goizeder taberna

Ahoan bilorik gabe

BIDEOA - Mikel Hiribarren Confédération Paysanne sindikatuko idazkari nagusietako bat da. Astean bi egun iragaiten ditu Parisen laborantza gaiak jorratzeko eta bestelako laborantza eredu bat defendatzeko. Heldu diren egunetan Pariseko laborantza saloinean izanen da sindikatua ezagutarazteko. Euskal Hedabideen (Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria, Euskal Irratiak, Kanaldude, Kazeta.eus) galderei erantzun die otsaileko Ahoan Bilorik Gabe saioan.

Mikel Hiribarren
Mikel Hiribarren

Itsasun sortua da Mikel Hiribarren eta han da laborari aita-amen etxean, aspaldiko urtetan beste bi lagunekin. Hastapenetik ELB sindikatan sartu zen eta azken bi urte hauetan Confédération Paysanne-ko idazkaritza nagusian sartua da. Laborantzaren erronketaz aritu da Euskal Hedabideen mikroetan.

Mila behien etxaldearen auziaren elegitearentzat data finkatua da. Zer espero duzue auzi horretaz?

Etxalde hori Picardian da, Parisetik oren bat eta erdirat, eremun zabal-zabal batean, laborantza lur aberts batzuen erdian. Aipatzen ahal dut ikusi baitut. Han, Confédération Paysannek hiru ekintza egin ditu, laborantza industrializatuaren eredu handiena hori zela pentsatzen baitzuen. Laborari ez zen enpresari bat zen horren buru, bere kapitala ekartzen zuena. Bere asmoz eta bere ingurukoen asmoz gerorako laborantza eredua aitzinarazi nahi zuen.
Etxalde horretan egin ditugun ekintzetan ez dugu deus hautsi, deizteko tresnak barreatu ditugu eta ministroari eraman dizkiogu. Bereziki haren ondorioz auzitan dira gure lagun batzuk, gure bozeramailea tartean. Lehen auzia udazkenean izan da eta auzitan ziren bederatzi lagunen artean, batzuek presondegia sursiarekin eta besteek amanda bildu dute. Horren ondorioz, dei egin dugu eta jakin berri dugu ekainaren 17an izanen dela dei auzia Amien-eko auzitegian. Orduan, laborariak eta herritarrak deituko ditugu, han bereko elkarteak sustengatzera deituko ditugu.

Euskal Herrian horrelako proiektu handirik ez bada ere, filosofia hori duen laborantza mota ari ote da gero eta gehiago hedatzen?

Sekulan baino gehiago ari da memento honetan hedatzen. Amerikak egin du laborantza mota horren hautua, Frantziak ez du baitezpada egin orain arte, nahiz eta isuri horren arriskua hor den. Euskal Herrian are gutiago egin da industrializapenaren hautua. Gaur egun, haatik, gero eta gehiago berotzen ari da industria moduko etxaldeen tendentzia hori. Memento honetan, badira 10-15 lantegi moduko etxaldeak Frantzian, han hemenka.

Pac-ak laborantza eredu hori ahalbidetu duela erran daiteke, momentuz ez da aldaketarik ikusten arlo horretan. Ba ote da beste laborantza mota bat bultzatzeko aukerarik? Horretarako indarrak biderkatu behar dira?

Indarrak biderkatu behar dira beste motatako laborantza eredua plantatzeko, herritarren eta laborarien artean. Garai huntan, preseski, behi esne mailan kuota horiek eroriko diren garairat heldu gira. Eta horrek bereziki egiten du hantxe hementxe behitegiak ari direla handitzen, mila behietakoak bezalako proiektuak ari direla hedatzen, baina ber denboran, kuota horien erortzearekin ikusten da estatuak ez duela eskurik sartu nahi laborantzaren ekonomia horretan eta dena liberalizatzen ari dela.

