Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Marko
H28 aldizkariko marrazkilaria

"Aurtengo afixekin, aspaldiko baloreetara itzuli gira"

Otsailaren 10ean, Baionako bestentzat hautatu dituzten bost artistek beren afixak aurkeztu zituzten. Geroztik, mota guzietako komentarioak agertu dira. Marc Armspach 'Marko' ezizenarekin ezaguna den marrazkilariak bost finalisten ekoizpenak ikusi ondoren, bere iritzia plazaratu du.

Marko marrazkilariak Baionako afixei buruzko iritzia plazaratu du.
Marko marrazkilariak Baionako afixei buruzko iritzia plazaratu du.

Zer iruditzen zaizkizu Baionako bestentzat aurkeztu dituzten afixak?

Uste dut beldurtu direla joan den urteko afixarekin, sobera abanguardista zelako. Ikusten dituzularik aurtengo proposamenak, Frantziaren itxura ikusten da. Gibelerat begiratzea da. Irudi zaharrak eta Euskal Herriaz dituzten irudiak dira. Saez-en estilora itzultzen dira eta iruditzen zait duela 30 urteko irudiak direla.

Zure irudiz, zer islatzen dute ekoizpenek?

Gaur egun gertatzen denaren irudiak dira. Plegu bat da. Frantses herritarra ostra bat bilakatzen da, etorkinei beldurra die… eta aspaldiko baloreetara itzultzen gira.

Zer errepresentatua da irudi horietan?

Irudi zaharren aitzinean gira, kontserbadoreak. Ez da ezer aitzinakoia hor. Nere irudiz zarta handi bat hartu dute joan den urteko hautaketarekin. Nik diskusioak izan ditut joan den urteko afixa onartzen ez zuten pertsonekin. Baionako errepresentazio egokia hori da sangria tatxa bat eta ez Airetun Txikitunen irudia. Hesten gira, Fronte Nazionala igotzen ari da, beldur gira eta balore frantseetara lerratzen gira. Ikusi ditudalarik pentsatu dut 50 urte gibelera joaiten ginela, bai sozialki baina baita politikoki ere.

"Tradizionalistak" batzuentzat, "sexistak" besteentzat. Nolakoak dira zuretzat ?
Tradizio baten klixeak atera dituzte. Garatu den tradizio bat. Duela 50 urteko klixeetan gira eta frogatzen da emazteak haur karrosa puxatzen duen irudiarekin.

Zer ukan beharko luke bestak errepresentatuko lukeen afixak?

Hiprokrisiarekin bukatu beharko luke. Ez da pentsatu behar Baionako bestak alaitasuna hutsa direla. Artisten ikuspegia da gakoa, Iruñean egiten duten bezala. Bada «baionismo» kontzeptu bat, "baionarrak gira, ezer baino lehen" eta ikusi beharko lukete zer egiten den inguruko herrietako bestetan. Artista batek posibilitatea izanen luke beste irudi bat erakusteko. Baina, egia da ez dugula afixa baten arabera bestetara joan edo ez erabakiko.