Kazeta

56 euskal preso zigor metaketaren inguruko ebazpenaren menpe

Urtarrilaren 13an, Auzitegi Gorena espainiarrak zigor metaketaren inguruko ebazpena argitaratuko du. Etxeraten arabera, erabakiak 56 euskal presoengan eragina duela. Kolektiboak Bilbon larunbatean iraganen den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du.

Etxeratek Donostiako epaitegien aurrean egin du agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Etxeratek Donostiako epaitegien aurrean egin du agerraldia. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

"Espainiako Erreinuak, beste behin, tranpa eta amarruen aldeko parioa egiten duen ala ez jakingo dugu". Gaur goizean Donostian, Etxeratek iragarri du heldu den urtarrilaren 13an kondena metaketen inguruko erabakia hartuko dela. "Giza eskubideen errespetuaren alde egin ala Europako lege bati muzin" eginen duen jakinen da.

Presoen aldeko kolektiboak zehaztu du orotara 56 pertsona direla kaltetuak, eta horiekin batera "familia osoak". "Estatuak, pertsona horiek nola edo hala espetxean mantentzeko apustu garbia egin du", azpimarratu du Etxeratek. Izan ere, preso horiek frantses estatuan eta espainiar estatuan dituzten kartzela zigorrak gehitzeko arriskua dago egun. Europar Batasuneko irizpideak segituz, aldiz, Frantses estatuan betetako zigorrak kontutan hartu beharko liratezke.

"Estatu espainiarrak giza eskubideak sistematikoki eta haien legeak momentuko interesen arabera urratzen zituen. Oraingoan, giza eskubideak berriz urratzen dituzte baina, horretaz gain, Europako legedia urratu nahi dute", gehitu du kolektiboak.

Aspaldiko kontua

Heldu den asteartean hartuko den erabakiak, "Europari egin nahi dioten tranpa" bezala definitu du Etxeratek, 196/2006 doktrinan duela hastapeneko urratsa oroitaraziz.

"Egoera hau salatzeko eta betirako horrelakoekin amaitzeko", Bilbon urtarrilaren 10an Sarek antolatutako manifestaziorako deia luzatu du taldeak. Arratsaldeko 17.30etan finkatutako hitzorduak "gureak diren eskubideak eta giza eskubideak errespetatu" ditzaten exijituko du. "Dispertsioarekin eta salbuespeneko legediarekin amaitzeko unea da", aldarrikatu du Etxeratek.