LABORARI
Zaro
Elkarrizketa
Peio Iriart
Laboraria

"Etxalde ttipietan bada bizitzeko ahala"

Peio Iriart duela 11 urte laboraria da Zaroko herrian. Modu biologikoan behi eta txerriak hazten ditu, ondotik salmenta zuzena egiten du. Bere tropan behi Pirenaika integratu du eta bere helburua etorkizunean osoki raza horrekin bere tropa osatzea da. Biologikoak diren txerrien eskaera handia da.

Peio Iriart, Zaroko laboraria.
Peio Iriart, Zaroko laboraria.

Noiztik instalatua hiz ?
2003an instalatu niz behi gorriekin. 14 hektara baditut, 4 ha etxeko lurrak eta gaineratekoa auzoeri alokatua. Gehienak pentze dira, 11 ha, besteak iraztorrak eta oihanak. Hogoi behi gehien ditut eta hamar miga. Mendian ibiltzen ditut bost hilabetez, Irupilen. Xerriak hazten ditut ere. Zazpi zerrama ditut eta 60 bat zerri gizentarazten dituztanak. Biolojikora pasatu niz duela bost urte.

Behietan bi arraza badituk...
Bai behi Blondak eta Pirenaikak baditut, bost Pirenaika. Behi Blondetan esne guti dugu. Iduritzen zitzautan ere mendiaren baliatzeko, behi ttipiagoak hobe zirela. Bai eta ere biolojikorat pasatzean, zaldarea kario izanez, zaldare gutiago jaten zuten eta kanpoa hobeki baliatzen zuten kabalak ukaitea untsa zela. Hortarako ezarri nituen Pirenaikak. Gure etxean behiak abendo erditsu arte kanpoan dira, iraztorretan, belar pixka batekin lagunduz. Neguan ere, aroa alde delarik, ateratzen ditut.

Bi arrazen arteko abantail eta trabak ikusiak dituk ?
Mendian, Pirenaika patarretan sartzen da gehiago. Urte zailetan, bazka xekatzen du gehiago. Erditzean ez ditut sekula laguntzen. Untsa bazkatu ondoan, erdi eta bi hilabeteren buruan berriz ernari dira. Ahatxea sortu ondoan, hein bat esne badute eta ahatxeak ez du dena edaten. Zaindu behar da, erroak hustu. Ahatxeak ttipiago dira bainan harditak, bizi nahi dute. Tropa osoa arraza hortarat pasatu nahi nuke, kurutzatuz ala kabalak erosiz. Ez dakit nola egin. Ahatxeak arinago dira, kasik 10 kilo gutiago egiten dute urtean. Bainan amek gutiago jaten dute. Eta beste abantailak badira. Ez dut kalkula egina ikusteko batek bestea ordaintzen duenez.

Haragiaren kalitatean badea diferentziarik ?
Pirenaikaren ahatxeak beti gizenago dira, tendreago eta gustu gehiagorekin. Klientek hala diote. Harakin bati ere galdegin nakon entseatzea, erran gabe zer arraza zen. Oharrak sentsu hortan ukan zituen harek ere. Nik ez dut kasu emaiten haragiaren koloreari. Haragiak gizena behar du enetako. Kolorea koperatifek ezarria duten zerbait da.

Xerri hazkuntzan aldiz, ez duk lekuko arrazaren hautua egin...
Animaleko gogoeta pasatu dut hortan. Euskal xerria gehiago atxiki behar da, beraz gehiago bazkatu eta biolojikora pasatzean pixka bat izitu niz, bazkaren preziorengatik. Hortako dut hautu hori egin. Zerri arrosak ditut, ez dakit zer arrazakoak... Xerrian abiatzean, ez nakien deus hazkuntza hortaz. Hazkaia ere biolojikoan behar da, horregatik zerramak baditut. Saltzeko ere, zerbait berri egin nahi nuen eta euskal xerrian ainitz jende bada... eta hobe.

