Kazeta

Mahai-inguruak: euskararen normalizazioaren etorkizunaz

Otsailaren 27, 28 eta martxoaren 7an EHE taldeak Senperen, Baionan eta Urruñan mahai-inguruak antolatu ditu. "Euskaraz Bizi Solasaldi Zikloa: euskararen alde egotetik euskararen alde egitera" izenburupean partaideek etorkizunaren inguruko hausnarketak plazaratuko dituzte.

"Euskaraz Bizi Solasaldi Zikloa: euskararen alde egotetik euskararen alde egitera" solasaldiak. Argazkia EHE.
"Euskaraz Bizi Solasaldi Zikloa: euskararen alde egotetik euskararen alde egitera" solasaldiak. Argazkia EHE.

Euskal Herrian Euskaraz (EHE) taldeak otsailaren 27, 28 eta martxoaren 7an, "Euskaraz Bizi solasaldi zikloa: euskararen alde egotetik euskararen alde egitera" izenburupean mahai-inguruak antolatu ditu. Senperen, Baionan eta Urruñan iraganen diren hitzorduetan unibertsitate mundutik, instituzioetatik edo euskal kulturatik etorritako adituek hartuko dute parte.

"Euskaldun eta euskaltzaleon jarrera eta jokabideen inguruan" hausnartzea. Hori da EHEk antolatu dituen ekitaldien helburua. "Alta, garaiak aldatzen doaz eta euskaraz bizitzearen aldeko mugimenduek zein norbanakoek eurek ere gisako aldaketak bizi dituzte". Aldaketa horien aitzinean eduki ditugun edo hartu beharko diren jarreren inguruko gogoetak egingo dituzte hainbat eragilek.

Lehen hitzordua, otsailaren 27an, 19.00etan iraganen da Senpereko Xabatenea gelan, "Euskaldun odolgalduak al gira?" lelopean. Amets Arzallus, Eneko Bidegain eta Jakes Bortairuk parte hartuko dute.

Ofizialtasuna aipagai

Biharamunean, Uztaritzeko Herriko Etxeak euskararen ofizialtasunaren inguruan hartutako erabakia izanen da aipagai. Berttolli gelan 19.00etan iraganen den hitzorduan, If Matxikote hautetsiak "Uztaritzen euskara ofiziala, eta Urruñan?" izenburua duen hitzaldia eskeiniko du. Azkenik, martxoaren 7an, 18.00etan Baionako Eusko Ikaskuntzan "Moti+batu: erabilerak berak dakar erabilera" lelopean, Pello Jauregik hartuko du parte hitzaldian.