Bertze eredu bat hasteko edo segitzeko eraikitzen, pentsatzen dugu botere publikoek kontzientzia hartu behar dutela ez direla laborantzaren eremu hauek denak beren ber uzten ahal, laborantza mundua ez dela horrela libratzen ahal zoin gehiagoka gorri bati, behar direla berriz botere publikoek lekuan ezarriko dituzten luzarako politika batzuk. Horretan, bai sindikatek bai laborariek baita herritarrek ere, denek badugu gure betebeharra etorkizuna begiratzeko eta gaurtikan beste modu batera eraikitzen hasteko.

Uste dut Frantzian ehunaren hiru direla laborariak eta laborantzaren pisua arrunt ttipituz doala, nola botere publikoek entzunen dituzte laborariak, ez ote da hor gehiago kontsumitzaileen aldetik ari beharko nahi baldin bada zerbait kanbiatu ?

Bai, bai, guk aspaldi pentsatzen dugu laborariek bakarrik ez dugula dena aldatzen ahal eta norabideak ere biziki nekez aldatzen ditugula, nazional mailako sindikaten eskutik ere ; erran behar da azken 60 urtetan hain segur sindikata nagusiak, FNSEAk egiten duela Frantzian eta guretzat ere laborantzaren politika, eta bere kidekin Europa mailan egiten dutela ; bainan huntarik aparte geroari buruz nahi badugu aldatu, bistan da guti dira orai laborariak, aldiz denak gira kontsumitzaile eta herritar, beraz denen betebeharra da.

Bi sindikatu bazirezte hemen eta kalapita anitzekin, bi sindikatuen arteko diferentzia hau da, aipatzen zinuen laborantzako eredu hori, edo badira beste eztabaida anitz eta hor batasuna agertu beharrean ezberdintasunak beti agertzen dira ?

Batasuna ez dakit baitezpada helburua den… batasuna mito bat da hain segur, indar anitz behar da, laborariek behar dute konprenitu nun duten beren abantaila, nun dugun gure etorkizuna, nola eginen dugun bihar laborari anitz bizitzeko gure eremutan, hortako bistan da laborariek behar dutela ernatu, mobilisatu. Bainan behar dugu berriz hasi pentsatzen ofizio hau oinarrietarik, lehen lehenik laborantza egina dela janariaren hornitzeko.

Laborantza industrial hori bada Ipar Euskal Herrian ere. Bada, eta ELB sindikatuko anitz ere industriari bere ekoizpena saltzen diona, esne saila aipatzen baldin badugu, etxalde horiek horrela bizi dira mementoan. Bi laborantza moten beharra bada ala industriak desagertuz joan behar luke ?

Enetzat laborantza industriala ez da etxaldeetako ekoizpenak industriari joaiten direla, batere. Bistan da gure laborantzek behar dute industria ere beren ekoizpenen aldatzeko eta norapait beren ekoizpenen merkaturatzeko. Industrializapena aipatzen dugunean laborantzan, aipatzen dugu etxaldeetan nola eta zer moldetan lan egiten dugun, mila behiko unitate hori hartzen baldin bada, berez hau industria bat da, Euskal Herriko etxalde gehienak ez dira batere industrial moduan ari.

Ikusten delarik ardi sailean, eta laborari gehienak ardi sailetik bizi dira, leku ordokietan orain badirela etxaldeak 150 000, 200 000 pinta ardi esne egiten dituztenak, eta holako zenbait aski litezkeela behar den ardi gasna guzia egiteko. Hori ez ote da industrializatzearen lehen urrats bat ?

Bai, bai, dudarik gabe. Industrializatzearen ixuria aipatzen baldin badugu erran nahi da gure laborantzak nahi eta ez. Guk proposatzen dugun laborantza ez da batere molde hortakoa. Gure printzipioetan lehenbizikoa da, hain zuzen, ekoizpenaren banatzea, zatitzea, eta biziki laborari guti aski liteke Frantzia iparrean bezala mila behiko esnetegiak egiten baditugu...

