Kazeta

"Euskal bidea" aurkeztu dute EH Baik eta EH Bilduk

Erabakitze eskubidea oinarri harturik, urratsez urrats lortu nahi dute euskal Estatua EH Bai eta EH Bildu mugimendu abertzaleek. Urtarrilaren 24 huntan aurkeztu dute Irungo Ficoban, herritar guziei luzatutako proposamena.

Anita Lopepe (EH Bai) mintzatu da aurkezpenean. (Jagoba Manterola)
Anita Lopepe (EH Bai) mintzatu da aurkezpenean. (Jagoba Manterola)

Erabakitze eskubidea du oinarri eta independentzia helburu, EH Bai eta EH Bilduk aurkeztu duten proposamenak Euskal Herriarentzat bide berri bat idekitzeko xedea du. Urtarrilaren 24 huntan ezagutarazi dute ezkerreko bi mugimendu abertzaleek, Irungo Ficoban, 400 pertsonen aitzinean.

"Euskal bidea" deitzen duten estrategia berriak "herri borondatearen" printzipioa garatzen du eta prozesu eratzaile bat abiatzeko metodologia proposatzen du. Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak esplikatu duenez, "Frantziaren eta Espainiaren barnean ez dela 3 millioi euskal herritarrendako etorkizunik" oharturik egiten dute proposamena. Halaber, aldebakartasunetik eta desobedientziatik abiaturiko bidea aitzinerat eraman nahi dute mugiendu abertzale horiek.

Orain arte lurraldetasuna lehen urrats gisa ikusten zen, erabakitze eskubidea gauzatzeko. Orain, erabakitze eskubideak zazpi herrialdeen ezagupenerat eramaten ahal lukeela uste dute ezker abertzaleko mugimenduek. Ondorioz, eremu administratiboen araberako erritmoak eta edukiak finkatzeko asmoa dute, egun zehatz batean elgarretaratuko direnak, erabakitze eskubidea manera bateratu batean gauzatzeko.

Erakundeetan eraman beharreko lanaz, desobedientzian oinarritu beharko lukeela diote EH Baik eta EH Bilduk. "Legearen inperioaren" aitzinean, herritarren borondate demokratikoaren zilegiztatzea defendatzen dute.

Egiteko manera horrek ez luke estatu bat sortzearen helburua soilik, sozialki zuzena den herri bat eraikitzearena ere bai. Alde horretatik, aldaketa posibilitateak aipatu dituzte Anita Lopepek (EH Bai) eta Hasier Arraizek (EH Bildu).