Naiz

Epaileak Santiago Arrospide espetxeratzea agindu du

Guardia Zibilak eta Espainiar estatuko Poliziak burututako operazio baten ondorioz, Santiago Arrozpide atxilotu zuen atzo Lasarte-Orian. Gaurkoan, Fernando Andreu, Audientzia Nazionaleko epaileak Arrospide espetxeratzea agindu du. "Ihes egiteko arrisku handia" badagoela kontsideratzen du. 

Atzo Lasarten Arrospideren alde egindako mobilizazioa. Argazkia: Jagoba Manterola
Atzo Lasarten Arrospideren alde egindako mobilizazioa. Argazkia: Jagoba Manterola

Efe agentziak jakinarazi duenez, Auzitegi Nazional espainoleko 4. Instrukzio Epaitegi Zentralaren aginduz atxilotu zuten atzo, Lasarte-Orian, Santiago Arrozpide. Gaur Audientzia Nazionaleko Fernando Andreu epaileak Arrospide espetxeratzea agindu du.

Iragan abenduaren 4an gelditu zen aske, 27 urteko espetxealdiaren ondoren. Estatu frantsesean preso egondako urteak aintzat hartuta agindu zuen Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko Lehen Sekzioak. Fiskaltzak Auzitegi Gorenean helegitea jarri zuen, baina horrek ez zuen Arrozpide bera eta Alberto Plazola aske uztea eragotzi.

Auzitegi Gorenak zigorrak zenbatzeko Europako direktiba ez errespetatzeko hartutako erabakiaren ondotik, haren atxiloketa etengabe galdegin dute Dignidad y Justicia elkarteak eta Barne Ministro Jorge Fernandez Diazek berak.

Honi erantzunez, Auzitegi Nazionaleko fiskal buruak, Javier Zaragozak, erantzun zuen Gorenak helegitearen inguruko erabakiren bat hartu arte ezin zuela ezer egin.

Akusazio berriak

Orain, akusazio berriak leporatuta atzeman dute: 1986an, orduko Estatuko fiskal nagusi Luis Antonio Buron Barbaren aurkako atentatu saiakera eta urtebete beranduago Bartzelonan bonba-auto batekin egindako beste eraso bat.