Kazeta

MEDIABASK harpidetzak proposatzen hasi da

Paperezko astekaria plazaratu baino egun batzuk lehenago, MEDIABASKek harpidetza sistema abiatu du. Hemendik aitzina ordainduz irakurtzen ahalko diren artikuluetara emanen dute sarbidea.

Kazeta.eus-eko artikulu guziak irakurri ahal izateko harpidetu beharko da hemendik aitzina.
Kazeta.eus-eko artikulu guziak irakurri ahal izateko harpidetu beharko da hemendik aitzina.

Mediabask.eus eta KAZETA.EUS ehunka laguntzaileri esker garatu dira. Urtarrilaren 1ean abiatu zen formula berria eta geroztik, egunez egun, albiste haria urririk eskaini dute. Haatik, martxotik aitzina, ordaindu beharko da artikulu zonbaitzu irakurri ahal izateko. Hala, Mediabask.eus eta KAZETA.EUS-k irakurleen beharrei egokitutako hiru formula proposatzen dituzte. Harpidetuz, MEDIABASK proiektua garatzen laguntzen da.

Hiru harpidetza mota dira : "Mediabask xuria", "Mediabask grisa" eta "Mediabask osoa". Lehenak, egunean ordaindu beharreko bost artikulutara eskaintzen du sarbidea, eta hilabetean 6 euro balio du. Bigarren harpidetzak interneteko eduki guzira ematen du sarbidea, 12 euro ordainduz gero. Formula osoak dena eskaintzen du : weborrietan diren artikuluak eta Mediabask l'Hebdo paperezko astekaria, 20 euroren truke. Harpidetza horri esker, astekariko artikuluak interneten irakurtzen ahalko dira, lehenik pdf formatuan, berantago bisore baten bidez. Jada hemen hapidetzen ahal da.

Hiru harpidetzetatik bat hautatuz gero, irakurleak Naiz plataformako eduki guzientzat balia dezake sarbidea. Gisa horretan, harpideek Mediabask.eus eta KAZETA.EUS-eko edukia irakurtzen ahal dute, baina Gara eta fite Zazpi K astekarikoak ere. Urririk diren taldeko gainerateko euskarrietan sartzen ahalko dira ere bai, hots, Gaur 8, 11 Telebista, Info 7 eta Naiz-en informazio haria.

Azkenik, KAZETA.EUS, Mediabask.eus edota Mediabask l'Hebdora harpidetu nahi duten erakunde, elkarte eta enpresentzat beren beharren araberako eskaintza bat eginen zaie. Galde bereziak atal huntan egin daitezke.