Iurre BIDEGAIN

Ikasle murrizketak Garaziko lizeoaren "etorkizuna mehatxatzen" du

Inspekzio akademikoak heldu den ikasturterako Donibane Garazin ikasleen kopurua ttipitzea pentsatu du. Hain zuzen ere, bigarren mailan 91 ikasle aurreikusten dituzte, gela bat gutiago. Murrizketak eragin zuzenak izanen ditu Kanbo eta Hazparnetik etortzen diren ikasleengan; hauek derrogazioaren bidez sarbidea lortzen dutelako eta aldaketarekin aukera gutiago izanen dutelako. Gaur, Kanbon egoera esplikatzeko bilkura publikoa eginen da.

Bigarren mailan, 91 ikasle aurreikusten dira heldu den urterako. Argazkia Garaziko lizeo publikoa.
Bigarren mailan, 91 ikasle aurreikusten dira heldu den urterako. Argazkia Garaziko lizeo publikoa.

Heldu den ikasturterako Inspekzio akademikoak Donibane Garaziko Nafarroako lizeoko bigarren mailarentzat hiru gela aurreikusten ditu, gaur egun baino bat gutiago. Horrek ondorio zuzenak izanen ditu ikasle kopuruan, baina batez ere eragina izanen du Kanbo eta Hazparnetik etortzen diren ikasleengan.

Eskualde horretako gazteek Donibane Garaziko lizeo publikora sartzeko derrogazioa galdegin behar dute, ikastetxea haiei dagokien eremutik kanpo kokatua delako. Oroitarazi behar da, Baxe Nafarroko lizeoak Baionakoek eskeintzen ez dituzten zerbitzuak proposatzen dituela; adibidez euskara, antzerkia edota kirola opzioak.

Jean Pierre Indaburuk, Donibane Garaziko lizeoko burasoen elkarteko lehendakariak, adierazi du lau edo bost urtez "normalki funtzionatu" dela. Erran nahi du, Hazparne eta Kanboko ikasleek derrogazioaren bidez sarbidea lortu dutela, baina "heldu den urterako pentsatu dituzten kontaketak 91 ikasle baizik ez ditu kontutan hartzen, erran nahi du hiru klase. Horrekin, 14 toki izanen dira Hazparne eta Kanboko ikasleentzat", adierazi du Indaburuk.

Elkartetik eskatzen dute "burasoek hautua ukan dezaten edo Garazira edo Baionara igortzeko beren haurrak". "Garazikaldean, lizeoa elebiduna da, gainera barnekaldean euskaldun gehiago badira eta euskaraz mintzatzeko posibilitate gehio badira", aldarrikatu du lehendakariak.

Heldu den ikasturtearen kopurua mugatuz "lizeoa mehatxatua da". "Epe luzean, ez baditugu lau klase bigarrenean ez ditugu lehenean eta terminalean klaseak indartzen ahal eta murriztuko da ikasleen kopurua", gehitu du Jean Pierre Indaburuk.

Arazoaren aitzinean, ikastetxeko erakasleak mobilizatzen hasi dira. Burasoen elkarteko lehendakariak esplikatu du erakasleak elkartu direla eta publikoki lizeoko aktibitateak zeintzuk diren aurkeztuko dituztela. Hain zuzen ere, gaur, otsailaren 12an bilkura publiko bat eginen dute Kanbon, Larrazkena gelan.

Lizeoko etorkizuna kolokan

Indaburuk kondatu duenez, duela hiru aste inguru Alain Rousset-ek, eskualdeko kontseilariak, Donibane Garaziko lizeo publikoa bisitatu zuen. Burasoen elkarteak adierazi zion "lizeoaren etorkizuna mehatxatua" zela eta "hitz eman zuen zerbait eginen zuela". "Ohartu zen instalazioak baliagarriak zirela eta ez zela normala horrela tipitzea", zehaztu du Indaburuk.