Julene LARRAÑAGA
Bilbo

EUSKAL GAZTEEN IHESA

Egungoa inoizko belaunaldirik trebatuena omen da baina, hain justu, akademikoki prestatuenak dira joaten lehenak. Atzerrira joatea bizi dugun lan eskasiaren aterabide gisa aurkezten zaigun arren, fenomeno honek uste baino itzal gehiago izan ditzake atzean. Abenturazaleen ipuin politen ordez, milaka gaztek aurre egin behar dioten baina sarritan kontatzen ez den errealitate gazi-gozoa ezagutu nahi izan dugu.

 Loiuko aireportua. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Loiuko aireportua. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Azken urteetako egoera ekonomikoak inoiz baino kinka larriagoan jarri du gazteen enpleguaren maila. Nahiz eta inoiz baino prestatuago egon, ordainetan langabezia edo baldintza prekarioak eskaintzen dizkie gaur egun lan merkatuak gazteei. Ondorioz, anitz dira atzerrira joaten direnak, lanpostu duinen bila edo kanpoko esperientzietatik ikastera. Datuek diotenez, 2008an krisi ekonomikoa lehertu zenetik, %43 inguru hazi da atzerrira joaten diren Euskal Herriko gazteen kopurua. Baina atzerrira zenbat gazte joaten diren jakiten tematu beharrean, nola joaten diren ere aztertu beharko litzateke. Alegia, zergatik partitzen diren, zer baldintza ekonomikotan joaten diren, zenbat oztopo gainditu behar dituzten, zer eragin duen hemen haiek kanpora joateak, zeintzuk diren gazte horien itxaropenak… bai eta desengainuak ere.

Gazte emigratzaileen inguruan hitz egiterakoan, lehenik eta behin, beharrezkoa da errealitate honen aniztasunaz jabetzea. Izan ere, orotariko kasuak daude zenbakien atzean: unibertsitatean ikasitakoak edo lanbide batean trebaturikoak, lehen aldiz lan egiteko aukera bilatzen dutenak edo Euskal Herrian hainbat urtez lan egindakoak, lana hemendik lotuta dutenak edo zortea probatzera doazenak, familiaren babes ekonomikoa dutenak edo baliabideak beraien kasa bilatu behar dituztenak, loturarik ez dutenak edo hemen konpromiso eta zorrak uzten dituztenak, leku zehatz batera doazenak edo atzerrian bueltaka ibiltzen direnak… denetarik dago, eta, ondorioz, ezin da gazteen emigrazioaren aurpegi bakar bati buruz hitz egin.

Atzerrira joateko etengabeko gonbidapenekin kezkatuta, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) ‘SOS Gazteak: gazteen lan emigrazioa’ txostena argitaratu zuen urte hasieran. «Zer dago Alemania, Brazil ala Suitzara joateko deialdi xarmagarrien atzean? Horixe jakin nahi genuen», kontatu du Amaia Elorza EGKko kideak. Txosten horrek erakusten dituen datuak ez dira lasaigarriak, Elorzaren esanetan: «Datu ofizialek adierazten dutenaren arabera, azken hamar urteetan gazteen emigrazioa 17 bider handitu da, eta kontuan izan behar da datuok ez dutela errealitate osoa biltzen. Askotan, harrera herrialdeek ematen dituzten datuak zazpi bider handitzen baitituzte datu ofizialok. Honi gehitu behar zaio itzulera tasa ere asko jaisten ari dela, hau da, emigratzen dutenak gero eta gutxiago itzultzen direla».

Kontatzen ez dena

Behin ikasketak bukatuta, gaizki ordaindutako beken edo praktiken aurrean, atzerrira joatea behartutako erabakia da gazte askorentzat. Elorzaren esanetan, «atzerrira lan bila joatea hemengo prekarietateari aurre egiteko konponbide aproposa den ideia orokortu da. Esperientzia honen abantailak jakinarazten dira behin eta berriz: Hizkuntzak ikastea, curriculuma hobetzea, bizipen pertsonal ahaztezina izatea, jende berria ezagutzea…». Askotan erakusten dizkigute argiak, badirelako, noski; baina itzalak ezagutzea ere komeni da. Emigratzeko erabakia pertsonala eta positiboa izan daitekeen arren, EGKko kidearen iritziz, ez da bidezkoa gazteak horretara bultzatzea. «Atzerrira joatea ondo dago norberak erabakitzen duenean eta esperientzia on bat izateko aukera dagoenean, baina, tamalez, prekarietateak atzerrian ere irauten du sarritan. Izan ere, lanagatik emigratzeak ez du zertan lan on eta polit bat topatzearen sinonimo izan, ezta bizi baldintza egokien sinonimo ere», adierazi du gazte elkarteen topaguneko kideak.

