Iurre BIDEGAIN

Seaskaren lagunak elkarteak 4.000 euro eman dizkio Kaskaroteneari

Iragan den astean Seaskak iragarri zuen kanpaina berri bat abiatuko zuela Ziburuko ikastolarentzat lurra erosteko. Seaskaren lagunak elkarteak 4.000 euroko diru laguntza eskeini dio 300.000 erosiko duten lurrarentzat.

Seaskaren Lagunak elkarteak diru laguntza eskeini dio Seaskari. Argazkia: Seaska.
Seaskaren Lagunak elkarteak diru laguntza eskeini dio Seaskari. Argazkia: Seaska.

Urtarrilaren 28an, Seaskak prentsaurreko baten bidez iragarri zuen Ziburuko ikastolak jasan dituen erasoen ondotik, Marinela auzoan kokatutako lurra erosiko zuela. 300.000 eurotan lortu duten terreinuarentzat, Seaskak kanpaina bat abiatu du. Horren karietara, Seaskaren lagunak elkarteak 4.000 euroko diru laguntza eman dio.

Seaskaren Lagunak, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteko ikasle ohi batzuek osatzen dute. Seaska, ikastolak eta euskara laguntzeko, Seaskaren Lagunak proiektu ezberdinetan parte hartzen dute.

Urtero dohaintza sistema bat plantan ezarri dute eta horri esker 4.000 euro lortu dituzte. Orain arte bildutakoa, Seaskaren diru laguntza kanpainera zuzenduko dute. Halaber, "diru laguntza hori oraindik handiagoa izan dadin", Seaskaren aldeko dohaintza egiteko deia luzatu dute. 

Beste hitzorduak

Kaskarotenea berriaren eraikuntza laguntzeko, aurtengo Herri Urrats jaialdia Ziburuko ikastolaren aldekoa izanen da. "@xik ikastol@" lemapean iraganen da Senpereko ospakizuna. Diru bilketaren kanpainean beste hitzordu garrantzitsu batzu antolatu ditu Seaskak. Horien artean, apirilaren 18an bertso saio bat antolatu dute Baionan.

Hitzorduan, Txapelketa Nagusiko finalistek saioa alaituko dute. Modu berdinean, apirilaren 23an, Hernani eta Ordizia arteko erregbi taldeek partida bat jostatuko dute Ordizian.