Dominika DAGUERRE

Katalunia: iragana eta oraina

ANALISIA- Eskubide demokratikoa gauzatzeko Kataluniak egindako ibilbidea berrikusi du Dominika Aguerrek. Data esanguratsuenak gogora ekarri eta horiei buruzko azalpenak eskaini ditu.

Kataluniako Gobernuaren aurkako auzibideak salatzeko kontzentrazioa atzo Bartzelonan. (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)
Kataluniako Gobernuaren aurkako auzibideak salatzeko kontzentrazioa atzo Bartzelonan. (Jagoba MANTEROLA | ARGAZKI PRESS)

Historia totelka ari ote da Katalunian ?

1931, 1934, 1936… 2017… 4 urte gako Kataluniaren burujabetzarako bidean eta eskubide demokratikoen baieztapenean. Lau urte gako espainol estatu barneko bizi politikoan ere…

Hona beraz erreperio batzuk, gaurko egoera azken 100 urteko gertakarien ildoan kokatzeko eta jokoan dena argitu nahian.

Lehen Munduko Gerlaren biharamunean, Wilson Estatu Batuetako lehendakariak « populuen autodeterminazio eskubidea » baieztatzen duen bitartean, lehen alderdi independentista sortzen da Katalunian, 19. mendean zehar garatutako katalanismoari eta nazioaren izate politikoaren aldarrikapenari gorputza emanez. Kataluniako bandera agertzen da ere, Kubakoa eredutzat hartuz.

1931an, Francesc Macià buruzagi independentistak Kataluniako errepublika aldarrikatzen du, ERC alderdiak (Esquerra Republicana de Catalunya) herri hauteskundeak irabazi ondoren. Halaber, errepublikanoek hauteskundeak irabazten dituzte espainol estatuko hiri nagusietan, Primo de Riveraren 7 urteko diktaduraren bukaera ekarriz. Errepublika aldarrikatua da estatu osoan (bigarren errepublika; lehenak urte bat pasa baizik ez zuen iraun 1873an).

Katalunia errepublika berrian integratzeko negoziazioen ondorioz, Kataluniako Generalitat sortzen da, bere erakunde propioekin - Governt eta Parlament- F. Maciàs lehendakari, Lluis Companysek ordezkatua hiltzen denean 1933an.

Ondoko urteetan, independentismoa garatuz doa, errepublikanismoarekin uztartua. Antolatzen eta azkartzen den langile mugimenduan, anarkistak nagusitzen dira, CNT sindikatuarekin.

1934: altxamendu orokorra eta greba iraultzailea espainol estatuan, bereziki Katalunian eta Asturietan. Auzitegi nazionalak Parlament-ek bozkatu laborantzari buruzko lege bat ezeztatu ondoren, Lluis Companys Generalitat-eko lehendakariak « Kataluniako estatua » aldarrikatzen du (Espainako Errepublika federaleko Kataluniako estatua). Berehala Madrileko gobernamenduak « setio egoera » jartzen du, Lluys Companys presontegiratua da eta Kataluniako erakundeak kenduak. Ber sortuko dira 1936an, Frente popularreko alderdiek hauteskundeak irabazi ondoren espainol estatuan.

1936: Bartzelonan, Municheko Joko olinpikoak salatzeko olinpiada antifaxistak iragaten diren bitartean, militar buruzagi batzuek, Franco buru, altxatzen dira, otsailean osatu zen Frente popularraren aurka.

Bartzelonan Madrilen bezala, errepublikanoen ezintasunaren aurrean, langileek armak eta boterea hartzen dute eta, Bartzelonan eta Katalunia osoan, kolektibizazioa bultzatzen : laister enpresen % 70a langileen esku izan ziren industrian nahiz merkataritzan. Gauza bera gertatu zen laborantzan, lur jabe handien lurretan.

Hasieran, Generalitat kolektibizazioa kontrolatzen saiatu bazen ere, laister Generalitat alderdi komunista eta PSOErekin aliatu zen, CNT eta POUMek burutu langileen mugimendua zapaltzeko.

37ko maiatzean iraultza soziala aldarrikatzen zuten anarkistak eta beste talde iraultzaileak eliminatuak izan ziren.

1939ko urtarrilean, Francoren tropek Bartzelona eta Katalunia osoa okupatzen dute. Companys - beste 500 mila iheslari bezala - Frantziara erbesteratua da. 1940an Espainaratua eta militar auzitegi batek kondenatua, fusilatua izan da 1940eko urriaren 15ean.

1978an, ordurarte Mexikon deserritua zen Generalitat ber pizten da Katalunian.

2017: erabakitzeko eskubidea ukatua izan zaie kataluniarrei eta lerro hauek idazten direlarik 10 preso dira (2 elkarte independentisten buruzagi eta 8 ministro), beste arduradun batzuk haien auziaren beha; erbesteratuak diren Puigdemont lehendakaria eta 4 ministroen aurka atxilotze agindua plazaratu du espainol estatuko Audientzia nazionalak.

Zaila bada gertakari kate luze horren azterketa egitea, ohar batzuk egin daitezke hasieratik demokrazia eta independentzia nahia uztartuak izan dira Katalunian; demokrazia eta errepublika bestalde.

Azpimarragarria ere, langileen mugimenduaren tokia eta eragina, etengabeko tentsioa "iraultza soziala" eta independentismoaren artean.