Aitor Andak, Ernai Gazte Erakundeko bozeramaileak, bi arrazoi nagusiri egozten die egungo gazteen emigrazioa: «Gure herrian lan nahikoa ez dagoela eta beste herrialde batzuetan soberan dagoenaren aitzakian ematen da fenomeno hau. Kontua da bidean gal daitezkeen eskubideak ez direla aintzat hartzen edota harrera herrialdean ere lan prekariora kondenatuak izango garela ezkutatzen zaigula askotan». Ildo beretik, Eguzki Urteaga EHUko soziologoak atzerrira edozein baldintzatan joatea ez dela komeni uste du: «Alde batetik, harrera-herriak bere arau, lehentasun eta betebeharrak dituelako, eta, bestetik, kanpora joateak hainbat eskubideren galera dakarrelako, baita sorlekuan ere. Zentzu horretan, eta ahal den neurrian behintzat, programa (Erasmus, kasu) ala harreman kontraktual (lan-kontratu ala praktika-hitzarmen) baten baitan egitea gomendatzen da, sorpresa txarrak ekiditeko».

Atzerriaz hitz egitean errealitate oso ezberdinak aurki ditzakegu herrialde bakoitzaren arabera. Zentzu horretan, hainbat eskubideren galera gerta daitekeela uste du Elorzak. Hasteko, lan eskubideak aipatu ditu. «Zenbait herritan hobeak izan daitezke, baina beste askotan, txarragoak ere bai: lekuaren arabera sindikatzea debekatuta egon daiteke, emakume izateagatik gutxiago kobra daiteke, asteko lan orduak gehiago izan daitezke, lan ordu estrak edo oporrak ez kobratzea posible da, eta abar». Giza eskubideak ere gogoan ditu Elorzak: «LGTB kolektiboaren eta emakumeon eskubideak urratuak izan daitezke, militantzia politikoa debekatuta egon daiteke, osasuna ordaindu behar izatea, askatasuna modu batean edo bestean mugatua egotea, eta abar». Azkenik, atzerrira joanda, sorlekuan hainbat eskubide galtzeko arriskua ere azpimarratu du. «Adibidez, atzerrian gaudela langabezia saria ezin kobratzea, atzerrian lan egindakoak gerora gure sorlekuan kotizatu bezala kontuan hartuko den ez jakitea, itzuleran diru-laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzea, gure herriko erroldan antzinatasuna galdu eta eskubideak galtzea (hala nola babes ofizialeko etxeetara sarbidea), edota udal hauteskundeetan bozkatzeko aukera eta beste hainbat eskubide kolokan jartzen dira askotan», kritikatu du Elorzak. Beraz, hasieran esan bezala, ez litzateke harritzekoa datu ofizialek ematen dutena baino askoz handiagoa izatea kanpora joandako gazteen kopuru erreala, hainbatek ez dutelako baja ematen utzitako herriko erroldan, aipatu eskubideak ez galtzeko.

Hori gutxi balitz, atzerrira lan bila joatearen ondorio sozial eta afektiboak ere azpimarratu ditu Elorzak: «Maiz esaten digute gazteontzat errazagoa dela atzerrira joatea oraindik familiarik ez dugulako, baina hau ez da guztiz zuzena. Baliteke seme-alabarik edo senar-emazterik ez izatea, baina horrek ez du esan nahi guraso, aiton-amona, iloba edo lagunik ez dugunik. Oso gogorra da 10.000 kilometrora gaudenean amona bat galtzea, gaixotu den aita telefonoz agurtzea edo iloba jaioberria urtean behin ikustea. Horri gehitu behar zaio gutariko askok gure auzo eta herrietako proiektuetan parte hartzen dugula eta hauek bertan behera utzi behar izaten ditugula, bai proiektuei kalte eginez, baita gure garapen pertsonalerako aukeratutako bide bat eten beharrez». Ibilbide profesionala bideratzeko ahaleginetan norberaren proiektu pertsonalak zapuztuta ikusteak frustrazioa eragin dezakeela uste du Andak: «Sistema kapitalistak ezarri digun bizitza ereduak frustrazio etengabeak sortzen dizkigu. Sistemak antsietate etengabe batean bizitzera kondenatzen gaitu, antsietatea frustrazio bilakatuz, eta azkenean porrot pertsonalera ere bagaramatza. Atzerrira behartuta joatean edo atzerrira joateko arrazoien ondorioz sentsazio horiek guztiak azaleratzen dira».

