Xabier Izaga
AMETSEN LIBURUA

Askatasun ametsak, memoriaren kutxa

Askatasunik gabe bizi direnek ere amets egiten dute. Horiek batez ere. Haien eta egoera horretan bizi izan diren beste hainbaten gogoetak, desioak, itxaropenak bildu ditu “Ametsen liburua”-k. Mende erdia baino gehiagoko askatasun ametsak, zenbait artistak ere irudikatuak.

Zer dute amets presoek, erbesteratuek, deportatuek? Horra galdera. Besteak beste euskal presoen ametsak izan zituen hizpide “Ametsen liburua”-ren koordinatzaile Jokin Urainek “Ez dago etxean” liburuan (Susa, 2010). Orduan, kartzelako euskal literaturaren historia txiki hartan, hainbat lagunen idazlanen bidez. Oraingo honetan, berriz, galdera zuzena egin die ongien, zehazkien erantzun dezaketenei, eta haien erantzunak bildu ditu Asterok argitara emandako lan erraldoi eta ezohiko batean. Kausa politikoak direla-eta erbestean eta espetxean diren edo noizbait izan diren ehunka lagunek adierazi baitituzte beren ametsak, hitzez zein irudiz.

Orain aspaldi ez dela, zenbait alderdi politikok kargu hartu zioten Lakuako Gobernuari ETBn “Barrura begiratzeko leihoak” dokumentala emateagatik. Alderdi horiei onartezina iruditzen zaie presoen ahotsak entzuteko aukera bera. Isilik nahi dituzte. Baina ahots horiek badira, izan ere, eta gutun, bertso, poema, marrazki edo margolanen formapean jaso ditu “Ametsen liburua”-k.

Gizakiak betidanik eta nonahi utzi izan du bere arrastoa, antzina, oso antzina, marraz, margoz eta askotariko zeinuz harpeetan bezala, gaur egun kaleko hormetan, tuneletan edo arkupeetan... eta ziega ainubeetan. Espetxean, hain zuzen, edo erbestean denak jasaten baitu nabarmenen eta lazkien askatasunik eza. Horregatik, leku horiek berebizikoak dira amets egiteko, han bizitzera behartuta dagoenak hautatu gabeko leku eta egoeratik ihes egiteko. Bakan batzuek gorputzez ere lortu izan dute; gehienek, ordea, buruz baino ez, eta grafitiz, bolaluma zein pintzelez utzi izan dute beren ametsen aztarna. Gogoeta, desio, proiektu eta itxaropen horien arrasto hori, amets hori, askatasun aldarria da. “Ametsen liburua”-k, Urainek hitzaurrean dioenez, «airea eta arnasa eman nahi die ahots horiei», isilik nahi dituzten askatasun aldarri horiei.

Hainbat amets, amets bakarra. Maiz eta erruz hitz egin eta idatzi izan dute presoen eta iheslarien gainean, maiz eta erruz haiek esan omen dutenaz, baina oso gutxitan izan da esaten dutena zuzenean entzun edo irakurtzeko aukera. 70eko hamarraldiaren bukaeran, Soriako kartzelan, “Aga” aldizkaria sortu zuten; 80ko hamarraldiaren hasieran, berriz, “Intxaurraga”, Puerto de Santamariako presondegian; urte batzuk geroago, Herrera de la Manchako modulu banatan, “Martxan”, “Kixmi” eta “Halankarri”. Aldizkari horiek, baina, barrura begira eginak ziren, barruan baino ez irakurtzeko artisau lanak. Kanpoan ezezagunak, beraz, harik eta 1989an “Susa” literatur aldizkariak “Itzalpeko ahotsak” izenburuko ale monografikoan haien berri jakinarazi zuen arte. Ale berean, zenbait presoren idazlanak argitaratu zituen. 2002an, “Ataramiñe” literatur koadernoak argitaratzen hasi ziren, urterik urte hainbat presoren idatzi eta irudiak ezagutarazi izan ditu eta horretan segitzen du gaur egun ere. Azkenik, 2010ean, Jokin Urainek kartzelako literaturaren historia txiki bat osatu zuen, arestian aipatutako “Ez dago etxean”, hain zuzen. Saiakera haren hitzaurrearen izenburua Bernat Etxepareren “Jalgi hadi kanpora” bertso ezagunetatik hartua da, eta euskal literatura idatzia ziega batean sortu zela gogorarazten du. Ez zuen esan beharrik izan, ordea, mendeetako ibilbidea egin ondoren, euskal literaturak neurri handi batean gatibu jarraitzen duela. Artean Urain bera zen horren adibide.

