuen AEKk Urepelen antolatzen dituen barnategi horietan.