Pablo Ruiz de Aretxabaleta/ Gaur 8

Falciani zerrenda: lege haustearen 106.000 izenak

Herve Falcianik pilatutako HSBC bankuko bezeroen inguruko datuetan oinarrituta asteon argitaratu diren izen-abizenak iruzur sistema itzel baten zati txiki bat baino ez dira. Falcani zerrendak aurpegiak jarri dizkio iruzur horri. 106.00 izen dituen arren, zerrendak banku bakar bateko eta bi urteko iruzurra besterik ez du jasotzen. Icebergaren tontorra.

Enpresari eta bankari boteretsuak, artistak, kirolariak, erregeak, aristokratak, politikoak... agertzen dira zerrendan.
Enpresari eta bankari boteretsuak, artistak, kirolariak, erregeak, aristokratak, politikoak... agertzen dira zerrendan.

Zerga iruzurraren nazioarteko sistema, HSBC banku britainiarrak suspertua eta orain argitara atera dena, iceberg erraldoi baten tontorra baino ez da. Herve Falciani HSBC bankuko filial suitzarreko langile ohiak ezagutarazi dituen ezkutuko kontuei buruzko informazioek milioika euroko ondareak ezkutatzeko tresnak agerian jarri ditu. Baina dirutza horiek, Estatuen ogasun publikoei ihes egiteko bideak erakusteaz gain, iruzurra egiten dutenen izen-abizenak ere badituzte atzetik. Enpresari eta bankari handiek, artistek, kirolariek, erregeek, aristokratek edo politikoek osatzen dute Falciani zerrenda. Eta horiekin batera, droga, diamante edota arma trafikatzaileek. Bitxia, benetan, zerrenda horretako herritarren gehiengoak aitortutako lanbidea zein den ikustea: «etxekoandrea»!

Falcianik 2007an HSBC bankuko datuak hartu eta agintari frantsesen esku utzi zituen, baina aste honetan azaleratu dira artxibo horietan agertzen diren edukiak. Izan ere, “Le Monde” egunkariak zuzendutako komunikabide partzuergo batek HSBC bankuaren Genevako egoitzan kontu ezkutuak zituzten 106.000 pertsonen izen-abizen identifikatu ditu. 200 herrialde ezberdinetako biztanleak daude tartean. Kontu horietatik, 2006ko azaroaren 9tik 2007ko martxoaren 31ra arte, 180.600 milioi euro inguru pasatu ziren. Eta kontuan hartu behar da komunikabide partzuergoak Falcianik eskuratu zituen fitxategien kopuru txiki bat baino ez duela kaleratu. Gainera, banku bakar batean eta epe mugatu batean egindako operazioak bakarrik agertzen dira. Zer ez ote da egongo ezkutuan Suitzako gainontzeko bankuetan?

Falcianik berak adierazi du litekeena dela banku frantsesak ere iruzur sistema horren parte izatea. «Ezinezkoa da banku frantses handiak auziarekin inolako zerikusirik ez izatea», esan du. Kontuak kontu, jada “SuisseLeaks” izena jaso duen ikerketak harritzeko moduko zerrenda argitaratu du. Edo agian ez da horren harrigarria...

Aristokratak eta politikoak

Zerrendan, besteak beste, bi errege agertzen dira. Marokoko Mohamed VI.ak 9,1 milioi dolar izan zituen kontu zifratu batean; Jordaniako Abdallah II.ak, bere aldetik, 41,8 milioi. Beste satrapa batzuk ere agertzen dira zerrendan: Bandar bin Sultan printze saudiarra, Salman bin Hamad Al Kalifa Bahraingo printzea, Qaboos Bin Said Omango sultana, Malaysiako Kalsom sultanaren emaztea... Halaber, Hosni Mubarak Egiptoko presidente ohiaren ministro izandako Rachid Mohamed Rachid edota Baxar al-Assad Siriako presidentearen Rami Majluf lehengusu diruduna ere badaude zerrendan.

Latinoamerikako ordezkari politikoak ere agertzen dira zerrendan: Horacio Manuel Cartes Paraguaiko presidente eta enpresa talde handi baten jabea; Venezuelako Alejandro Andrade politikari chavista edota Ekuadorko enpresaburu aberatsena eta oposizioko kidea den Alvaro Noboa. Enpresarien zerrenda luzea da, horietako asko politikaren munduarekin zuzenean lotutakoak. Izugarri aberatsak direnenak ere ez dira falta zerrendan. Belhassen Trabelsi enpresaria airelinea eta hotel kateen jabea da. Bide batez, Zine El Abidine Ben Ali Tunisiako diktadorearen koinatua ere bada. AEBetako Alfred Taubman, Mexikoko Carlos Hank Rhon (PRI alderdiko buruzagia ere izan zena), Edmond J. Safra bankari libanoarra, Kerry Parker milioidun australiarra, Aliko Dangote Afrikako enpresaburu aberatsena edota Greziako Lvrentis Lavrentiadis ere aipatu beharrekoak dira.

