Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Lierni Fresnedo
Aktoresa

"Pheuillus-ek naturarekiko sentsibilizazioa berreskuratzen dute"

Euskal Medien Elkartean, "Euskal mendietan ibili eta bizi" proiekuaren baitan, Hameka kultur proiektuarekin harremanetan ezarri ziren ikusgarri berezi bat proposatzeko. "Pheuillus-ak Pirineoan" ikuskizunak hiru pertsonaien bidez natura eta errespetuaren printzipioak batzen ditu. Lierni Fresnedok Sabinaren pertsonaia antzezten du.

Lierni Fresnedok Sabinaren pertsonaia antzezten du. Argazkia Hameka.
Lierni Fresnedok Sabinaren pertsonaia antzezten du. Argazkia Hameka.

Euskal Herriko Mendi elkargoak "Euskal mendietan ibili eta bizi" proiektua manera berri batean gauzatu nahi zuen. Nola gerturatu mezu bat beste era batera jendeari? Errobi herri elkargoaren lurralde kultur proiektua den Hamekarekin harremanetan ezarri ziren eta egitasmoari forma ematen hasi ziren.

Halaber, Ariège aldeko Ax haraneko kulturgintzan ari den Ax-Animation eta Leader Ariège Pirinioak erakundeak iniziatibarekin bat egin zuten. Pheuillus-en bidez mendiaren errespetuaren printzipioa transmititu nahi zuten. Hortik abiatuta, Le Phun antzerki taldeak "Pheuillus-ak Pirineoan" ikuskizuna sortu zuten. Orotarat hamaika emanaldi eskeini dituzte Euskal Herrian zehar. Lierni Fresnedok, Sabinaren pertsonaia antzezten du.

Nola aurkeztuko zenuke zure pertsonaia, Sabina?
Nere pertsonaia mendi elkargoko langilea da. Egun batean, Aralarreko artzai batek deitu zuen Pheuillus-ak ikusi zituelako. Hara joan zenean mainteminduta gelditu zen haiekin. Orduan, antzerkian, edozein momentutan Pheuillus-ak ikustera doa. Antzezlanean pertsonekin elkartzen da, Pheuillus-ekiko duen erlazioa zein den kondatzen die.


Zer dira Pirineoko mendietan atxemaiten diren Pheuillus-ak?

Izaki batzu dira, oso bereziak. Sekula ikusi ez direnak, osto zaharrez eginak dira. Normalki animalia edo gizonen formak dituzte; oso errealak dira. Naturaren barnean ikusten ditugu eta zenbait lekutan integratzen dira: erreketan, basoan edo kobazuloetan. Naturarekin bat egiten dute. Pirineotik Ariège eskualdera hedatzen dira.

Zeintzuk dira antzezlanean atxemaiten ditugun pertsonaiak?
Zaila da erratea. Antzerki ikusgarrian hiru pertsonaia dira. Nere pertsonaia, Sabina, apasionatu bat da eta urteak darama horien atzetik, batez ere oso ondo sentitzen delako beraiekin dagoenean. Bestalde, badago zientzilari bat nondik norakoak aztertzen dituenak; Pheuillus-i buruzko teoriak ikertzen ditu. Azkenengo pertsonaiak leienda eta mitoekin harreman zuzena du.

Zer errepresentatzen dute ostodun gizon berezi horiek?
Egin nahi dugun gogoeta askotan naturarekiko distantzia hartzen dugula da eta ez garela horren barruan sartzen, ez dugu natura sentitzen. Pertsonaia hauek hausnarketa bat egiten dute naturaren bizipenaren inguruan. Baina ez kontsumitzaile gisa, baizik eta barrutik. Natura bizituz. Naturarekiko sentsibilizazioa berreskuratzen dute.

Jendeak nola erreakzionatzen du ikuskizunarekin?
Oso emozionala da. Lehenbizi  ibilbide bat egiten dute, ordu batekoa eta leku batera ailegatzen dira, orduan Pheuillus-ak aurkitzen dituzte. Prozesua berez kuriosoa da: berrogei pertsona elkartzea mendira joateko. Basoan zehar ibiltzen dira eta bat-batean atzerkiko pertsonaiekin topatzen dira. Ez da antzoki batean sartzea, aulkian esertzeko. Prozesua kuriosoa da, taldeko prozesua batez ere. Gero harrituta geratzen dira pertsonaia eta istoriarekin. Hiru pertsonaia hauek median nola bizitzeko eta natura errespetatzeko mezua transmititzen dute. Oso gertu etortzen zaie beste era batera.