Maite UBIRIA

Bigarren etxebizitzak agerian utzi nahi ditu Aitzinak

Bigarren etxebizitzak agerian uzteko, kanpaina berri bat abiatu du Aitzinak. Pegatinen bidez, bigarren etxebizitzak edo hutsik dauden bizitokiak identifikatu nahi ditu gazte mugimenduak. Bere aburuz, instituzioek eta bereziki Euskal Elkargoak gaiari buruzko hausnarketa sakon bat burutu beharko lukete.

Herritarrei kanpainan parte hartzeko deia luzatu die Aitzinak.
Herritarrei kanpainan parte hartzeko deia luzatu die Aitzinak.

Aitzinak kanpaina berria jarri du martxan Ipar Euskal Herriak pairatzen duen higiezin arazoa azaleratzeko asmoz. Horretarako postontzietan pegatina bat ezartzea proposatuko du gazte erakundeak, era horretan bigarren etxebizitzak edo hutsik diren bizitokiak agerian uzteko, Garako artikuluak aipatu duenez.

Gazte antolakundeak agiri baten bidez azaldu duenez, edozeinek ahal du parte hartu kanpainan, pegatinak hartuz, postontzietan ezarriz eta handik egun batzuetara etxebizitza horretara berriro bueltatuz, eranskailua oraindik ere han den ala ez baieztatzeko.

Era berean, pegatina aurkituko duen bizilagunak aukera badu, betiere, bizitoki hori hutsik ez bada, pegatina kentzeko. Are, zerbitzu hori eskatzen diote kanpainako sustatzaileek herritarrei. Finean, kanpainak duen helburua "denon artean arazoari tamaina hartzea" baita.

Bizilagunen konplizitatea

Horregatik, frantsesez eta euskaraz idatzitako mezuak berak herritarren konplizitatea xerkatzen du. "Ken nazazu baldin eta gutunontzi hau ez den bigarren etxebizitza edo etxe huts batena", hori da kanpaina honen bidez luzatzen den gonbidapena.

Aitzinak gaineratu duenez, "etxebizitzaren gaia arazo nabarmena da Ipar Euskal Herrian eta hamarkadetan sortutako eztabaidak eta mugimenduak horren lekuko dira". Alta, gazte antolakundearen ustez, higiezinen gaineko espekulazioak sortzen duen egoerari aurre egiteko tenorean "instituzio publikoek oraindik ere ez dute ausardiaz jokatzen". Borondate falta horren adibide litzateke, bere ustez, bigarren etxebizitzen gaineko zerga politika.

Aitzinaren esanetan, botere publikoek eta bereziki Euskal Elkargoak arazoari aurre egin behar diote, eta horri begira "bigarren etxebizitzen eta etxe hutsen inguruko hausnarketa lan sakon bat egin behar da".

Hain zuzen ere, gazteek abiatu duten "azterketa herritar eta parte-hartzaile" hori gogoeta ekimen horren aldeko akuilu lan gisa ulertzen du Aitzinak.