Iurre BIDEGAIN

Willis Drummond eta Niko Etxartek Herri Urratsen kantuari erritmoa emanen diote

Heldu den maiatzaren 10an, Herri Urrats iraganen da "@xik ikastol@" lemapean. Aurten, Willis Drummond eta Niko Etxartek ospakizunaren kantuari doinua emanen diote. "Ikastolek bizitzen duten aldarrikapen giroa islatuko duen abestia izanen da", Jurgi Ekiza kantariak dioenez.

Willis Drummond Ipar Euskal Herriko musika taldea. Argazkia Jagoba MANTEROLA..
Willis Drummond Ipar Euskal Herriko musika taldea. Argazkia Jagoba MANTEROLA..

Otsailaren 8 eta 9an, Willis Drummond eta Niko Etxartek aurtengo Herri Urrats ospakizunaren kantua grabatu dute Donostiako Elkar estudioetan. "@xik ikastol@" lemapean iraganen den bestarentzat, Ipar Euskal Herriko talde hauek "ikastolek bizitzen duten aldarrikapen giroa" islatuko dute, "rock" ikutua duten doinuekin.

Jurgi Ekizak, Willis Drummondeko kantariak adierazi du duela bi urte inguru taldeak abesti bat ekoiztu zuela; "festa girokoa". "Diskarentzat ez zenez aproposa, Herri Urrats bestarentzat proposatu genuen", zehaztu du Ekizak. Azkenean ideia hor gelditu zen beste talde batek jadanik martxan zuelako kantua, baina duela bi hilabete Willis Drummondek proposamen berria jaso zuen.

Aldarrikapen kantua

"Abesti rockeroa denez, zuzenean Niko Etxartengan pentsatu genuen ", dio Jurgi Ekizak. Musikalki "@xik ikastol@" izenburuarekin aurkeztuko duen kantuak, Ipar Euskal Herriko taldearen estiloa segituko du. "Gitarra zorrotzak, baina besta giroa". Bi ezaugarri hauek bat eginen dute Senperen iraganen den bestaren kantuan.

Willis Drummonden kantariak esplikatu du Ziburuko ikastolaren arazoaz gain, ikastolek orokorrean egoera zaila bizitzen dutela, beraz kantuak gaurkotasun hori plazaratuko du. "Aldarrikapenak trasmitituko dira", zehaztu du Ekizak.