Arantxa MANTEROLA
Elkarrizketa
Peio Etxeberri-Aintziart
EH BAI-ko bozeramailea

"Uste dugu gure eredua, iraunkorraz gain, jasangarria ere izan behar dela"

Joan den abenduaren 20an, EH Baiek iragarri zuen AB, EA eta Sortuk osatutako koalizioa mugimendu politiko bakar batera pasatzen dela. Bozeramaile berrien izendapenaren zain, orain arte zeregin horretan aritu den Peio Etxeberri-Aintziartek adierazi du oraingoan oinarri sendoak jarri direla behingoz Ipar Euskal Herriko ezkerreko abertzaleak bateratzeko. Aro berri huntan, taldearen lehen helburua martxoko departamenduko bozak izanen dira.

Peio Etxeberri-Aintziart
Peio Etxeberri-Aintziart

Uztaritzen abenduaren 20an egindako Biltzar Nagusian eratu zen ofizialki EH Bai mugimendu bezala, bi urte luzez oinarrietan eztabaida burutu ostean.

Gogoratuko al dituzu zeintzuk diren mugimendu berriaren printzipio politikoak?

EH Baik koalizio gisa mahaigaineratu zituen hiru zutoin politiko berak dituela erran genezake. Lehenik, abertzalea da eta hein horretan Euskal Herria nazio gisa aintzat hartua izatea bilatzen du, hau da, Europa federal batean berdintasun osoz bere tokia ukan dezan bultzatzen du, hori lortzeko Euskal Herri osoan autodeterminazio erreferenduma bitarteko hartuta. Bigarrenik, ezkertiarrak gara eta justizia soziala errespetatuko duen eredu ekonomiko bat eraikitzea dugu helburu, jendartearen problematika guztiei erantzungo diena (enplegua, etxebizitza...). Hirugarren zutoina da, beharbada, berrikuntza nabarmenena: EH Bai ekologista ere bada. Ezkertiartasuna aipatzen delarik, ez da egintzat eman behar berezko helburua denik. Badira batzuk, PC esaterako, eredu biziki produktibista bultzatzen dutenak, bereziki enplegua sortzeko. Gu beste bidetik goaz: garapen ekonomiko berritzaile batek ezin du baztertu arazo klimatiko eta ekologikoa. Horregatik uste dugu gure eredua, iraunkorraz gain, jasangarria ere izan behar dela.

Zer aldatu da ezkerreko abertzaletasunean duela hogei urte lortu ez zen batasuna orain erdiesteko?

Oroitu behar da -eta horregatik mugimendua sortzea erabaki historikoa da guretzat-, hamahiru urtez zatikatuta egon ginela Ipar Euskal Herrian. 2000 eta 2001 urteetan zatiketa horiek gainditu ziren gainerako herrialdeetan, baina ez Ipar Euskal Herrian. AB eta Batasunaren artean haustura sakona jazo zen, batez ere, ardatz inportante batzuen inguruan, hala nola zein estrategia segitu bi estatuen aitzinean, alderdi edo mugimendu bakarra izan behar ote zen Euskal Herri osoan, euskal instituzioaren eskakizunari begira zein hautu taktiko egin, eta abar. Horrelako gaietan bereizita ginen eta ez zen lortzen militante abertzaleak elkarrekin lanean jardutea. Ez zen, jakina, lehen zatiketa mugimendu abertzalearen historian, baina, halere, mugimendu abertzalearen emendatzea oztopatu zuen bai hauteskunde mailan bai bere pisu sozialean orokorrean. 2006an EH Bai koalizioa sortu genuelarik hasi ginen pixkanaka zatiketa hori gainditzen. Alta, hauteskunde batetik besterako tartean bakoitzak bere aldetik segitzen zuen. Ez genuen lortzen gure mezu eta ibilbide politikoa batzerik.

Noiz hasi zen, hortaz, mugimendua bateratzeko prozesua?

