Bidegain, Iurre

Xiberoko toponimia bizirik, auzoen 328 izenen bilketari esker

Jean-Baptiste Coyos euskaltzainak, Herri elkargoaren laguntzarekin, Xiberoko auzoen 328 izen bildu ditu. "Toponimia" galtzeko arriskuan zegoenez, 49 testingantzen bidez egin lana liburu batean islatua izan da.

Jean-Baptiste Coyos euskaltzaina. Argazkia Gaizka IROZ.
Jean-Baptiste Coyos euskaltzaina. Argazkia Gaizka IROZ.

"Toponimia izenak galtzen joan dira. Denborarekin lekuen izenak desagertzen ari dira", adierazi du Jean-Baptiste Coyos euskaltzainak. Horregatik, Xiberoko herri elkargoarekin batera, auzoen 328 izen biltzea erabaki du. Horretarako, Coyosek 49 lekukotasun bildu ditu, "bereziki laborariak eta auzoenak".

"Izenak erdalduntzen dira geroz eta gehiago eta nire lekukoak ez ziren baitezpada gazteak", zehaztu du xiberotarrak. Hain zuzen ere, bildu dituen 328 auzoen izenak lortzeko Xiberoko herriko etxeetara deitu eta lekukoekin ezagutzak elgar trukatu ditu. Esplikatu duenez, helburua zen ortografia finkatzea, "baina horretarako ahoskera jakin behar da eta ezagutu behar dira zein diren bakoitzaren aipamen historikoak".

"Lana luzea izan da, baina biziki interesanta. Jendea beti prest da bere ezagutza partekatzeko", azpimarratu du Coyosek. Argitu du, gainera, hitzak "erdalduntzen" direla geroz eta gehiago eta horrek galtzeko arriskua emendatzen du. "Euskara galtzen baita izenak ere galduko edo galtzen dira", gehitu du.

Ahoskeraren garrantzia

Bildutako izenen artean, euskaltzainak esplikatu du batzuk errepikatzen direla, adibidez "karrika". Alabaina, hark Muskuldiko "Agrehija" auzoaren izena atxiki du. Ikerketa egin ondoren, konturatu da ahoskatzeko manera eta idazkera ezberdinak direla, "Ager hiria" bezala ezagutua delako.

Euskaltzaleak esplikatu du etorkizunerako, buruan beste proiektu bat duela. Hain zuzen ere, nahiko luke bildutako auzoen izenak mapa batean kokatu, "auzoguneak nun" diren ezagutarazteko.