Biolojikoan zonbat balio du xerrien zaldareak ?
Kasik 600€ tona, biolojiko ez denaren doblea. Orai, nahi den bezain bat ezartzen diet bazka, mugatu gabe. Ohartu niz manera horrez gutiago jaten dutela, duten beharra bakarrik, lehenago asetzen zirelarik aldi bakotx. Eta xerriak hobeak dira.

Behietan ala xerrietan, dena transformatzen duk ?
Bai biolojikoan nizanez geroz. Xerrikian erdia harakin bati saltzen dut, erdia nihauk zuzenki. Ez dut gehiago merkaturik egiten. Bordaleko mahastizain biolojiko batek antolatzen duen ate idekitzean parte hartzen dut urte guziz eta hortik lau aldiz urtean banoa Bordalerat haragi eramaitera. Xerriki kolia 13,20€/kg saltzen dut, behikia ere, ahatxekia 14,20€/kg.

Zerek ekarri hiu biorat pasatzera ?
Instalatzean 40 behi nituen. Makur haundia ukan ginuen barrokian. BLEtaz hurbildu nintzan eta harremanetan jarri ninduten marexal batzurekin. Heieri esker, ainitz ahatxe salbatu nituen, eta barrokia. Zuzenka saltzen hasi girelarik, zerbait sano eman nahi ginuen gure klienteri. Bordeleko merkatu hortan denak biolojikoan ziren, ni salbu. Zer kanbiatu behar ginuen etxaldean aztertu dugu. Ez nuen hunkailu kimikorik batere baliatzen, aski naturalki hasi gira eta ez dut batere dolurik.

Zoin dira hire etxaldean diren zailtasunak ?
Zerealak prezio onean atxemaitea da zailtasuna. Laborari batzuri erosten dut bainan kario gelditzen da. Artoa merke den urteetan ere, prezio berdina egiten daukute bioan. Beste zailtasuna zen sal prezio horren onartaraztea klienteri xerri xuriarendako. Bainan ulertua dute. Hastapenean harrituak ziren hainbeste gustu atxemaiteaz zerri xurian. Hamar edo 12 hilabetez hazten ditut, 140 kilo dute hiltzean.

Baikor hiz geroari buruz ?
Bai. Iraztorrak eta leku txarrenak baliatzen ditut xerriekin. Ene sistiman, bakotxak guhauna saltzen dugu, prezioa ere guk erabakitzen. Gaurko egunean ez da guti. Barnekaldean zailago da bio den zerbait saltzea. Hiritan aldiz gehiago galdegiten dute. Edo adin bateko jendeak dira, edo haurra ukan berri duten bikoteak, edo osagarri arrangurak ukanak dituztenak. Ekoizten dutan guzia saltzen dut, hori baikor da. Ainitz kontaktu baditut, satifatzen ahal ez dituztanak. Pixka bat gehiagoren egiteko gogoa dut, etxaldeak jasaitzen ahal dueno.

Ate idekitzean zer mezu pasarazi nahi duk ?
Lehenbizikoa, etxalde ttipietan badela bizitzeko ahala. Zerri hazkuntzan badela lekua ere. Ene ustez martxatzen den produkzioa da. Ez da uste ukan behar bakarrik ardi eta behiekin bizitzen ahal girela hemen. Sobera ekoizten ez diren gauzak hautatuz, bada lekua, kalitatea egin behar da, gustua duen ekoizpena.

Ausartzia hori falta dela Euskal Herriko laborantxan uste duk ?
Orokorki gazteek aitamen segida hartzen dute, usu haunditzeko helburua dute lehenik, auzo ttipia iretsiz. Ez da gure Euskal Herriaren geroa. « Trois petites fermes valent mieux qu'une grande », ez da gure leloa. Lan gehiago egin behar da sail hortan. Ni 14 hektarekin bizi niz, laguna kanpoan ari zaut bainan nik enea ateratzen dut, ez bada beti biziki ere. Dibersifikazioaren hautua eginez aterako da Euskal Herriko laborantxa ene ustez. Orai, gazteak idekiago dira. Ni aitamarik gabe instalatu niz, ene hautuak egin ditut, onak ala ez. Gazte bat aitarekin instalatzen delarik, debate zailak izan behar dira hain segur.