Oihane Larretxea de la Granja / Gaur 8

‘Arbel beltza’ erakusketa

Doktrinamendu eta izuaren bidez, frankismoak Erlijioa eta Aberria (espainiarra) oinarri zituen hezkuntza eredua txertatu zuen. Euskal Herrian jazarpena are handiagoa izan zen: lurraldetasunarekin eta euskararekin zerikusia zuen guztia desagerrarazi beharra zegoen. Donostian, «Arbel beltza» erakusketak hori guztia jaso du.

Arbelak beltzez tindatu zirenekoa.
Arbelak beltzez tindatu zirenekoa.

Nazio Batuek, 1948. urteko abenduan, hezkuntza funtsezko askatasuntzat jo zuten, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean. «Hezkuntzaren helburua giza nortasuna guztiz garatzea izango da eta giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen errespetua indartzea; herrialde, arraza eta erlijio guztien arteko elkar-ulertze, jasankortasun eta adiskidetasunaren alde egingo du», zioen onartutako testuak.

Adierazpen hau onartu zenerako, urteak ziren Estatu espainiarrean izu, errepresio eta doktrinamenduaren bidez, frankismoak bere hezkuntza sistema propioa indarrean jarri zuela. «La letra con sangre entra» [Letra odolez sartzen da] printzipioari jarraituz, besteak beste, sistemak bitan banatzen zituen neskak eta mutilak, onak batetik, eta gaiztoak bestetik, eta, hala, ikasle gaiztoei maiz zigor fisikoak ezartzen zizkien.

Gertuko historiaren atal ilun hauek dokumentatu eta bai irudiekin bai garaiko objektu esanguratsuekin ilustratu dituzte Juantxo eta Iñaki Egaña anaiek. Erakusketa Donostiako Aiete auzoko kultur etxean dago ikusgai, datorren martxoaren 13ra bitartean.

«Arbel Beltza»k, hala du izena erakusketak, begiak zabalduko dizkie askori, harridura sortuko die, mina, jakingura, ezinegona… eta galdera asko. Zergatik? Beste askori, aitzitik, pasadizook beren larruan sufritu zituztenei, jasandako mina berpiztuko die. Garraztasunez, tristuraz, inpotentziaz.

Aretoa txikia da, baina edukiz josita dago. Hain zen mardula lortu zuten dokumentazio kopurua, beste erakusketa batzuk antolatzeko adina baitzegoen. Hala esan dute Egaña anaiek, beraiekin egindako bisitan. Ildo horretan, Juantxo Egaña argazkilariak aipatu du oso zaila egin zitzaiola ehunka argazkiren artean hautaketa egitea. Beste hainbeste gertatu zitzaien garai hartan ikasgeletan erabiltzen zituzten liburuekin. «Liburutegi bat osatzeko adina!», esan dute. Zorionez, beraz, bada dokumentazio nahikoa urte haien lekukotasuna bermatzeko.

Irakasleak, jopuntuan

Francisco Francoren diktadura ez zen salbuespena izan eta, Adolf Hitlerrek Alemanian eta Benito Mussolinik Italian egin zuten legez, hezkuntza baliatu zuen sistemaren printzipioak sustatzeko. Haurren malgutasunari, alegia, hauek manipulatzeko eta kontrolatzeko erraztasunari esker –neurri handi batean, adin horretan izaten den inozentzia eta defenditzeko gaitasun eskasagatik–, erregimena ikasgeletan sartu zen.

Bigarren Errepublikan sustatu zen hezkuntzaren doakotasuna eta laikotasuna amaitu egin zen, tropa frankistak Euskal Herrira ailegatu bezain pronto. Iñaki Egañak erakusketa hornitzeko idatzi duen liburuxkan –aretoan bertan dago salgai– kontatzen duenez, Jose Maria Arellanok, Gipuzkoako lehen gobernatzaileak eman zuen lehen agindua eskola publiko guztietako liburutegiak ikuskatzea izan zen. «Erlijioaren eta kristau-moralaren printzipio onetatik urrun dauden edo ikasleek Aberri bakar eta zatiezin bat gurtzea bultzatzen ez duten lan guztiak suntsitu egingo dira», adierazi zuen.

