Kazeta

Iparra Hegoa: zazpi lurraldeen arteko elkarlana bultzatzen duen ekitaldia

Euskal Herriko iparraldearen eta hegoaldearen arteko ezagutza, gertutasuna eta elkarlana bultzatzeko asmoz sortu zen ‘Iparra Hegoa’ ospakizuna bi hamarkada bete ditu aurten eta mugaren bi aldeetako hautetsiek ekitaldia egin dute «Gereziondotik Euskal Herria eraikitzeko bidean» adierazpena aurkeztu eta sinatzeko.

Seguran ospatutako Iparra Hegoa ekitaldia. Argazkia Udalbiltza.
Seguran ospatutako Iparra Hegoa ekitaldia. Argazkia Udalbiltza.

Iparra Hegoa ospakizunak ibilbidean zehar Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko elkarlana bultzatzea lortu du. Jaialdiaren baitan antolatutako ekitaldiek zazpi lurraldeen harremanak bultzatu eta sendotzea lortu dituzte. Martxoaren 16an Seguran ospatutako hitzorduan, Mertxe Aizpuruak, Udalbiltzako lehendakariak, Euskal Herriaren garapenaren bidean mugaz gaindiko elkarlanak duen garrantzia nabarmendu du.

Udalbiltzako lehendakaria buru, Gipuzkoako, Lapurdiko eta Baxe Nafarroko hautetsiek izenpetu dute «Gereziondotik Euskal Herria eraikitzeko bidean» adierazpena. Urteetan zehar elkarlanaren emaitza errepresentatzen du. "Lankidetza honi dimentsio instituzioanala emateko garaia da", adierazi du Aizpuruak.

Bidea eraikiz

«Zazpi lurraldeetako euskal herritarren arteko elkarlan bide berriak bultzatu» eta Lapurdi, Nafarroa Garaia, Baxe Nafarroa, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Xuberoaren arteko «zubi berriak eraikitzeko eta elkarbizitzarako proiektua» osatzen joateko ahaleginak egiteko konpromisoa hartu dute adierazpenean. Udalbiltzak adierazi duen bezala, ohitura segitzeko, bertara hurbildutakoak harramanak errepresentatzen duen gereziondoan elkartu ziren.