Ariane KAMIO
DONOSTIA

Esna jarraitzen du lehoiak

«Esna» du Esne Beltzak bere lanik berriena. Digipack bikoitza bada ere, lehen zatia soilik argitaratuko da orain. Bigarrena, 2016ko maiatzean irtengo da salmentara. Ohiko dituen estiloak ez ditu talde hernaniarrak proiektu berrian alboratu, baina bada inoiz urratu ez duten bidean egindako lanik ere. Aitzineko zatiaren estreineko singlea da «Sueños de color», ibilbide osoan egin duten lehenengo runba. Abenduaren 11n plazaratuko dute; lehenago Durangon.

Iaz hasi zen Xabier Solano abenduaren 11n salmentara aterako den proiektuari forma ematen. Zigor DZrekin Goizuetan egindako egonaldi batean aireratu zuen prestatuak zituen kantu zerrenda eta ariketa berbera errepikatu zuen hilabete batzuk beranduago Leitzan. Abesti pila hartatik 15 kantu hautatu ziren eta, azken galbaheak zazpi pistatan utzi zuen proiektua. Orotara zortzi dira “Esna” diskoko lehen partean argitaratuko direnak. Izan ere, digipack bikoitza izan arren, abenduaren 11tik aurrera lehenengo diskoa soilik plazaratuko da. Bigarrena, 2016ko maiatzerako espero da. Zigor DZren aburuz, arrazoiak baditu taldeak horretarako. Udako kontzertu eskergak asko baldintzatzen du disko baterako lana –«errazagoa da 8 kantutako CDa egitea 14koa baino– eta proiektua bitan banatzeak urte osoan sareetan eguneratua egotea bermatuko die.

Atzo aurkeztu zuten taldekideek hedabideen aurrean “Esna” lan berria eta, aurreratu zutenez, berrikuntzak bigarren diskorako utzi dituzte. Beraz, esan daiteke gehienbat orain artekoari eusten diola lehenengo ale honek. Nolanahi ere, oraindik urratu gabeko bideetan ere aritu dira taldekideak. “Sueños de color” singlea da horren erakusle. El Canijo de Jerez eta La Pegatinako Rubenekin elkarlanean sortutako kantua taldeak egin duen lehen runba da.

Erritmo eta estiloen nahasketari eta sormen askatasunari bide ematen jarraitzen du taldeak bosgarrena duen lan berrian. Kuarteto estiloan –Argentinan bereziki erabilia– babes hartu dute, reggaearekin dituzten loturak mantentzen dituzte, “Gazta zati bat” dokumentalerako osatu zuten “Adiherria” bertsio akustikoan txertatu dute, cumbiari leku egin diote eta sustraiei lotuta jarraitzen dute era berean, porrusalda baten bidez. Kolaborazioak ere izan dituzte bide horretan; Green Valley taldeko Ander, Zoo valentziarreko kide den Panxo, Cristina Solano, El Canijo de Jerez eta La Pegatinako Ruben.

Esnatu

Jon Garmendia Txuria–ren unibertso poetikoak askatasunez lan egin du kasu honetan ere Esne Beltzako letren sormenean. Freskotasuna darien osaketak dira, Piniren hitzetan, proiektu honi erantsi zaizkion letrak, estudioan bertan landu baitziren haietako asko. «Disko introspektiboa» da bere aburuz “Esna”, «sakoneko begirada bat munduari». Hartara, taldeak dituen kezkak kantuetan txertatu dira oraingoan, Euskal Herria ardatz hartuta. Deserria, agurra... Proposamen indartsu eta ausartak, askotan apaindurarik gabe ondutakoak.

Diskoaren izenburuak berak ere badu esanahirik. «Gure ametsik goxoenak esna egiten ditugu», adierazi zuen Solanok. Azken urteetan taldeak bizi izan dituen aldaketez mintzatu zen zentzu horretan. Kide batzuek taldea utzi dute, eta Esne Beltzak «bidegurutzeak» aurkitu izan ditu azken denboran. Zentzu horretan, taldea esnatu egin dela iritzi dio.

Amaia Apaolazaren heriotzak ere izan du eraginik haiengan, manager aldaketa izan baitute. Akeitako ordezkariari omenaldia ere egin diote disko honetan; “Juntu” kantua da horren adibide.

Aldaketa horrek beste hainbat ere ekarri ditu, eta diseinuan antzeman daiteke halakorik. Zuri beltzeko izaera izatetik Esne Beltza koloretsu bat aurkezten da kasu honetan. Lehoi baten irudia izango du bi azaletan disko bikoitzak. Reggaearen erreferentzia den lehoia, baina taldekideen jatorri eta estilo propio desberdinei keinu egiten dien kolore nahasketa uztartuz. Lehenengo diskoa abenduaren 11n aterako da salmentara, baina lehenago eskuragarri egingo da Durangoko Azokan.