2012an, baina ez alderdietatik hasita, oinarrietatik baizik. Bi galdetegi egin ziren tendentzia guztietako ezkerreko abertzaleen artean, baita alderdiei lotuta ez zeudenen artean ere. Lehenean, etorkizunerako nolako mugimendua aurreikusten zuten zehazteko eskatu zitzaien, eta, bigarrenean, EH Bai berri horrek zein oinarri politiko izan beharko lituzkeen. Bi urtez garatu dugu eztabaida hori, eta, Uztaritzen joan den larunbatean egin genuen biltzar nagusian hori dena bozkatu ostean, mugimendu bezala eratu gara. Dena ez da oraindik amaituta, baina bide-tontor batean gara eta beste batera pasatzeko hori dena zehazten jarraitu behar dugu, bai organikoki eta bai politikoki ere. Lehen erronka martxoko bozak izanen ditugu.

Batasun prozesu hori, halere, era oso diskretuan egin da...

Helburua ez zen azantz egitea horren inguruan. Hori barneko afera izan da. Azken urteotan erreferentzialtasuna lortu duen koalizio bat beste urrats bat egiten ari zela jakinarazi dugu. Azantz mediatiko sobera egiteak barne eztabaida traba dezake. Gainera, ezker abertzaleko militanteak toki mailan ari dira lanean, denak ez dira alderdi bateko kide eta prozesua mediatizatzea oztopo bilaka daiteke batzuentzat. Emaitza publikoak hauteskundeetan edo karrikako mobilizazioetan ikusiko dira, gainerakoak barne-saltsako kontuak dira. Horrez gain, ilusio faltsuei bide emateko arriskua dago. Adibide bat aipatzeko, harrabots handia egin zuten LCRkoek NPA eraiki zutelarik, eta gero ikusten dugu zertan diren, beheko errekan.

Lehen erronka, beraz, Departamenduko bozak dituzue. Izan duzue eskaintzarik beste alderdi batzuen aldetik?

PSkoekin eta Europe Ecologie-Berdeekin bilerak egin ditugu, haiek deituta proposamen batzuk egiteko. Gure ustez, hauteskunde horietan inportanteena da ezkerreko abertzaleei boza ematea; alde batetik, argiena delako, eta, bestetik, aski indartsu sentitzen garelako bakarrik joateko eta gure indarrak neurtzeko. Testuinguruak ez gaitu batere bultzatzen aipatutako alderdi horiekin batera aurkezteko, sozialistek gobernuan eta Euskal Herriko gatazkari begira zer egiten duten ikusten baitugu. Ezkerreko ikuspegitik ere ez gatoz bat egiten dutenarekin eta Europe Ecologie-Berdeen aldetik ere gobernuan izan dira azken hilabetera arte eta onartu dituzte kontradikzio horiek guztiak. Guk ez dugu horiekin aliantza egiteko baldintzarik ikusten. Gure mezu propioarekin aurkeztuko gara.

Zer-nolako harremanak izango dituzue EAJ-PNBrekin? Izango da hurbilketarik?

Hauteskunde hauetan bederen, ez. Gainera, ez dakigu oraindik zer egingo duten. Abertzaletasunaren aldetik hurbiltasun bat izan daitekeen arren, arlo sozial eta ekonomikoan bada amildegi bat gure artean. Kasik denak bereizten gaitu alderdi horrengandik.

Eta beste alderdi abertzaleekin?

EH Baik harremanak izango ditu beste alderdiekin, esaterako, EH Bildurekin. Haiek ere biltze prozesu bat segitu dute Hego Euskal Herrian eta gure partaide naturalak izanen dira. Gainera oroitarazten dugu koalizioko alderdiek -AB, EA eta Sortu- 2012ko apirilean jada izenpetu zutela bost alderdi abertzaleen arteko nazio-akordioa. Bistan da EH Bai logika horretan kokatzen dela, nahiz eta, momentuz, akordio hori berrestea ez den mugimenduaren lehentasunen artean. Hala eta guztiz ere, partaidetza horiek segituko dute.