Patxi Vrignon

EHrZ: bozkak irekiak dira

Euskal Herria Zuzenean elkarteak bere EHrZ (Euskal HerriRa Zuzenean) "musikatapulta"-ren bozkak ireki ditu martxoak 2an, taldeentzako izen emateak otsailaren 28an hetsi eta. Aurten, 48 musika talde dira zoingehiagokan. "Askatasun bila diren Europako populuetatik » heldu dira, iazko eskemaren antzera.

EHZ festibalean parte hartutako taldea.
EHZ festibalean parte hartutako taldea.

2012tik Lekornen kokatua den festibalaren 20 urteen karietara, martxoaren 30ean aterako den konpilazioan agertzeko parada utziko zaie 20 talderi. Talde batzuek Oviedo-ko Ixuxue-ren festibalean, Gernikako Lekuek festibalean, edo hain zuzen ere EHZ festibaleko oholtza gainean jokatzeko aukera ukanen dute, sari gisa.

EHrZn parte hartzeko, beren kantu originalak populu minorizatuaren hizkuntzan kantatu behar dituzte eta Europa osoko musika talde autoekoiztua izan behar dira, festibalaren balore alternatiboekin bat eginez. "Usutan kultura dominanteek kultura minorizatuak itotzen dituzte eta beren oinarrizko eskubideak zapaltzen. Helburua da festibala hitzordu garrantzitsua bilakatzea kultura minorizatuetako gazte engaiatuen artean".

Bozek hilabete osoan iraunen dute, martxoaren 31 arte. Bozkatzeko, EHZ elkartearen webgunean sartu behar da. (http://ehz-festibala.eu/ehrz#Lehiaketa). Artikulu hau idazten dugun orenean, boz gehien lortu dituzten taldeak Zelata taldea (107 boz) (https://www.facebook.com/zelata.taldea), Zamorako Escapada taldea (52 boz) (https://www.facebook.com/escapadarock), Bilbomatiks (50 boz) (https://www.facebook.com/bilbomatiks) eta Tumatx taldea (40 boz) (https://www.facebook.com/Tumatx?fref=ts&ref=br_tf) dira. Apirilaren 15ean hautatuko dira festibalean joko duten taldeak, ondoko uztailaren 3, 4 eta 5ean.