Laborantza biologikoa eta beti emendatuz ari den laborantza klasikoaren artean ez dea kontradikzione bat, eta kontradikzione hori nola bizitzen duzue ELBn eta Confédération paysanne-etan ?

Pentsatzen dut denak ados girela, CP eta ELB-ko kideak gero gehiago joan behar dugula, utziz bereziki funtsetan askok ezarri ahal izan dituzten pozoinak, pesticides deitzen direnak besteak beste. Aitortu behar da hala ere Euskal Herrian eremu aski guti dela zerealkietan ari denik edo fruitugintzan, gehiena hala ere hazkuntza da, beraz nik dakidala hazkuntza eremu hauetan ez da ikaragarriko erremedio edo pozoinik baliatzen.

Lehenago errepikatu duzu herritarrak inportanteak direla laborantzaren bilakaeran, hauek gero eta gehiago biologikoa eskatzen dute, zein dira trabak laborantza hori garatzeko, eta sindikatuek laborantza mota hori lehentasunez aldarrikatzen duzue ? 

Biologikoa eta bere inguruan diren laborantza moldeak erran nezake direla etxaldearen ibilmolde batzuk, eta ez dira berez kritikagarriak eta sindikatek ez ditugu kritikatzen, badituzte hauek ordezkaritzak hemen eta Frantzia mailan. ELB eta Confédération Paysanne-en joera ez da batere biologikoaren kontra joaitea baina ikuspegi orokorrago bat da. Guk aipatzen dugunean laborantza iraunkor eta herrikoi hori, pentsatzen dut beteago dugula gure proiektua, gizarte proiektu bat dela bereziki laborantzarentzat, eta huntan sartzen ahal dela bistan dena biologikoarena.

Confédération Paysanne sindikatuak bere kongresua apirilean egitekoa du iparraldean, zer da helburua ?

Bi urtetik behin egiten dugu kongresua, beti leku desberdinean. Izpuran iraganen da, apirilaren 22 eta 23an, Frantzia guzitik jinen dira ordezkariak, hain segur 300 bat jende. Izanen da lehenik barne biltzar nagusia, gero debatea izanen da, parte bat idekia bigarren arratsaldean. Aurten bereziki laborantza herrikoi eta iraunkor hau aipatuko dugu, lotura eginez aurten hamar urte betetzen dituen laborantza ganbararekin. Lekuko anitzek azalduko dute modelo hori nola garatu den iparralde huntan, ez bakarrik Ainizako laborantza ganbararekin, hor baitira ere Arrapitzen inguruan biltzen diren elkarte guziak, BLE, Etxe ekoizpenen elkartea, Afoga...

Baikor ote zira ondoko bost hamar urteentzat Euskal Herriko laborantzarentzat ?

Beste leku batzuetako laborantza ikusten denean hemengoaz arrenguratu behar baldin bada etsitzekoa bada. Badakigu, eta emaitzak hor dira, orain arte hemen atxiki dela laboraria azkar mendi aldean, laborariak bereziki instalatu direla mendi aldean, ez zelarik errana batere hortarat helduko ginela. Bistan da ondoko urteetan nahi badugu tendentzia hau segurtatu, preseski Ainizako azken emaitzek ere hori diote, behar dugu indar berezia egin gure hautetsiekin bereziki, eta herritarrekin hori aitzinarazteko. Baina, bestetakoa ikusten baitut, hemen ikusten delarik laborantza ganbararen inguruan zenbat sustengatzaile baden, hori harritzekoa da. Mementoan ez dut beste eremu anitzik ikusi hemen bezala herritarrak inplikatu direnak laborantzaren bermatzen. Hor badira errealitate batzu esperantza emaiten ahal dutenak ; inportanteena da hemengo hautetsier erakustea joaiten utziz laborantza hau norat joan litekeen, aldiz haiekin eta jendartearekin eskutan hartuz eta gogoetatuz, eta janarien geroa kontutan hartuz, elgarrekin hautatu behar dugu nolako laguntzak eta norabideak ondoko urteentzat pikoan eman.