Bi kasu, hamaika adibide

Atzerriratzea ez da txarra, berez. Arazoa, askotan, itzultzeko aukera gutxi izatean datza. Horretan bat datoz Urteaga, Elorza eta Anda, baita beraien esperientzia pertsonala kontatu diguten bi gazte euskaldunak ere. Jon Ugarte (Markina-Xemein, 1985) eta Txaber Traspaderne (Bilbo, 1989) ez dira damutzen atzerrira joan izanaz. Mondragon Unibertsitatean Diseinu Industrial eta Produktu Garapenerako Ingeniaritza Gradua bukatuta, Euskal Herrian urtebetez lan bila aritu zen Traspaderne. Ahaleginak antzuak izan ziren, ordea, eta irtenbide bakarra atzerrira joatea zela ondorioztatu zuen. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Global Training beketarako izena eman zuen bilbotar gazteak. Zortea lagun, beka eskuratu eta horri esker Munichen egon da hamar hilabetez, gurpil-aulki kontzeptu berri baten diseinua garatzen bertako enpresa batean. Euskal Herrira itzuli berritan, positibotzat jo du esperientzia, eta beka bati esker pausoa eman ahal izateak gauzak asko erraztu dizkiola ziurtatu du: «Beka batek, osasun eta bidai aseguruaz gain, epe baterako hileroko diru laguntza bat bermatzen dizu. Gainera, enpresa eta garatu beharreko proiektua aurretik lotuta joaten zara, eta horrek dena errazten du». Hala ere, beka bukatuta, bertan geratzeko izan dituen zailtasunak aipatu ditu: «Beka bukatu zenean beste lau hilabete eman nituen lan bila, baina ez nuen ezer topatu, aleman maila altua, esperientzia handia eta espezializazioa eskatzen baitute toki gehienetan. Atzerrian nire arloan lan egiteko aukera gehiago daude, baina horrek ez du esan nahi askoz errazagoa denik lana lortzea. Jende asko dago sektorean lan bila eta lehia oso handia da», kontatu du. Hiria asko gustatu zaion arren, Munich «oso bizi maila altuko» hiria dela nabarmendu du. «Bertako langabezia tasa baxuak hiritarren bizimoduan duen eragina bistakoa da eta, ondorioz, hiri garestia ere bada.

Ekonomikoki justu ibiltzeak ere nire bertako bizimodua mugatu duela uste dut». Bertan aurkitu dituen euskaldunez galdetuta, jende andana aurkitu duela dio. «Badira epe laburrean Euskal Herrira itzultzeko asmoa eta gogoa daukatenak, baina gehienek zaila ikusten dute han lortutako lan eta bizi baldintzak Euskal Herrian lortzea». Etxera heldu berritan, ikasketak berrartu ditu Traspadernek, nahiz eta ahal bezain laster lanean hasi nahiko lukeen. «Berriro atzerrira joan behar badut, hemen aukerarik azaltzen ez delako izango da».