Oraingoan, berriz, idazten duten –eta ez soilik beren lanak argitaratzen dituzten– presoen ametsak ez ezik, espetxea eta deserria ezagutu duen edonorenak biltzeari ekin dio. Baina “Ametsen liburua” ez da literatur lana, modu konbentzionalean ez behinik behin. Ez du asmo literariorik, zalantzarik gabe balio literario eta bestelako balio artistikorik falta ez duen arren. Lan honen balio nagusia lekukotasuna da. Hainbat hamarraldi biltzen dituen historia ezkutuaren lekukotasuna, inongo testuliburutan topatuko ez duguna. Asteroko editore Fermin Munarrizen hitzez esanda, memoriaren kutxa.

Ekarpen guztiak lan honetarako propio bidaliak dira, eta askatasun gabetuak beren ahotik mintzo dira, “Ametsen liburuan” ez dago «omen»-ik. Eskuarki entzuten ez diren ahotsak dira, eta ahots zentsuratuen abesbatza erraldoi horrek mende erdia baino gehiagoko memoriaren melodia abesten du, amets baten edergarri. Amets handia baina xumea. Izan ere, egileen mezuak, haien oroitzapenak eta desioak, askotarikoak izan arren, harresiez bestaldeko edonork eskura dituen gauzak edo bizipenak baino ez dira. Mezu positiboa sumatzen da oro har, irudi zakarrik gabe, gorroto edo mendeku hitzik gabe; aitzitik, justizia, herria, elkartasuna, adiskidetasuna, maitasuna, natura... dira nagusi, denak ere askatasun ametsaren osagai. Tristezia zantzurik ere ageri da, jakina, baina betiere bizinahiarekin, beren herriaren etorkizun hobearen parte izateko itxaropenarekin batera.

Balio dokumental itzela. Jokin Urain eta Fermin Munarriz, lanari ekiteko, bi milatik gora lagunekin jarri ziren harremanetan. Haietatik askori asmoaren berri helarazteko edota haien lanak jasotzeko espetxeetako harresi fisiko eta burokratikoak gaindituz, hala nola askoren uzkurtasuna; izan ere, ohikoa izan omen da lehen erantzun gisa galdera hau jasotzea: «nik zer esango dut...?». Denetara, bosten batek parte hartu du obra erraldoian, 426k, hain zuzen. Zenbait lan epez kanpo iritsi izana edo arazo teknikoak direla-eta ez dute jasotako lan guztiak argitaratzerik izan. Emaitza ia mila orrialdeko liburua dela ikusita, erraz ulertzen da egileei beren ekarpena orrialde bakar batera mugatzeko baldintza jartzea.

Ekarpenekin batera, argazki bana ere eskatu zieten. Eskuarki entzuten ez diren ahots horien atzean badago norbait, hezur eta haragizkoa, senideak eta lagunak dituena, barre eta negar egiten duena... Hartara, testu edota irudi bakoitzaren pareko orrialdean egilearen argazkia agertzen da, kartzelan, erbestean edo deportazioan egina, hala ahal izan den kasuetan. Bakarrik edo senide zein lagun taldean. Argazkiok, gainera, liburuaren balio dokumentala areagotu eta urteen joanean biderkatu egingo dute.

Hainbat artistak borobildua. Zer dute amets askatasun gabetuek? Bere buruari galdera hori egin dionak erantzun zehatz eta mamitsua du lan honetan. Eta horrez gainera, 47 artista ezagunek presoen eta erbesteratuen ametsa irudikatzeko egindako lanak, eskuzabal eta emandako epe laburrean bidaliak. Hitza isilarazia izan ez dutenek hitzik gabe irudikatu dituzte askatasun amets horiek, ametsen liburu ederra borobilduz.

“Ametsen liburua”-k 1963tik gaur arteko testigantzak jaso ditu. Urte hartan sartu zuten Kerman Urbizu Larrinagako kartzelan –hainbatek hil aurreko mezua, azken mezua idatzi zuten hartan–, artean Basaurikoa eraiki gabe baitzegoen. Eta gerra ostetik etengabe jarraitu dute euskaldunek kartzeletan eta erbestean amets egiten, belaunaldiz belaunaldi. Batzuetan gurasoak eta seme-alabak aldi berean, liburu honetan ametsak elkartu dituen bezala. Segida hori haustea egia bihurtutako ametsa litzateke.

«Berandu dugu atzera egiteko», dio Munarrizek adar soinuan, baina egindako ahaleginaren eta izandako buruhausteen erakusgarri. Eta halako harrotasuna ezin gorderik.

“Ametsen liburua” Durangoko Azokan izango da salgai eta abenduaren 9an iritsiko da liburu dendetara. Astero argitaletxeko bulegoetan ere eskuragai dago. Dena den, 7K-ko irakurleek gure azken orrialdeko kupoia erabili dezakete kioskoan erreserba egiteko. Eta www.ametsenliburua.info web orrialdean ere eskatu daiteke.