Ramon SOLA

Elkarbizitzaren mahai-inguruak: gatazkaren testigantzak garaile

Antxeta irratiak otsailaren 12an, antolatutako bigarren mahai-inguruan, testigantzak izan ziren garaile. Zur eta lur geratu zen Juanra Rojo, bizitza erdia kartzelan emanda ateratzeko ordua zuela erran ziotenean. Gustura zapaldu du berriz Bizkaia Jokin Etxebarriak, bi hamarkada kanpoan eta barruan igaro ostean. Bi lekukotasun goxo, baina oraindik «gu guztiontzako erronka handi bat», Joserra Trebiño apaizak nabarmendu zuenez.

Antxeta irratiak antolatu duen bigarren mahai-ingurua.
Antxeta irratiak antolatu duen bigarren mahai-ingurua.

Txingudin antolatu diren elkarbizitzari buruzko jardunaldiek Hendaian izan zuten bigarren hitzordua, otsailaren 14an. Lehenengoan bi aldeetako indarkeriaren biktimak elkartu baziren, oraingoan espetxea eta erbestea jasan eta jasaten dutenei eskaini zieten arreta. Eta lekukotasun zuzena emateko, nor hobeto Juanra Rojo irundarra baino, bizitza erdia eman baitu barruan: 22 urte zituela sartu zuten preso eta 44 beteta atera zen kalera.

Hasieran vis a visik ere ez zela ekarri zuen gogora Rojok. «Hori bera, gutunak eta abar, egin genituen borroka ekimenen bidez lortu genituen». Kaleratzearen azalpena bereziki hunkigarria izan zen. «Parot doktrina» ezarri ziotenez, ez zekien noiz arte izango zuten gatibu: «Egun batean kartzeleroa patioan hurbildu eta joateko esan zidanean, burua hutsik geratu zitzaidan. Hor nituen lagunak hunkituta, ni gauzak poltsan ezin sartuz, kartzeleroak azkar joateko aginduz... Eta hortik hamar minutura kalean nengoen, gertatutakoa barneratzen ahalegintzen».

Gerokoa ez dela erraza erantsi zuen Rojok. «Badakizu gauzak aldatuak egongo direla, baina ohartzen zara errazena egiteko gai ez zarela: tabernan sartu eta kafe bat eskatu, trenean igo... dena lagunduta egin behar duzu. Euroak ez nituen ezagutzen, pezetak baizik. Ume txiki handi bat bezalakoa zara hasieran, egokitzeko denbora behar da».

Espetxeaz badaki Etxebarriak ere, bost urte barruan igaro zituelako, baina erbestearen lekukotasuna eman zuen bereziki. Egun batetik bestera «familia, neska laguna, lagunak...» utzi behar izatea zein gogorra den azaldu zuen. Hala ere, iheslariek beti «ate bat irekita» aurkitu dutela aitortu eta eskertu zuen: «Hor harreman oso gertuak eta sakonak gertatzen dira».

2004. urtean aske gelditu zen eta pasa den urteko maiatzean, Iheslari Politikoen Kolektiboak hartutako erabakia dela-eta, Bizkaira itzuli da berriz, senideak eta lagunak ikustera.

2011ko urrian abiatutako aro berriak ahalbidetu du bai bataren bai bestearen itzulera, baina bistan da betiko eta guztientzako konponbidea urrun dagoela oraindik. Etxebarriak berak nabarmendu zuen: «Oraindik gu harritzeko gaitasuna badute: hor dago Santi Arrozpiderekin egin dutena, Jorge Olaizena...» Adibide gehiago mahai gaineratu zituen, Hendaian bildutako 150 lagun ingururen aurrean: «Francoren garaietan ere ez zegoen honelako espetxealdi luzerik. Deportazioak urte gutxi batzuk iraungo zuela uste genuen, baina han daude oraindik lagun asko. Euroagindua frantses nazionalitatea duten pertsonei ere ezarri zaie...»

Irakurri Garan argitaratutako albiste osoa hemen.