Kazeta

EHLGak garatuko dituen desmartxa kolektiboak aurkeztu ditu

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bulego berria aurkeztu du eta etorkizunean garatuko dituen desmartxa kolektiboak esplikatu ditu. Urte hauetan erreferentea bilakatzea lortu du, baina "gauza anitz egin behar dira oraindik".

EHLG hamar urteen bilana egin du. Argazkia Sylvain SENCRISTO
EHLG hamar urteen bilana egin du. Argazkia Sylvain SENCRISTO

Hamargarren urtemugaren karietara, Laborantza Ganbarak bulego berria aurkeztu du. Otsailaren 20an iragarri bezala, Mixel Berhocoirigoinen ordez, Beñat Molimos eta Francis Poineau izanen direla lehendakari berriak. Halaber, Iker Elosegi, Pampi Olaizola eta Daniel Barberena bulegoaren kide berriak izanen dira. Prentsaurrekoaren bidez EHLGak esplikatu duenez, bi lehendakari hautatu dituzte "lan zama arintzeko". "Arlo anitz unkituak dira eta denbora beharrezkoa" delako.

"Gauza anitz egin" ditu, baina EHLGak argi du, "gauza anitz egin behar" dela oraindik. Inplikatzen eta etorkizunean hurbiltasuna lantzen segituko duela baizetatzen du. Azpimarratu du, orain arte hautetsiekin duen trukaketa sakondu nahi duela, haiekin duen "harremana sakonduz". "Herri elkargoetan lana garatu behar da".

Etorkizuneko helburuen artean, prentsaurrekoan elkarteko arduradunek esplikatu dute uraren kalitatearen gaia tratatu nahi dutela. Modu berdinean, laborantza iraunkorra garatzeko xedea dute, "etorkizunerako garantia" delako.

"Sakonak eta mamitsuak" izan dira Laborantza Ganbararentzat iragandako hamar urteak. Urtemuga lehendakariaren aldaketa egiteko aitzakia izan da, baina elkartearen ibilbidea nolakoa izan den adierazteko ere.

Ibilbide huntan, EHLG erreferente izaitea lortu duela uste dute horren arduradunek, aitzina eramandako lanari esker erantzun bat eman diola publikoari. Hau da, laborariei, baina gizarte eta hautetsiei ere. Gogoratu dute hamar urte hauetan, iniziatiba herrikoiaren oinarrian egon direla. Adibidez, "herriko ogia edo herriko haragia" bezalako proiektuetan.

Etorkizunerako hitzorduak

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak hamargarren urteurrenaren karietara hainbat hitzordu antolatu du. Daniel Barberenak esplikatu duen bezala, hitzorduen helburua da lanborantza iraunkorra islatzea eta praktikoki nekazaritza zer den ikustea.

Hain zuzen ere, otsailaren 25an 10.00etan Itsasuko Sanoki gelan ate irekiak antolatu ditu. Besteak beste, entitateak segitzen dituen desmartxak aurkeztuko dira. Bestalde, martxoaren 5ean, Suhuskuneko Ameztoi baserrian, etxaldeen autonomia izanen da aipagai.