Aritz Arginzoniz eta Aitzol Iriondo 2007an atxilotu zituzten Estatu espainiarrean. Garaian, Estatu frantsesean lapurreta batean parte hartzea leporatu die justizia frantsesak. Hori dela eta, epaituko dituzte abenduaren 18tik 21era Parisko asisetan. Ostegunean epaileak bere erabakia jakitera emanen du. Azpimarratzekoa da Arginzoniz Estatu espainiarrean kondena osorik betetzear dagoela. Otsailean askatu beharko lukete elorriotarra.
Xantiana Cachenaut abokatuak azaldu duenez, Aitzol Iriondo hitza hartu duen lehena izan da. Azken urte hauetako zein gaur egungo testuingurua azaldu dio epaileari. Aritz Arginzonizek, ordea, atxiloketa garaian pairatutako tratu txarrak gogora ekarri ditu.
Estatu frantsesak espainiarrean egindako deklarazioak erabiltzen ditu erabakia hartzeko. Hori dela eta, abokatuak tortura testigantzak egiaztatzeko xedea duen Istanbulgo Protokoloa aplikatzea aldarrikatu du. "Baldintza horietan egindako deklarazioen erabiltzea lotsagarria da, eta salatzeko modukoa iruditzen zait", azpimarratu du abokatuak.
Arratsaldean, terrorismoaren kontrako poliziak hitza hartu du. Abokatuaren galdera bati erantzunez, ETAk borroka armatua berriz hartuko duela pentsatzeko "elementurik ez duela" erran du epailearen aitzinean. "Erantzuna oso baikorra da, guk orain arte defenditu duguna baieztatzen baitu", erantsi du.
Bi euskal presoak Estatu frantsesean kondenatzen badituzte zigorren konfusioaren aukerara joko du Cachenautek. Arginzoniz Estatu espainiarrean preso denez urte horiek kontutan hartuak izan daitezen aldarrikatuko du. Iriondoren kasuan, barne konfusioaren eskakizuna eginen du, Estatu frantsesean kondena ezberdinak dituelako.