Dinastiak

Eta batzuek familian ezkutatu dute aberastasuna Suitzan. Izan ere, hiru dinastien abizenak behintzat agertzen dira “SwissLeaks” ikerketak azaleratutako agirietan.

Flick familia alemaniarra aspalditik da ezaguna negozioen munduan. Enpresa ugariren akziodunak dira, besteak beste ikatzaren arloan, altzairugintzan edo automobilgintzan. Hamalau kontu ezkututan 87 milioi dolar gorde zituzten 2006 eta 2007 artean.

Brasilgo familia aberatsenetakoa den Steinbruch dinastiak 464,2 milioi dolar zituen ezkutuan. Eta Estatu espainiarreko Botin bankari dinastia ere 2.000 milioi euro izatera iritsi zen. Emilio eta Jaime Botin anaiak zein gaur egun Santander taldeko presidente den Ana Patricia Botin zerrendan agertzen zirela ezaguna zen aldez aurretik ere. Hain zuzen, abizen boteretsu hori zerrendan agertu izanak Estatu espainiarreko agintariak izutu zituen, eta, ondorioz, bi zerga-amnistia ezarri dituzte azken urteotan.

Kirol munduko izen ospetsu ugari ere aurki daitezke zerrendan. Esaterako, Michel Schummacher, Fernando Alonso eta Heikki Kovalainen 1 Formulako pilotuak edo Valentino Rossi motoziklismo gidaria. Alonso garai hartan Suitzan bizi zen, eta, ondorioz, bere izena argitaratzeagatik salaketa jarriko duela iragarri du pilotu asturiarrak. HSBC bankuan 23,9 milioi dolar zituen Rossik ogasunarekin zituen zorrak jada ordaindu dituela adierazi du. Hori bai, orain dela gutxi eta ez zegokion momentuan... Diego Forlan futbolari uruguaitarra eta Marat Safin tenislari errusiarra ere agertzen dira zerrendan.

Artistak ere ez dira falta. David Bowie musikaria, Christian Slater aktorea, Tina Turner abeslaria, Phil Collins musikaria, Elle McPherson modeloa edo Joan Collins aktorea ezagutarazi dira orain arte. Turner eta Bowieren kasuan, hala ere, Suitzan bizi ziren garai horretan.

Bien bitartean, zerrenda egunetik egunera handituz doa. Izan ere, datuak eskuratu dituen komunikabideen partzuergoa pixkanaka-pixkanaka ari da izenak argitaratzen.

Arma eta droga trafikatzaileak

Glamour gutxiagoko pertsonak ere ez dira falta. Abdoul-Karim Dan-Azoumi Badicaren jabea da, Afrika Erdiko Errepublikako diamante esportatzaile handiena. Iaz Nazio Batuek egindako txosten batek Badica Seleka milizia musulmanen finantzazio iturri nagusia dela salatu zuen. Seleka miliziaren eta Gobernuaren arteko borrokek milaka hildako eragin dituzte jada.

Jose Mestre kataluniarra Tercat zamaketa enpresaren burua da, Bartzelonako portuan dagoen handiena. Kokaina trafikoagatik 12 urteko kartzela zigorra jaso zuen. HSBC bankuan 8,9 milioi dolar gorde zituen 2006 eta 2007 artean. Arturo del Tiempo Dominikar Errepublikako eraikuntza arloko enpresaburua da, bera ere narkotrafikatzailea Kokaina trafikoagatik 7 urteko kartzela zigorra jaso zuen. HSBCn 3 milioi euro zituen epe berean.

Falciani zerrenda “Le Monde” buru duen komunikabide partzuergoa eskaintzen ari dena baino askoz luzeagoa da, baina agertzen diren denak ez dira iruzurgileak, Suitzako bankuko bezeroak baizik. Kazetari talde batek datuok ikertu ditu ondasunak ezkutatzen ari direnak zeintzuk diren argitzeko. Izan ere, Suitzan dirua izatea ez da berez legez kanpokoa. Baina bai dagokion zergak ez ordaintzea. Eta, noski, dirua gordetzeko orduan Suitza aukeratzen bada, ez da bakarrik bertako kontuek ematen dituzten etekinengatik, banku-sekretua ziurtatzen dutelako baizik. Modu horretan, lanbideagatik, jabegoagatik edota etekinengatik ordaindu beharreko zergak saihesten dira.