Jon Ugarte markiñarra

Egun atzerrian lanean diharduten milaka gazte euskaldunetako bat da Jon Ugarte. Honek, ordea, itzulera epea zehaztu gabe dauka oraindik. 2012ko otsailaz geroztik Ingalaterran bizi da markinarra. Egun, Basingstoke izeneko herria du bizileku, Ingalaterra hegoaldean, eta bertatik gertu dagoen enpresa bateko laborategian ari da lanean. Hala ere, oso bestelako zereginetan abiatu zuen bere ibilia, gaur egun milaka gazte atzerritar hartzen dituen herrialde honetan. «Unibertsitatean Kimika ikasketak amaitu ostean, urtebetez bekadun moduan lan egin nuen Euskal Herrian. Beka bukatu zitzaidanean, lan bila hasi eta leku guztietan ingeles maila altua eskatzen zutela konturatu nintzen. Hori ikusita, hizkuntza hobetzeko aukera onena Ingalaterrara etortzea zela erabaki nuen». Hala, lan faltak eta ingelesa hobetzeko premiak Ingalaterra iparraldeko Cumbria herriko hotel batera ekarri zuten Ugarte. Agentzia bati esker, sukaldari laguntzaile moduan lanean aritzeko aukera izan zuen bertan. «Hamaika hilabetez hotelean lan egin eta ingelesarekin gusturago sentitu nintzenean, nire ikasketekin loturiko zerbaiten bila hasi nintzen. Hilabete pasatxo egon nintzen curriculumak bidaltzen, orain dudan lana lortu nuen arte», kontatu du. Egun, etxetik gertu duen enpresa bateko laborategian ari da lanean, motor desberdinetan erabiltzen diren olioen kalitatea aztertzen. Amestutako lana ez den arren, ezin dela kexatu dio. Gustura dago eta lagun taldetxoa ere egin du, baina hasieran momentu txarrak pasatu zituela onartu du. «Hizkuntza menperatzea ez zait erraza egin eta traba ugari eman dizkit horrek. Baina hasierako bakardade sentimendua izan zen niretzako gogorrena».

Zailtasunak zailtasun, bi urte eta erdi daramatza dagoeneko etxetik kanpo Ugartek. Euskal Herrira itzultzeko gogoa du, baina une egokiaren esperoan da: «Noizean behin bidaltzen ditut curriculumak Euskal Herrira. Kasu gehienetan ez dut erantzunik jasotzen eta horrek etsipen puntu bat eragiten dit, baina ez dut esperantzarik galtzen. Espero dut hemen bizitzen ari naizen esperientzia lagungarri izango zaidala etorkizunean. Bitartean, esperientziaz gozatzen jarraituko dut».

Itzultzeko zailtasunak

Bistan denez, Euskal Herrira itzultzeko aukera zail ikusten dute atzerrian dauden gazte askok. Hala ere, oso bestelakoak dira gizartean zabaltzen diren mezuak. Europar Batasunak oraintsu burututako ikerketa baten esanetan, Eramus programetan parte hartu dutenek edo inoiz atzerrian lan egin duten gazteek etorkizunean lan hobeak izateko edo beraien enpresa propioak sortzeko aukera gehiago izaten omen dituzte. Baieztapen honen aurrean zalantzak ditu Urteagak, instituzio, enpresa eta komunikabideek plazaratzen duten diskurtsoa «kontraesankorra» dela uste baitu. «Alde batetik, atzerrira joateak onurak besterik ez dituela diote, baina, bistan denez, atzerrian egon diren gazteek arazo handiak dituzte Euskal Herrira itzuli eta bertan garapen profesional duin bat izateko. Atzerrira joateak zentzua izan behar luke kanpoan lortutako lan-esperientzia baloratzen den neurrian eta itzultzeko aukera eskaintzen bazaie joaten direnei», gaineratu du.

Ekintzaile izateko eta negozio propioak martxan jartzeko gonbitak ere inoiz baino gehiago entzuten dira. Urteagaren iritziz, auto-enplegua ezin da aterabidea izan «arrisku guztiak gazteek hartzen dituztelako eta administrazio publiko edo enpresak beraien ardurak ez hartzeko modu bat delako». Alternatiba honek dakartzan zailtasunak nabarmendu ditu, bestalde, Elorzak. «Gaur egun garatzen ari den diskurtsoaren arazo nagusia ekintzailetzaren irudi idiliko bat zabaltzen duela da. Ez da kontuan hartzen gazte gehienen egoera ez dela aproposena aukera horri ekiteko eta, asko arriskatuz gero, dena gal dezakegula». Pauso bat harago jo du Andak gai honen inguruan. Egungo instituzioetatik zabaltzen diren mezuak eta bideratzen diren laguntzak «kezko aterabideak» dira, bere iritziz, funtsik gabeak. «Proiektu propioek, arrakasta izateko, izaera kolektiboa eta solidarioa izan behar dute, eta bestelako balio batzuen gainean eraikiak behar dute izan», ohartarazi du Ernaiko bozeramaileak.

