Idoia ERASO
BAIONA

Euskararen ofizialtasunaren eta herri elkargoaren aldeko manifestazioa Baionan

Euskal Konfederazioak eta Batera plataformak manifestaziora deitu dute urriaren 24an Baionan. Euskararen ofizialtasunaren eta Ipar Euskal Herrirako erakunde bakarraren aldeko martxa izanen da. Erakundetze prozesuari begira kanpaina abiatu du Baterak.

“Estatus bat gure lurraldearentzat, estatus bat gure hizkuntzarentzat” leloarekin abiatuko da manifestazioa Baionan, eta Estatuan hizkuntza gutxituak dituzten eskualdeetako hiriburuetan. Euskal gizarteko egungo egoera eta eskaerei egokitua da leloa «aldaketa nagusien bezperan». Zentzu horretan, euskararen ofizialtasuna eta euskal elkargo bat eskatuko da.

Zazpigarren Deiadar manifestazioa izanen da urrikoa, eta 2016an gauzatuko den Ipar Euskal Herriko erakundetze prozesuaren baitan kokatzen da. Jakes Bortayrouk lurralde osoa bilduko lukeen erakunde bakarraren aldeko kanpainaren hitzordu garrantzitsua izanen dela nabarmendu zuen. Plataformak sozializazio eta mobilizazio etapa abiatu zuen atzo.

Erabakira eramango duen kontsulta fasea hasiko da urrian, eta gizartearekin batera 158 udaletako herri kontseilariei ere informazio helarazi nahi die Baterak. Nicolas Blainek 2016ko apiril eta maiatza artean «panorama aldatuko» dela nabarmendu zuen. Erakunde propioa lortu ahal izateko bidegurutze honetan baldintzak hoberenak izateko giro baikorra lortu behar dela gaineratu zuen.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa elkartuko lituzkeen erakunde horrek hizkuntza politika garatzeko aukera gehiago izanen lituzkeela azpimarratu zuen Konfederazioko Sebastien Castetek. Urrian sinatuko den Lurralde Kontratuan «dirudienez» euskararen aldeko politika garatzeko proposamenak izan duen harrera eskasa jarri zuen adibidetzat. «Hizkuntza politika Ipar Euskal Herri mailan deliberatu behar da» gaineratu zuen.

Bateraren kanpaina manifestaziotik harago doa, horretarako lurralde osora heltzeko sarea antolatu dute. Gizartean informazioa hedatzeko xedearekin herrietako taldeetan parte hartzera deitu zuten. Kanpainak ekartzen dituen gastuei aurre egiteko ekarpen ekonomikoa ere eskatu zuten, Batera.info webgunean edo postaz helaraz daiteke.