Arantxa MANTEROLA
DONIBANE LOHIZUNE

Hego Lapurdiko ur kudeaketa publikoa aldarrikatu du EH Baik

Hirigunean erabaki «arduragabea eta zentzuz kontrakoa» hartzera doaz uraren hornikuntza eta saneamenduari dagokionez. Hala uste du EH Baik, batetik kudeaketak «publikoa» izan behar lukeelako eta, bestetik, Elkargo bakarraren perspektiba alboratzen delako.

Hamabi herri biltzen dituen Hego Lapurdi Hiriguneak gaur erabakiko du uraren hornikuntza eta sarearen saneamendua nola eta nork kudeatuko duen datozen 10-12 urteotan. Horren harira, Peio Etxeberri-Aintziart, Paxkal Lafitte, Iker Elizalde eta Filipe Aramendi EH Baiko zinegotziek atzo, Donibane Lohizunen, argi salatu zuten itxura guztien arabera hobetsiko den formula, «arduragabea eta zentzuz kontrakoa» deritzotelako.

Alde batetik, urtarrilean bere ibilbidea hasiko duen Elkargo bakarraren perspektiba alboratzen duelako. «Egungo kontratuen luzamenduen bidez, Elkargo berriak eskuduntza hori abian jartzeraino (bizpahiru urte) itxarotea litzateke egokiena, era horretan, euskal lurralde osoan zerbitzu bateratua izango litzatekeelako, eta, kontrataren bidez egitekotan, enpresekin negoziatzeko orduan 158 herrien izenean aritzeak indar gehiago duelako», esan zuen Aintziartek.

Bestetik, «ura denon lehengaia denez, kudeaketa publikoa izatea hobesten dugulako», gaineratu zuen Lafittek. Hain zuzen, sistema (pribatua, publikoa, mistoa) aukeratu aitzin azterketa egin berri du Sogite enpresak Hego Lapurdi Hirigunearen enkarguz. «Bertan argi geratu da uraren tratamenduaren kostua bertsua dela hiru kasutan eta, baita ere hiriguneak jada dituen langileak oso prestatuak daudela eginkizun horretarako», azaldu zuen Elizaldek.

Ez da lanposturik galduko

Lanpostuei dagokienez, «zerbitzua publiko bilakatuz ez litzateke enplegua galduko», azaldu zuen Aramendik: «Enpresa pribatuetan (Lyonnaisse des Eaux eta Agur, batik bat) dabiltzanak langile publiko bihurtuko lirateke eta ez zen lanpostu galerarik izango batzuek argudiatzen duten bezala».

Sare publikoaren alde egiten du, beraz, EH Baik, «bitartekoak batuz, udalerriei eta kontsumitzaileei prezio bidezkoena bermatzeaz gain, sarearen mantenuan gehiago inbertitzea ahalbidetuko lukeelako». Hala, gaur alkateen proposamenaren kontra bozkatuko dute, saneamendua Semop baten esku (%51 enpresa pribatua eta %49 publikoa) uztera doazelako eta hornikuntza, berriz, bi kontrata pribatuen gain utziko dutelako.