Kazeta

Reau-ko presondegia, espetxe birako azken etaparen lehen geldialdia

Paris inguruan dago jada espetxeetako bira. Azken etapako lehen geldialdia Reau-ko presondegian egin dute abenduaren 7an. Vincent Bru diputatuak, Max Brisson senatariak eta Jose Bové parlamentariak osatutako ordezkaritza EPPKko mintzakideak diren Mikel Albisu eta Marixol Iparragirrerekin elkartu da.

Larunbateko manifestazioa ailegatu baino lehen, Paris inguruko kartzeletan gaindi ibiliko da espetxeetako bira. Gaur goizean Reau-ko presondegian lehen geldialdia egin dute. Vincent Bru diputatua, Max Brisson senataria eta José Bové eurodiputatua kartzelara sartu dira zuzendariak harrera egin ondoren. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzakideak diren Mikel Albisu eta Marixol Iparragirrerekin elkartzeko parada izan dute. Bilera ondoren, oso pozik agertu dira eragile politikoak.

Bilera oso emankorra izan dela azpimarratu dute diputatuek. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideek konponbidearen alde urratsak emateko borondatea jakinarazi diete. Helarazi dieten mezua eskerrak emanez hasi dute. "Bake prozesua bururaino hel dadin egiten ari zareten ahaleginagatik", hain zuzen.

Presoak gatazkaren konponbidearen parte izan behar direla erran diete. "Horregatik, gure ustea, zilegi zaigu aldarrikatzea, gatazka gaindituko bada, kaltetu guztiei zor zaien sendabidea eman behar zaiela. Gu bide horretan aurrera joateko beharrezko urratsak egiteko prest gaude", ohartarazi du kolektiboak.

Haatik, gaur egun ere gatazkak kaltetuak eragiten dituela nabarmendu du. Hain zuzen ere, senide eta lagunek jasaten duten presoen kontrako erbesteratze politika eta larriki eri direnen egoera deitoratu du. "Azkenik gure iritziz, Euskal Herrian bake iraunkorra erdietsi eta gatazka ez errepikatzeko modu bakarra gatazkaren muinari heldu eta berau eragin duten arrazoiei heltzea da".

Max Brisson bilkuratik "hunkitua" atera dela aitortu du presondegiaren atarian antolatutako agerraldian. "Bertan errandakoak elkarbizitzarako konfiantza eman dit", ohartarazi du. Halaber, José Bové  eurodiputatuaren aburuz, "ezinezkoa izanen da zinezko bake bat lortzea, euskal presoek jasaten duten egoera larri honetatik ateratzen ez bagara".

Diputatuen mezua entzun ondoren, Reau eta Fleuryko presondegiak lotuko dituen martxa abiatu da 11.30ak aldera. Orotara, hogei kilometroko ibilbidea eginen dute parte hartzaileek abenduaren 7an. Paris inguruko presondegiak lotuko dituen bira larunbatean bukatuko da Parisko mobilizazioarekin bat eginen duelarik.