Jende prestatua dute enpresek ate joka. Are gehiago, prestatuegia sarri. Oraintsu kaleratu zen ikerketa baten arabera, lanean ari diren hamar gaztetik sei gehiegizko prestakuntza dute beraien lanpostuetarako. Urteagak bi arazo identifikatzen ditu hemen. «Bata, gazteen formakuntzaren eta enpresen beharren ezegokitasuna eta, bestea, gazteek betetzen dituzten lanpostuak ez datozela bat beraien ikasketa mailarekin». Horrek bi erantzun desberdin eskatzen ditu, bere hitzetan. «Batetik, unibertsitateek, enpresek eta erakundeek elkarrekin lan egin beharko lukete jakiteko zein diren etorkizunean lan munduak edukiko dituen beharrak. Bestetik, enpresek merkaturatzen dituzten produktu eta zerbitzuek kalitate eta berrikuntza maila handiagoa eduki beharko lukete, horrek langile prestatuak eskatzen dituelarik. Zentzu horretan, gazteak formatuegiak daudela esan ordez, produktu eta zerbitzuen maila igoko litzateke, ondo ordaindutako, egonkorrak diren eta lekuz aldatu ezin diren lanpostuak sortuz».

Egun, datuek diotenez, Euskal Herriko unibertsitate tituludun gazteen kopurua handiagoa da Europako beste herrialde gehienekin alderatuta. Honek eskari eta eskaintzaren arteko desoreka sortzeaz gain, «konpetentzia eta lehia» areagotzen ditu, Andaren iritziz. «Argi dago honek enpresariei baino ez diela mesede egiten, langileen arteko lehiak eskubideen eta lan baldintzen murriztea dakarrelako». Elorzak, bestalde, argi dauka gizarteari dagokiola zer nolako hezkuntza eredua nahi duen erabakitzea: «Enpresek lan-esku merkea eskatzen badute, hezkuntza sistema moldatuko dugu hori betetzeko? edo hezkuntzaren helburua beste bat izan behar da? Gainkualifikatuta dagoen jendeari hezkuntza maila baxuagoa eskaintzeak ezer hobetuko ote luke?», galdetu dio bere buruari. Hala, «enpresen eskarira egokitzea baino helburu handiagoak» izan behar ditu hezkuntzak, Elorzaren ustez, «norbere eskubideez jabetuta dauden pertsona kritikoak formatzea, kasu».

Frustrazioaren ondorioak

Gaur egun gurean gertatzen dena zentzugabea da, Urteagaren iritziz. «Administrazio publikoek, familiek eta gazteek izugarrizko ahalegina eta inbertsioa egiten dute belaunaldi berriak formatzen. Kontua da, behin hezita eta lanerako prest daudenean, gazteei ez zaiela beren ezagutza erakusteko aukerarik ematen beren sorlekuan. Bitartean, beste herrialde batzuk, Alemania adibidez, EHUra datoz bertan beraien merkatua egitera eta behar dituzten gazte heziak kontratatzera», salatu du. Egoera honen aurrean, frustazioak irentsi du gazte bat baino gehiago. Areago, Urteagak dioenez, «engainatuta» ere sentitzen dira asko. «1970eko hamarkadako krisia gertatu aurretik, Europa osoan isilpeko-itun bat zegoen belaunaldien artean. Gazteei ondorengoa esaten zitzaien: ‘Ikasten baduzu eta nota onak ateratzen badituzu, lehenik eskolan eta ondoren unibertsitatean, gustuko lanpostu bat eskuratuko duzu, egonkortasun eta soldata onarekin’. Arazoa da isilpeko-itun hori hautsi egin dela. Gazteek beraien eginbeharrak bete dituzte, baina gizarteak ez du bere hitza bete».