Sekretu maila desberdinak daude. Suitzak zuhurtasuna eskaintzen du. Baina ez da nahikoa. Gehienetan kontuak ez daude izen bati lotuta, zenbaki bati baizik. Eta dirua erabat estaltzeko, kontua beste paradisu fiskal batean (Panama, Birjina Uharteak, Barbados...) kokatutako enpresa-pantaila baten izenean egon daiteke. Eta tartean izen-mailegatzaileak jartzen dira. Miatzeko oso zaila den amarauna osatzen da horrela. Falciani zerrendak, hortaz, ezaguna izanagatik inoiz mahai gainean jartzen ez den praktika bat azaleratu du, izen-abizen zehatzekin. Ezagunak oso.

“The Guardian” egunkariaren arabera, Suitzako bankuak kontuon jabeentzako kutxazain papera betetzen zuen, eta, hala, egunero Britainia Handitik, Frantziatik, Alemaniatik, Espainiatik, Italiatik, AEBetatik, Belgikatik edo Herbeheretatik iristen ziren kontudunak Suitzan gutxi erabiltzen diren dibisak ateratzeko: librak, dolarrak, euroak... Diru hori bakoitzaren herrialdean gastatzeko edo etxebizitzak erosteko baliatzen zuten. Baina askotan ez zuten haraino joan beharrik ere, bezero espainiar asko Madrilen edo Bartzelonan elkartzen baitziren bankuko ordezkariekin!

Estatu espainoleko kasuan, Falcianiren zerrendan HBSCko 4.000 bezero inguru agertzen dira, guztira 1.769 milioi euro gorde zituztenak Suitzan 2006an eta 2007an. Batzuk Suitzan bertan bizi ziren eta beste batzuk Ogasun espainolari aitortutako finantza tresnak erabiltzen ari ziren. Baina beste askoren kasuan, Suitzako kontua Panama bezalako paradisu fiskaletan kokatutako enpresa-pantailetara dirua helarazteko amarrua besterik ez zen. Izan ere, bezero espainiarrekin lotutako 261 enpresek dute egoitza paradisu fiskal horietan.

Botin

Zerrendako izenen artean Alfons Godall Bartzelona futbol taldeko presidenteorde ohia, Ramon Lopez Vilas epailea, Jordi Pujol Ferrusola, Guillermo Luca de Tena –“ABC” egunkariko sortzailearen semea eta egun Vocento taldeko akzioduna–, Fernand Masaveu bankaria edo Prado familia –Manuel Prado y Colon de Carvajal Juan Carlos errege ohiaren lagunarena– agertzen dira.

Baina guztien gainetik izen bat nabarmentzen da: Botin. SwissLeaks ikerketako agirien arabera, HSBC bankuan diru gehien zuen espainola zen, 2.000 milioi euro inguru. Gerora, paradisu fiskaletako enpresen bidez ezkutatu zuen. Emilio Botin 2003tik izan zen HSBCren bezeroa North Star Overseas Enterprises Inc izeneko enpresa baten bitartez; bost kontu ezberdinen zituen enpresak eta 2006an eta 2007an 82 milioi dolar zituen guztira. North Star enpresako egoitza Panaman zegoen eta 2011n Botinek itxi egin behar izan zuen Zerga Agentzia auzia ikertzen hastean. Izan ere, agintari frantsesek Herve Falcianik emandako datuak beste herrietakoekin partekatu zituzten.

Estatu espainolera 2010ean iritsi ziren datuok, Elena Salgado (PSOE) Ogasun ministroa zenean. Baina zerrendan hain izen boteretsuak ikusterakoan, izua zabaldu zen Administrazioan. Modu horretan, ikuskapen zorrotzaren bidea aukeratu beharrean, azaleratutako iruzurgileekin kontaktuan jarri zen Administrazioa beren egoera zuzen zezaten.

Bi amnistia

Ikuskapen prozesua aukeratu izan balu, Ogasun Publikoaren aurkako delituak salatu beharko zituen Gobernuak. Erregulazio bide horrekin, berriz, epaitegiak alboratu zituen. Horrela, «borondatez» egoera zuzentzeko eskatu zien iruzurgileei, damutu izan balira bezala, benetan delitu bat egiten harrapatu zituenean.

