Kazeta

Eragileek biharko manifestazioko deia luzatu dute

Lurralde eta Etxebizitza, EH Bai, Aitzina, LAB eta Ipar Euskal Herriko hainbat eragileek bihar Baionan iraganen den manifestazioko deia luzatu dute. "Euskal Gazteria aitzina. Konponbidea" lemapean 16.00etan San Andresetik abiatuko da mobilizazioa.

Itsasun aste guzian elgarretaratzeak izan dira atxiloketak salatzeko. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
Itsasun aste guzian elgarretaratzeak izan dira atxiloketak salatzeko. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

Lurralde eta Etxebizitza kolektiboa, EH Bai, Lab, Aitzina, Autonomia Eraiki, Itsasu Herria Bai, Har Hitza, Senpere Bai, IpEH Antifa, Errepresioaren Kontrako Batzordea, EHZ eta Basaizea. Ipar Euskal Herriko eragileek bihar Baionan "Euskal Gazteria aitzina. Konponbidea orain" lemapean eginen den manifestazioaren deia luzatu dute.

Urtarrilaren 27an, asteartearekin izandako lau gazteen atxiloketak salatuko duituzte parte hartzaileek. Gogoratu behar da Teo Salamon Pauetik Parisera eraman dutela eta gaur edo bihar epailearen aitzinean pasatuko da. Aldiz, Haitz Agirrebarrena, Alex Feldman Arrosan eta Jean-François Magis aske gelditu dira "kargurik gabe".

EH Bai, Aitzina eta Lurra eta Etxebizitzaren kolektiboak"errepresioa" salatzeko jendea biharko manifestazioan parte hartzeko gonbidatu du. Prentsaurreko baten bidez, gazte atxilotuen gertakariak azpimarratzeaz gain, Intza Oxandabaratz, 35 militanteen makroepaiketa eta "Mate" operazioan atxilotutako abokatuen kasuak gogoratu zituzten.

Bakea eta justizia

Honetaz gain, LAB sindikatak "gazteen kontrako errepresioa eta jazarpena salatu du". Sindikatak azpimarratu du Ipar Euskal eragileek etorkizuna "bakean eta justizian eraikitzeko parioa" egin dutela. "Atera gaitezen karrikara heldu den larunbatean jokamolde hau salatu eta geroa gure esku hartzeko prest girela erakusteko" aldarrikatu dute.