Idoia ERASO
URRUÑA

«Fakiu», bortizkeriaren gaineko gogoeta piztu nahi duen antzezlana

Atx Teatroaren «Fakiu» lanak bortizkeriaren gaiak sortzen dituen kontraesanak bildu eta publikoa iritzia ematera bultzatzen du. Ipar Euskal Herriko antzokietan barna ibiliko da heldu den hilabeteetan.

«Ez da ohiko teatroa, proposamen estetikoa da eta aktoreen fisikotasunak diferente egiten dute», azaldu zuen obraren sortzaile eta zuzendari Iñaki Ziarrustak. Baina ez da hori soilik, gaiak gizakiaren alde ilunetan murgiltzera ere eramaten du ikuslea, bereziki «oraingo bortizkerian, askotarikoan».

Indarkeriaren gaiari loturik formatu berezia ere sortu dute, non ikusleek obraren bukaera hautatzen ahal duten. Sarreran jasotzen den programan agertzen diren koloreekin bukaerak bortizkeriaren aldetik joko duen edo ez aukeratuko du. Orain arte egindako emanaldietan bortizkeriaren aldeko amaiera hautatu dute beti. «Ai kabroiak hemen gorria eta kanpoan berdea», baieztatu zuen Ziarrustak gizartearen hipokrisia agerian utziz.

Hala ere, obrak berak hautaketa horretara bideratzen duela onartu zuen sortzaileak: «Gaiztoa oso gaiztoa da, eta zapaldua oso zapaldua». Gaineratu zuenez, etsipenetik irtendako ideia da; «ikusita zenbat biolentzia pairatu behar dugun, eta ez garela kalera ateratzen. Erantzun bat eman behar nion».

Gaia lantzeko asmoz Ziarrusta Fredi Paiarekin harremanetan jarri zen eta elkarlanean aritu dira. Taula gainera eramateko Belen Cruz, Sandra Fernandez Agirre eta Gabriel Ocina aktoreekin ari da lanean.

Ibilki

Euskal Kultur Erakundeak eta Iparraldeko hainbat erakundek sortutako Ibilki programaren bitartez ariko da konpainia bizkaitarra Lapurdi eta Nafarroa Behereko geletan. Euskarazko antzerkiaren hedapenerako sare baten sortzea xede duen programa honi esker Senperen izanen da otsailaren 17an, Izturitzen 18an eta Bidarten maiatzaren 12an. Hendaia eta Donibane Garazin ere eginen dira emanaldiak. Bitartean, martxoan Gernikan ere izanen da, eta apirilean Barakaldon eta Donostian.