Iurre BIDEGAIN

Epaiska Berria, presoengatik eta euskararen alde borrokatuko den peña

Epaiska Berriak ibilbide berria hasiko du larunbatean Baionan. Espazio berriaren ateak irekitzeaz gain, orain arte euskal presoekiko eramaiten zuen borrokari euskal kulturaren aldeko lana gehituko zaio.

 

Epaixka Berria peñak ateak irekitzen ditu urtarrilaren 24an. Argazkia Bob EDME.
Epaixka Berria peñak ateak irekitzen ditu urtarrilaren 24an. Argazkia Bob EDME.

Epaiska orain arte euskal presoen alde lan egiten zuen peña zen. Hamar bat lagunek osatutako lagun talde batek erabaki du irudia arraberritzea. Horrekin batera, euskal presoekiko orain arte egiten zen lanari, euskal kulturaren defentsa gehitzea erabaki dute.

"Beste fronte batzu ireki nahi ditugu eta euskararen alde borrokatuko gira", zehaztu du Joanes Anduezak, iniziatiba sortu duen taldearen partaideak. Kolektibo moduan lan eginen dute, baina hala ere beste elkarte eta mugimenduekin harremanak finkatuko dituztela zehaztu du Anduezak. Adibidez, Aitzina gazte mugimenduarekin edo LAB sindikatu abertzalearekin.

Lankidetza horien barne, AEKrekin eginen duten lana atxemaiten da. Hain zuzen ere, iniziatibaren bultzatzaileak adierazi duenez, Epaiska Berriak Mintza praktikako aktibitateak antolatuko ditu, euskararen erakaskuntza bultzatzeko.

Ideia eta helburu berriekin abiatzeaz gain, lokala berritzeko lanak egin dituzte. Anduezak esplikatu duenez Pannecau karrikan kokatua den guneak "irudimena askatuz" egina izan den mural bat aurkeztuko du.

Gaualdia urtarrilaren 24an

Ibilbide berri honi hasiera emaiteko, Baionan kokatuko den lokalak ateak irekiko ditu urtarrilaren 24an, antolatutako gaualdi batean. "Gure helburua da poliki poliki gaualdi gehio antolatzea eta ikustea jendeak nola erreakzionatzen duen", esplikatu du Joanes Anduezak.