Maisuak eta maistrak «garbiketaren» helburu nagusietako bat izan ziren, eta, honenbestez, biktima zuzenak. Era berean, altxamendua babestu eta leial jokatu zutenek ardura handiko postuak lortu zituzten.

Gipuzkoan, frankismoak gutxienez bost maisu exekutatu zituen: Ángel Iturmendi, Miguel Irastorza, Daniel Garrido, Cosme Yagüez eta Trino Aguirre. Araba eta Nafarroan, bereziki gogorra izan ezen erregimena irakasleekin. Gutxienez, eta hurrenez hurren, 6 eta 28 exekutatu zituzten.

Garai hartako prentsan idatzitako artikulu batean, asmo krudelak zeintzuk ziren argi utzi zuen Ramón Sierra Gipuzkoako gobernadore militarrak: «Zuen izenak ezabatuko ditugu, eta hainbat belaunalditan madarikatuko dituzte. Mapetan Euskadi izeneko amarru hori marra berde batez adierazten duen maisurik badago, atzerriratu egingo dugu», mehatxatu zuen.

Hilario Murua historialariaren arabera, Iñaki Egañak jaso duenez, euskal eskolaren eraldaketan agintariak gehiago kezkatu ziren irakasleak eta ikasleak «garbitzeaz» eta doktrinatzeaz, hezkuntza-sistema bat eraikitzeaz baino. Aurrerantzean, bi izango ziren hezkuntzaren zutoinak: Erlijioa eta Aberria (espainiarra). Eliza hezkuntzan txertatu zen, bete-betean.

Ikur jakin batzuek ikasgeletan indar handia zuten, eta nahitaez, legeak hala agintzen zuelako, gurutzeak, bandera hori-gorriak eta Francoren erretratuak paretetan zintzilik egon behar zuten. Miguel Primo de Rivera Falangearen sortzaile izan zenaren irudiak ere alboan egon behar zuen. Haurren betebeharra, hauek goratzea zen. Bizkaia izan zen armada frankisten eskuetan geratu zen azken lurraldea, 1937ko ekainean. Hilabete gutxi geroago, lege batek betebehar horiek jaso zituen: «Beharrezkoa da Bizkaia osasuntsu, kristau eta espainiar honek jainko gabekoak eta aberri gabekoak garbitzea, kristori hartutako zorra ordaintzea, eta solemnitate osoz, Espainiako seme ugariren odolez bustita bere magalera itzuli den gurutzefika hori berriz jartzea».

Elizaren monopolioa

Elizak, Estatuaren funtzioak ordeztuz, indartzea lortu zuen. Lehen Hezkuntzari eragiten zion 1945eko lege batek Eliza Falangearen gainetik jarri zuen.

Donostiako erakusketan hainbat testigantza biltzen dira, tartean, Ricardo Ugarte eskultore pasaitarrarena. Urteak igaro arren, xehetasunez oroitzen ditu umetan eta gaztetan ikasgelan bizitakoak.

Gogoratzen du egunero-egunero eskola eteten zela, arratsaldeko bostetan Arrosario Santua errezatzeko, baita ‘Cara al sol’ kantatzera behartzen zituztela ere. Une hartan, «trapu bat» ateratzen zutela ere gogoratzen du: bandera nazia zen. Igandetan ere mezara joan beharra zegoen, nahitaez, «bestela zigorra zetorren».

Teodora Sevilla Eskola Nazionaleko ikasleak halako egoerak bizitu zituen, eta onartzen du kantatzen zutena zer zen jakin gabe abesten zutela. «Belarrondokoak, zaplastekoak, zigorrak… hori zen ordaindu beharrekoa agintzen zutena egiten ez bagenuen», kontatu du.

Zer abesten zuten jakin gabe, gauza asko ikasarazi zitzaizkien garai hartako neska-mutilei. Esaterako, Espiritu Nazionala zelakoa, baita militarren izen-abizenak, lekuak, datak, errege bisigodoen zerrenda eta erlijio katolikoaren oinarrizko otoitzak ere. «Historian bazeuden ulertzen ez genituen gauza asko, baina ez ginen galdetzera ausartzen». Buruz ikasi, errepikatu eta gainerakoan isilik egon behar.

