Argitxu DUFAU

Baionako katedralaren panelak euskaraz itzuliko dituzte

Ordurarte, Baionako katedraleko panelak espainolez eta ingelesez zeuden. Jasotako kritiken ondorioz, euskaraz itzuliak izanen dira.

Baionako katedralaren panelak erderaz eta ingelesez zeuden.
Baionako katedralaren panelak erderaz eta ingelesez zeuden.

Gaur egun arte, Baionako katedralaren panelak espainolez eta ingelesez irakurtzen ahal ziren, baina ez euskaraz. Jarri zituztenetik, hainbat kritika jaso dituzte. Errektorearen idazkariak iragarri duenez, hemendik gutira euskarazko itzulpenak eginen dituzte.

"Gertatzen ahal da eta aldatzeko bidean da. Itxoiten ari ginen euskara maila on bat duen pertsona bat atxemaitea, itzultzeko", adierazi du idazkariak. "Udazkena jarri dut azken epea", gehitu du.

Gertakaria ez da berria. Hain zuzen ere, 2014ko abenduan Herria aldizkariak gaiari lotutako albiste bat argitaratu zuen. Bestalde, Michel Duvertek Landart abadeari gutun bat bidali zion bere kezkak plazatzeko. "Nere lagun anitz bezala, gaitzitua niz, baina batez ere triste. Kalkulatu duzu zure ekintzaren garrantzia? Onargabea da egin duzuena edo onartzen duzuena. Eraso bat da eta, beharrezkoa bada, defendatzeko prest gira", adierazi du Duvertek.

Itzulpenaren garrantzia

Dirudienez, Baionako errektoreak otsailaren 26an, ostegunarekin bilkura bat egin du panelak itzultzeko gaitasuna duen pertsona batekin. Hizkuntzen aniztasuna garrantzitsua da, jakinez katedrala Estatu frantseseko interes handiko eraikuntza bat dela.

Euskarara itzultzeko ariketak denbora hartu du "maila on bat bilatzen" zutelako. "Jendeak pentsatu du intentzio txarrarekin egin dugula, baina ez da batere horrela izan", argitu du idazkariak.

Halaber, iragarri duenez, hemendik gutira katedralaren plano bat argitaratuko dute. Hau euskaraz, frantsesez, espainolez eta ingelesez izanen da. "Posible den hizkuntza gehienetan eginen dugu, italianoa edo errusiarra bezala", bukatu du.