Amalur ARTOLA
LEKEITIO

Lekeitioko herriak eta Kukaik «Kukaikaxa»-n sartu dituzte tradizioa eta modernitatea

Lekeitioko kale antzerki jaialdiaren 26. ediziorako propio sortutako ikuskizuna izango da «Kukaikaxa». Lekeitioko hainbat herritar eta Kukai dantza konpainia atzo hasi ziren sorkuntza lanean eta, hamar egunez tradiziozko dantzak gaur egunera ekartzeko lan egin ostean, hilaren 9an hasi eta 12an amaituko den jaialdian estreinatuko dute ikuskizuna.

Bere hastapenetik, berritasunaren bidea urratuko zuela iragarri zuen Lekeitioko kale antzerki jaialdiak, eta hilaren 9tik 12ra bitartean ospatuko den 26. edizioak ere berritasuna izango du bidelagun. Nagusiki, aurtengoa hiru berrikuntzarekin datorrela nabarmendu du jaialdiaren zuzendari artistiko Imanol Agirrek. Batetik, hamabigarren produkzio propioa estreinatuko dute, bigarrenik Arropaineko Arragua esperimentaziorako gunearekin elkarlana abiatuko dute, eta, azkenik, jaialdiak espazio berria irabaziko du: Abaroako parkea.

Produkzio propioko lana Kukai dantza konpainiaren eta Lekeitioko herriaren elkarlanaren ondotik sortuko da. Atzo hasi eta hamar egunez, herri bizkaitarreko tradiziozko karraxanka dantzarekin eta emakumeen aurreskuarekin esperimentatu eta, “Kukaikaxa” izenpean, ikuskizuna uztailaren 11n aurkeztuko dute: «Tradizioa berritu eta dantza garaikideko ikuskizun bat egingo dutelako da garrantzitsua, baina, betiere, tradiziotik abiatuta. Kukaik orain arte egin duen ibilbidetik joango da sorkuntza hau ere; tradizioa XXI. mendera ekarrita», iragarri du Agirrek. Bestalde, herriaren parte hartzea ere nabarmendu du jaialdiko zuzendari artistikoak: guztira herriko 25 neska dantzarik, hainbat musikarik eta herritarrek hartuko dute parte. «Herritarren parte hartzeak garrantzia izango du prozesu guztian», ziurtatu du.

Ikuskizuna Talan hasi eta plazan amaituko da eta, «Lekeition bezala beste inon» emango ez bada ere, estreinaldiaren ostean ikuskizunak izango du segidarik, Agirrek iragarri duenez: «Lekeitiarrak Errenteriara joango dira, Kukairen herrira, eta bigarren emanaldi bat eskainiko da. Emanaldi oso bereziak izango dira, herriko jendeak parte hartzen duelako eta tradiziotik hasita tradiziora itzultzen delako, kalera, herriko jendearekin».

Jaialdiari berritasuna ekarriko dio ere urte hasieran Lekeition sortutako Arropaineko Arragua esperimentaziorako espazioarekin abiatutako elkarlanak. «Jaialdiak bat egin du haiekin eta esperimentazioaren eta parte hartzearen bidetik sortutako lau emanaldi antolatu dira bertan», azaldu du Agirrek. Antonio Remachado, Turukutupa, Archipiel eta Izaskun Lapazak eskainiko dituzte.

Hirugarren berrikuntzak espazioa du ardatz. «26 urte hauetan kale antzerkiak hartu du itsasoa, hondartza, zerua, plazak, kaleak... eta aurten leku berri bat hartuko dugu: Abaroako parkea». Lekeitioko erdigunean dagoen komentu izandako eraikina aurten ireki zaio publikoari eta, bertako parkean, Italia eta Poloniatik datozen clownek eskainiko dituzte ikuskizunak.

Su txinpartak

Jaialdian estreinatuko da baita ere Lekeitioko Deabru Beltzek Kataluniako Ball de Diables eta Mussols de Sokarrats taldeekin batera sortutako “Foc ta su” su ikuskizuna ere: «Bi zati ditu ikuskizunak. Lehendabizikoan Deabru Beltzak hondartzatik Talara joango dira eta Lekeition landu dituzten su txinpartak aurkeztuko dituzte, eta, bigarren partean, kataluniarrak lekeitiarrek amaitu duten lekutik abiatuko dira plazara, Kataluniako Mediterraneoko tradizioa hartuta lehenengoei erantzuteko». Ikuskizun hau hilaren 11n emango da, 23.00etan hasita.

Gainerakoan, Markeliñe, Zanguango, Barosolo frantziarren zirku ikuskizuna... Agirreren hitzetan, «hori guztia eta gehiago ikusi ahalko da nazioarteko jaialdi berritzaile honetan».