Erlijioak zehaztutako egutegia ere oroitzen zuten ikasgeletan, eta hamaika ziren gorazarre egiteko egunak: Aita Santuaren Eguna, Jesusen Bihotzaren Eguna, Misioen Mundu Zabaleko Igandea, Amaren Eguna… «Maria Umearen eguna ere oroitzen genuen –gogoratzen du Sevillak–. Egun hartan, neska aberatsek txokolatezko opilak banatzen zizkiguten pobreak ginenoi. Umiliagarria zen».

Sistema ere arduratzen zen ikasleen artean ezberdintasunak egiteaz, klase sozialaren arabera. Sevillak deskribatzen duenez, uniformeak berdinak ziren guztientzat, baina, adibidez, neska dirudunak aterpean zeuden eskaileratatik igotzen ziren eskolara; txiroak zirenak, berriz, aldapatik.

Bazeuden beste gauza iraingarri asko, eta mojek askotan zerikusi handia izaten zuten horrekin. «Batzuk gaiztoak ziren, besteen aurrean barregarri uztea gustatzen zitzaien. Halakoetan ikusten genuen nor zen pertsona ona, eta nor bizi zen erresuminduta».

Egañak kontatu duenez, Elizaren monopolioak irakaskuntza pribatuaren loraldia eragin zuen. Errepublikaren aurretik ere hedatuta zeuden La Salle anaien ikastetxeek beste ordena batzuen lehia izan zuten. 1951. urtean, Euskal Herriko irakaskuntzaren %80 inguru erlijio-ordenen esku zegoen. Gainerakoak, Eskola Nazionalak delakoen eskuetan. Urte hartan, 346 ikastetxe pribatu zeuden euskal lurraldeetan, 88 mutilentzat eta 258 neskentzat.

Emakumea, garbitzeko jaioa

Apaizek ere iraintzen zituzten neskatoak, emakume izate hutsagatik. Umea zela, sekulako astakeriak entzun behar izan zituen Sevillak, baita garai hartako beste haur askok ere. «Meza ematen zigun apaiz batek publikoki onartzen zuen emakumeak gorroto zituela, eta geure patua fregatzea zela esaten zuen behin eta berriz».

Sistemak izugarrizko atzerakada ekarri zuen emakume eta neskatoentzat. Falangeak Sekzio Femeninoa sortu zuen, eta Pilar Primo de Rivera, diktadorearen alaba, izan zen agintari gorena. Hala baieztatzen zuen: «Emakumeek inoiz ez dute ezer deskubritzen. Zalantzarik gabe, Jainkoak gizonezkoen adimenerako gordetako talentu sortzailea falta zaie. Gizonek eginda ematen digutena hobeto edo okerrago interpreta dezakegu soilik emakumeok». Zer ez zuten esango eta pentsatuko gizonezkoek beste sexuaz, Pilar bera emakumea izanik hitzok adierazteko gai bazen…

Emakumea betiereko tentazioa zela azalduz, honen purutasuna sustatu eta ikasleak ezkontzarako prestatzen zituzten. Horixe zen lehen helburua. Hurrengoa, eta garrantzitsuetan garrantzitsuena, amatasuna.

Erregimenaren ustez «egokia» zena ikasten zutela ziurtatzeko, «Etxea» (Hogar) deitutako irakasgaia prestatu zuten: etxeko ekonomia, sukaldaritza, josketa eta eskulanak irakasten zitzaizkien neskatoei, besteak beste.

Ikastolen sorrera

Ikasleak eredu jakin baten baitan hezteaz gain, garrantzitsua zen maisuak eta maistrak izango zirenen hezkuntza arautu eta diseinatzea. 1945. urtean onartu zen Hezkuntza Legeak, besteak beste, beren eginkizuna «hezitzaile ororen sentimendu erlijiosoa eta giza sentimendua piztea» zela jasotzen zuen, baita «Aberriaren batasuna zerbitzatuko duen benetako espiritu nazionala eratzea» ere.

Elizako hierarkiak berak zuzentzen eta antolatzen zuen irakasleak prestatzeko eredua. Eskola Nazionaleko irakasle izateko, bi urteko ikasketak egin behar ziren, eta hirugarrena zentro batean egindako praktikekin osatzen zuten.

