GARA
PARIS

Garitagoitia, Borrero eta Plaza epaituko dituzte gaurtik aurrera Pariseko Auzitegi berezian

Gaur goizetik goiti Pariseko Zigor Auzitegi bereziak Itziar Plaza, Asier Borrero eta Iurgi Garitagoitia euskal presoak epaituko ditu ETAko kide izatea leporatuta. Hirurak 2009ko uztailean atxilotu zituen Jendarmeriak Pauen. Hainbat komunikabidek garai hartan argitaratu zutenaren arabera, polizia espainol batek hirurak jatetxe batetik ateratzerakoan ezagutu, eta jendarmeei abisu eman ostean atzeman zituzten.

Besteren artean, hainbat ibilgailu lapurtzea eta 2006. urtean ehunka arma lapurtzea leporatzen diete. Borrero eta Garitagoitiari Enimie herrian (Lozere) izandako enfrentamenduan parte hartu izana ere egotzi diete. Epaiketak bi aste inguru iraungo duela aurreikusita dago eta ekainaren 4an edo 5ean jakinaraziko da deliberoa. Atxilo hartu zituztenetik ia sei urtera burutuko da epaiketa.

Lerin eta Imaz, Madrilen

Iñaki Lerin eta Iñaki Imaz euskal presoen aurkako epaiketa hasi zen atzo Auzitegi Nazional espainolean. 2007an ETAko Urederra komandoko kide izatea leporatuta, 8 urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak.

Imaz Baionan atxilotu zuten 2012an eta Lerin Londresen urte berean. 2013an, Espainiaratu zuten. Presoen eskubideen alde mobilizazioak izan ziren atzo. Iurretan 36 lagun batu ziren; Zaldibian, 22; Iruñean, PPko egoitzaren aurrean, 83; Astrabuduan, 20; Astigarragan, 22; Ataunen, 22; Ondarroan, 60; Laudion, 58; Otxarkoagan, 19; Bermeon, 20; Sopelan, 20.