Gara

Hendaia Euskaraz: aisialdia eta hizkuntza lotuko dituzten hitzorduak

Martxoaren 3an, asteartearekin Hendaia Euskaraz 6. edizioa hasiko da. Egun ezberdinetan proposatuko dituzten ekimenek aisialdia eta euskara lotuko dute. Hitzaldiak entzuteko paradaz gain, mendia eta musika izanen dira garaile.

Hendaia Euskaraz hilabetean baitan ospatutako ekitaldia. Argazkia Antxeta Irratia.
Hendaia Euskaraz hilabetean baitan ospatutako ekitaldia. Argazkia Antxeta Irratia.

Martxoaren 3an emango diote hasiera ofiziala Herriko Etxean aurtengo Hendaia Euskaraz kanpainari, Aisialdia eta hizkuntza lotzea xede duten ekimen andana antolatu dituzte 6. edizio honetan ere.

Hala, martxoaren 4an, 10.00etan, Abadia gazteluaren euskarazko bisitaldia proposatzen dute (erreserba pean) eta 18.30tan Bakartxoko ostatuan mintzapraktika egiteko aukera izango da pin's jokoaren bidez.

Haur eskoletan eta lehen mailakotan belaunaldien arteko irakurketak antolatu dituzten martxoan zehar. AEK, Antxeta Irratia, Baleak, EHE, Gure Ikastola, Akelarre eta Txantxangorri elkarteetako kideen eskutik egingo da eta esperientziak emaitza onak baditu, ikasturte osora zabaltzeko asmoa dute.

Hitzaldia eta Gazte Eguna

Datorren ostiraletik goiti, bereziki gazteei begirako ekintzak izango dira. 18.30tan Erramun Baxo eta Jean-Baptiste Coyos euskaltzainek `Gazteak, aisialdiak eta euskara Ipar Euskal Herrian' liburua aurkeztuko dute Mediatekan.

Martxoaren 7an, berriz, Gazte Eguna ospatuko dute 11.00tatik aurrera Gaztelu Zaharrean. Poteoa, mutxikoak, bazkari herrikoia, euskarazko bakarrizketa komikoa eta, arratsean, kontzertuak izango dira.

Hurrengo egunean, familientzat mendi irtenaldia Xoldokogainera. Hitzordua, Xoldo kiroldegi aitzinean eman dute, 9.30tan .