Francok ikastolak gerra garaian itxi zituenez, ofizialtasunik gabe, ildo horretan hutsunea zegoen eta diktadura bete-betean zegoela, klandestinitatean aritzea beste irtenbiderik ez zuten izan hainbat irakaslek.

Ziur asko, Elbira Zipitriarena da kasu ezagunenetako bat. Irakasle honek, ezkutuan, Donostiako Alde Zaharreko Fermin Calbeton kalean zuen etxe txikian hezten zituen neska-mutilak, 1943. urteaz geroztik, baina Gerra Zibilaren aurreko mugimenduan parte hartu zuen.

Mari Karmen Mitxelena irakasle ohiak oso gertutik ezagutu zuen, berarekin egin baitzituen urtebeteko praktikak. «Irakasteko modu hura niretzat deskubrimendu bat izan zen, izugarria izan zen esperientzia, haurrekin izaten genuen egunerokotasuna».

Poliziaren bizkarrera ibiltzen ziren eta hauek, susmoak eraginda, ate joka joaten ziren Zipitriarenera. Umeak korrika batean ohearen azpian ezkutatzen zituzten. «Itogarria zen jasaten genuen jazarpena, eta 1968. urtearen inguruan, ikusi genuen horrela ezin genuela jarraitu», errekonozitu du. Egoera muturrekoa zenez, gurasoek euren etxeak eskaintzen zizkieten, polizia despistatu eta eskolak eman ahal izateko.

Euskararekin zerikusia zuen oro desagerraraztea zen asmoa, eta helburu hori lortzeko ahaleginak egiten zituen erregimenak. Mitxelenak guraso batzuek zentzu horretan azaldu zituzten kemena eta ausardia goraipatu ditu. Beste askok, ordea, ez zuten, hala nahi arren, horretarako aukerarik izan. Ugartek nostalgiaz gogoratzen du amak zekien euskara «bikaina». «Etxean, ordea, ez genuen sekula erabili, beldurragatik; zelatari asko zegoen. Tamalez, euskarari dagokionez, belaunaldi galdua izan gara», esan du eskultoreak.

Eskola Nazionaletan ere euskara zekienaren aurkako jazarpena zegoen. Sevillak San Bartolomeko mojetan, bere eskola berean zegoen neskatxa baten kasua gogoratzen du oraindik orain. Herri batekoa zen eta baserritik heldu zen. Gaztelaniaz hitz erdirik ere ez zekien. «Asko sufritu zuen honen ondorioz, ez zelako eskola bakar bat jarraitzeko gai. Jolasteko ere ez zen gurekin elkartzen, integratu beharrean, arraro sentiarazten zuten, bakartu egiten zuten».

Jose Mari Arrazolak maitasun handiz gogoratzen du irakasle izan zuen Zipitria, baita 40 metro koadro baino gehiago ez zituen Alde Zaharreko etxea ere. «Lau talde zituen, bost haur bakoitzean», oroitu du. Metodologiaz ere gogoratzen da, irakasten zizkieten euskal kanta zaharrez, besteak beste. «Kantatuz ikasten genuen». Urgull mendira ere igotzen ziren, astean behin gutxi gorabehera. Alboan zutenez, aprobetxatu egiten zuten, adibidez, liburuetan agertutako hostoak eta zuhaitzak bertatik bertara ikusteko.

1959-1960ko ikasturtean, Gipuzkoako lehenengo hiru ikastolak sortu ziren, 60 ikaslerekin, baina oraindik klandestinitatean jardun behar izan zuten, eta lekuz aldatuz etengabe, poliziak ez atzemateko. Loraldia hurrengo hamar urteetan etorriko zen, eta Gipuzkoaz harago, izan ere, 1969an, Seaskaren babespean, Ipar Euskal Herrian ere hiru ikastola ireki ziren. Garai hartan 8.000 ikasle zeuden Gipuzkoan, 3.500 Bizkaian eta 1.500 Araban eta Nafarroan. Baita diasporan ere, gerraren eraginez alde egin zutenen herrialdeetan euskararen hazia erein baitzuten hainbat pertsona kementsuk.