Kazeta

"Sanctuaire": interesen eta norberaren sinesmenen arteko borroka

Euskal bereizketaren galdera, bake prozesurako negoziazioen saiakera eta politikaren manipulazioa. Benetazko istoria eta fikzioaren arteko nahasketa da "Sanctuaire" filma. 80 hamarkadan Euskal Herriak, ETA eta GALekin bizi zuen gatazkaren islapena da.

"Sanctuaire" filma Ipar Euskal Herriko hainbat herritan grabatua izan zen udan. Argazkia: Jérôme Prébois/Haut et Court/Canal+ .
"Sanctuaire" filma Ipar Euskal Herriko hainbat herritan grabatua izan zen udan. Argazkia: Jérôme Prébois/Haut et Court/Canal+ .

"Sanctuaire" filma izigarrizko arrakasta izaten ari da Biarritzen urtarrilaren 20tik iragaiten ari den Fipa festibalean. Joan den udan Ipar Euskal Herriko hainbat herritan grabatutako eszenek, ikuslea 1984. urterat eramaiten du. Urte horietan GAL eta ETAk zuten interesen arteko lehia nagusi zen. "Sanctuaire" filmak garai hartan izandako gertakizunetan inspiratua da.

Fikzioaren alorrean oinarriturik, hiru pertsonaien bizia kondatzen du. Alde batetik, Domingo Iturbe Abasolorena, "Txomin", 45 urterekin ETA taldeko buruzagi bat da eta kontziente da bere borroka armatuak duen garrantziaz. Bestalde, Grégoire Fortin, François Mitterand-en kontseilaria da eta garaian Ipar Euskal Herrirat bidalia da, ETAren eta Espainiako estatuaren artean bitartekaritza lanak egiteko. Azkenik, Yoyès agertzen da. Frankismoren kontrako baloreak dituen emakume bat da, ETAko kidea. bizipen batzuen ondotik askatasun osoz bizi nahi duena.

Barneko konfliktoa

Hendaia, Uztaritze, Itsasu edo Baionako paisaiak ikusten dira eta horri esker hemengo ikuslea istoriarekin lotzen da. "Sanctuaire" filmak bake prozesu saiakeraren gibelean egin zena erakutsi nahi du ; justiziaren bilaketan zein diren jokoan ezartzen diren baloreak. Norberaren sinismenak zeintzuk diren eta bakoitza zer egiteko prest den horiek lortzeko.