Gizartean nagusi den frustrazioak ondorio arriskutsuak ekar ditzakeela uste duenik ere bada. Elorzak dioenez, ondorio horietako batzuk nozitzen hasiak gara dagoeneko. «Krisi garaietan, lan eskasia dagoenean, arrazakeria edo xenofobia jarrerek indarra hartzen dute. ‘Etorkinek lana kentzen digute’ edo ‘etorkinek diru laguntza guztiak eramaten dituzte’ bezalako diskurtsoak, gezurra izanda ere, errazago zabaltzen dira, erraza baita botere gutxien duten kolektiboei errua botatzea. Diskurtso hau oso arriskutsua bihurtzen da honek oihartzun politikoa duenean», ohartarazi du. Andaren iritziz, elkarbizitza eta elkartasunaren gainetik lehiakortasuna eta bestelako jarrera indibidualistak nagusitzen ari dira nabarmen. «Gainera, elkarbizitza hori ahalbidetu beharko luketen hainbat kargudun publikok, Gasteizko alkateak kasu, jarrera horien aldeko kanpainak jartzen dituzte martxan, gure arteko lehia pizteko eta benetako etsaia nor den ezkutatzeko. Ez dute nahi ikusterik sistema bera dela, gutxi batzuei mesede egiteko, besteak gero eta zapalduago izatera kondenatzen gaituena», kritikatu du Andak.

Enrike Zuazua Matematikan katedraduna eta Ikerbasqueko Ikerkuntza irakaslea da. Bere iritziz, gazteen emigrazioarekin, oso gutxitan aipatzen den «tragedia» bat gertatzen ari da euskararen eta euskal kulturaren baitan. «Gaur egun mundua euskaldunez beteta dago. Aztarna handia uzten ari gara munduan, baina etxea husten ari zaigu», dio. Gurea bezalako herri txikientzat errealitate hau «arriskutsua» izan daitekeela uste du Zuazuak. «Ahaztu egiten zaigu orain atzerrira bidaltzen ari garen belaunaldia dela euskaraz alfabetaturik dagoena; gazte belaunaldi hori da euskara bermatzeko lekukoaren jabe dena, eta orain badoana; horietako asko ez itzultzeko gainera. Aldiz, prestakuntza gutxieneko jendea geratzen da gure herrietan, horietako asko etorkinak eta, agian, euskara inoiz ikasiko ez dutenak. Nire herrian, Eibarren, ikusten dut fenomeno hau eta benetan kezkatzen nau. Izan ere, benetako arazoa dugu hor etorkizunera begira».

Hala ere, ondorio kolektiboei garrantzia kendu gabe, egoera zail honek egunerokoan sortzen dituen muga eta oztopoak dira gazteen buruko min nagusia une honetan. Izan ere, Urteagak dioen legez, lan munduan txertatzeko arazoak edukitzeak ondorengo ibilbidea baldintzatzen du erabat, bereziki gazteentzat. «Lanik eduki ezean, gazteei zaila zaie gurasoen etxetik irtetea, bikotearekin bizitzea edo seme-alabak izatea. Egoera honek etorkizunaren ikuspegia zapuztu die askori, gazteek gero eta ezintasun gehiago dauzkatelako bizi-egitasmo bat aurrera eramateko. Honek, era berean, bestelako ondorioak dakarzkio gizarteari, zerga eta kotizazio gutxiago ordaintzen dituen gero eta jende gehiago dagoelako gizartean, eta horrek ongizate estatuaren jasangarritasuna kolokan jartzen du».

Krisi ekonomikoaren aitzakian, gazteak baztertu egin direla salatu nahi izan du Elorzak. «Azken urteetan onartu diren lan erreformek, kontratu prekarioek eta gazteon inguruan zabaltzen den irudi txarrak (nini-ak garela, egun osoa sofan ematen dugula, ekintzaileak ez garela, etab.) argi utzi du ez dagoela gazteontzako lekurik edo bigarren mailan gaudela. Baina ez dute kontuan hartu gazteak baztertzen dituen gizarte bat bere etorkizuna kolokan jartzen ari dela». Bukatzeko, «atzerrira joaten den gazte bakoitza galera bat» dela esan du Andak. «Espero dugu gazteak Euskal Herrian gelditu ahal izatea, baina horretarako hemen ikasi, bizi eta lan egiteko eskubidearen alde borrokatzea ezinbestekoa izango da». «Arazo estruktural eta sakon» batean aurrean gaudela bat datoz guztiak. Horrenbestez, konponbidea ere «modu kolektiboan eta eraldaketan oinarrituta» etorri beharko dela uste dute.