Ondorioz, ordura arte aitortu gabeko 260 milioi euro eskuratu zituen Ogasun espainolak. Gehienak Botin familiak egindako iruzurrari zegozkion. Izan ere, 211 milioi euro ordaindu zituen sendiak. Hala ere, Zerga Agentzia ez zegoen ziur ordaindu beharreko kopurua hori zen eta Entzutegi Nazionalera jo zuen. Izan ere, pantaila bezala erabilitako azpiegitura korapilatsuak (trust, fundazio eta mota askotako elkarteek osatutakoa) diruaren bidea jarraitzea zailtzen zuen. Azken batean, Botin sendiak dirua ezkutatzeko enpresa sare konplexua erabili zuen, gehienak paradisu fiskaletan kokatuak eta izen mailegatzaileen izenean erregistratutakoak. Ikerketak ikerketa, Entzutegi Nazionalaren gainetik ere Botinek gehiago ez ordaintzea lortu zuen. Dirua zenbat eta norena zen zehaztea hain zaila izanik, eta auzipetuaren abizenaren pisuak bultzatuta, epaileak ontzat jo zuen azkenean ordaindutakoa eta kasua itxi egin zuen. Kito.

Ez zen azken amnistia izan. Cristobal Montoro (PP) ministro zela, 2012an dirua atzerrian ezkutatzen zutenei bide berdina eskaini zieten berriro. Horrela, %10eko zigorra baino ez zuten ordaindu behar izan ezkutuan izandako dirua zuritzeko –hiru urte zehatzeko epean egindako iruzurrei bakarrik ezarri zitzaien amnistia–.

Euskal Herriko izenak ere agertzen omen dira Falciani zerrendan. Oraindik ez da bat bera ere ezagutu, baina, Ser irrati katearen arabera, EAEko 150 pertsona inguru agertzen dira; Gipuzkoako 80, Bizkaiko 60 eta Arabako 11.

HSBCk onartu du kasu batzuetan bezeroek banku-sekretuaz baliatu zirela «aitortu gabeko kontuak ezkutatzeko». Baina barne aldaketak egin dituela eta egun bere politika aldatu duela adierazi du. Sinistu egin behar al dugu?

HSBCri kontu eske

SwissLeaks ikerketak HSBC bankuari kontuak eskatzera behartu ditu gobernuak. AEBetan «dirua zuritzea» epaitzen zen kasu batean akordio bat hitzartu zuten HSBCko ordezkariak, eta bankuak 1.920 milioi dolar ordaindu zituen epaiketara ez joateko. Baina New Yorkeko fiskalak ohartarazi du hitzarmen horrek ez diola inolako babesik ematen bankuari beste kasuen aurrean. Britainia Handian, 2010ean jaso zituen Zerga eta Muga Zerbitzuak Falcianiren datuak agintari frantsesen eskutik, zerga delituak bakarrik ikertzeko baldintzarekin. Hortaz, ezin izan zituzten dirua zuritze delituak ikertu. Komunen Ganbarak HSBCren jarduera ikertuko duela iragarri du, hala ere.

Belgikak «ez du HSBCko buruak atxilotzeko nazioarteko agindurik eskatuko», adierazi du Fiskaltzak, joan den astelehenean kontrakoa esan bazuen ere. Michel Claise epailea HSBCko zuzendaritzarekin «pazientzia galtzen» hasia dela adierazi zuen Fiskaltzak. Azaroan Claisek bankuari «zerga iruzur larria eta diru zuritzea» egotzi zizkion, diamanteen negozioarekin lotuta batik bat.

Ikerketak iragarri dituzte El Salvador eta Tunisian ere. Portugalen agintariek Falcani zerrendari buruzko zehaztasun gehiago eskatu dituzte, «delituak dauden argitzeko». Inolako dudarik ba al dute oraindik ala?

HSBC bankuak bezeroak ohartarazi zituen

HSBCk bere bezeroak ondo zaintzen ditu. Bere dirutza ezkutatzen laguntzeaz gain, Falciani zerrendako datuak argitara aterako zirela jakin zuenean bezeroekin harremanetan jarri zen berehala. “Le Monde” egunkariak eta ICIJ Ikerketako Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak datuak argitaratu baino egun batzuk lehenago, urtarrilaren 29an, abisua bidali zien bezeroei HSBC Private Bankingeko zuzendaria den Andreas von Plantak eta Franco Morra presidenteak. «Zure bizitza pribatuan komunikabideek bidegabe sartzearen eragina gutxitzeko zentzuzko neurri guztiak hartzen jarraituko dugu. Barkatu eragozpenak», adierazi zuten mezuan. Hainbat herrialdetan HSBCren aurkako ikerketak iragarri badituzte ere, orain arte irekita dagoen prozesu bakarra Herve Falcani beraren kontrakoa da. «Agiriak lapurtu, eta banku eta merkataritza sekretua urratzea» egozten dio Suitzak. Kartzelatik pasatu bada ere, Parisek eta Madrilek bere estradizioa ukatu dute, iruzurgileen datuak jaso ondoren. Falcianik estatuen laguntza eskatu du bera bezalako salatarientzat. Bere ustez, «iruzurra erakunde bat da, industria bat. Borondatearen emaitza da, ez zoriarena».