GARA ANGULEMA

Charlie Hebdo-ren omenaldia Angulemako komiki jaialdian

Segurtasun neurri zorrotzekin eta «Charlie Hebdo» astekari satirikoaren kontra Parisen gertatutako erasoaren ondoren sortutako samina oraindik azalean, komikigintzak adierazpen askatasuna omendu du. Angulemako nazioarteko komiki jaialdiak urtarrilaren 29an ireki zituen ateak eta datorren igandera arte egongo da zabalik.

 Angulemako komiki jaialdian.
Angulemako komiki jaialdian.

Ez da hiri handiegia Angulema, Estatu frantseseko mendebaldean kokatua. Ez da nolanahikoa, ordea, urtero erakartzen dituen bisitarien zifra. 200.000 lagun inguru gerturatzen dira bertara Europan egiten den komiki jaialdirik garrantzitsuenera joateko. Aurtengoan, Charlie Hebdo aldizkari satirikoak argi propioa du jaialdian. Kaleetan, argitalpenaren azalak ikus daitezke nonahi. Ateak zabaldu zituen atzo, eta irekita egongo da datorren igandera bitarte.

Izaera propioa hartu du Charlie Hebdok Angulemako jaialdiaren baitan. 300 piezak osatzen duten erakusketak aldizkariaren azterketa sakona egiteko aukera eskaintzen du. Horrez gain, aurtengo ediziotik aurrera, Angulemako azokak aldizkariaren izena daraman saria banatuko du, prentsa askatasuna aldarrikatze aldera.

Parisen jazotako atentatuek harrabotsa sortu zuten nazioartean eta oraindik azalean den samina agerikoa bada ere, bere izaera ludikoa mantentzen du hitzordu garrantzitsu horrek; ez du eraso horien kontrako gotorleku bilakatu nahi. "Helburua jai giroa mantentzea da. Ez dugu Fort Knox bat sortu nahi. Bestela, hiria itxi eta arazoari amaiera emango genioke", adierazi zuen Charenteko departamentuko ordezkari batek edizio "sentikor" honetarako indarrean jarri diren segurtasun neurriei buruz azalpenak ematerako orduan.

Atzo eman zen jakitera Angulemako sari nagusiaren irabazlea: Katsuhiro Otomo (Tome, Japonia, 1854), "Akira" seriearen sortzailea. Alan Moore eta Hermann Huppen ziren beste bi hautagaiak.

Angulemako jaialdian izango den hutsune nagusia Bill Wattersonena (Washington, 1958) izango da, aurtengo ohorezko gonbidatua. Watterson "Calvin and Hobbes" bineten sortzailea da eta haur bat eta bere peluxezko tigre satirikoa ditu protagonista nagusi.

Berak eskuratu zuen iaz jaialdiko sari nagusia, baina aurten ez da bertan izango, erretiroa hartu zuenetik, 1995ean, uko egiten baitio bizitza mediatikoarekin jarraitzeari. Nolanahi ere, Angulemak eskainiko dion erakusketan laguntzen aritu da sortzaile estatubatuarra. (Artikulu osoa Gara-n)