Kazeta

Kartzelaz kartzela euskal presoen eskubideen defentsan

Bagoaz, Sare eta Etxeratek antolaturik, euskal presoak dauden Estatu frantseseko kartzelak bisitatuko dituzte azaroaren 16tik abenduaren 9ra. Etapa bakoitzean, elkarretaratze, mintzaldi, bilkura publikoak eta eztabaidak proposatuko ditu eragile zein hautetsiz osaturiko ordezkaritzak.

Mont de Marsanetik abiatu eta Parisen bukatuko da kartzelaz kartzela ibiliko den bira. © Isabelle MIQUELESTORENA
Mont de Marsanetik abiatu eta Parisen bukatuko da kartzelaz kartzela ibiliko den bira. © Isabelle MIQUELESTORENA

Azaroaren 16tik abenduaren 9ra, hots 24 egunez, hogei kartzela bisitatuko dituzte zortzi etapatan. Bagoaz, Sare eta Etxeratek antolaturiko ekimenaren xedea euskal presoek pairatzen duten egoeraren berri ematea da. Euskal Herriko eragile politiko, sindikal zein sozialek osaturiko hautetsien ordezkaritza batek 4.000 kilometro zeharkatuko ditu abenduaren 9an Parisera ailegatzeko.

Lehen geldialdia Mont de Marsanen egitea erabaki dute Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) bertara hurbilduak izan daitezen aldarrikatzen duelako. Ondoren, Tolosaruntz joango dira parte hartzaileak. Arratsaldeko 16.00etarako prentsaurreko bat antolatu dute Lannemezaneko presondegian. Oroitarazi behar da gaur egun sei euskal preso bertan atxilotuak daudela.

Tolosan, azaroaren 17an, hitzordu bat prestatu dute bertako kartzelako administrazioko zuzendariarekin. Arratsaldean, 16.00etarako bilkura publikoa antolatu dute Tolosako zientzia politikoko fakultatean.

Hirugarren etapa Marseillan iraganen da azaroaren 20tik 22ra. Lehen egunean 11.00etan Arleseko presondegiaren aitzinean prentsaurrekoa eskaini ondoren, arratsalderako bilkura publiko bat antolatu dute. Biharamunean, hitzordu bat finkatu dute PACA eskualdeko kartzela zerbitzuen zuzendariarekin zein bertako hautetsiekin.

Azaroaren 23tik 24ra Lyonen ibiliko da Bagoaz, Sare eta Etxeraten bira. Bertan ere kartzela administrazioko zuzendariarekin biltzeko parada izanen du ordezkaritzak. Horrez gain, Giza Eskubideen ligaren egoitzan mintzaldi bat proposatuko du ostiralean.

Rennesera ailegatu aitzin, Potiersen geldialdia eginen dute birako parte hartzaileek. Lau egunez eztabaidak proposatuko dituzte, besteak beste. Seigarren etapan, azaroaren 30etik abenduaren 3ra Rennesen ibiliko dira.

Azken etapa abenduaren 4tik 5era iraganen da Lille eskualdean. Lehen egunean prentsaurreko bat eskainiko dute. Abenduaren 5ean konferentzia eta eztabaida bat prestatu dute, biharamunean Clairveuxeko kartzelatik pasa aitzin.


Honakoak dira ordezkaritza osatzen duten erakunde, eragile eta hautetsiak:

Eragileak
CGT Hopitaux
CFDT Pays Basque
Lab
LDH
Bakegileak-
Bake Bidea
Sare
Etxerat
Bagoaz
CDDHPB
Bizi
Atxik Berrituz
Herriarekin
Sortu
EHBildu
EHBai
Aitzina
Ernai
Euskal preso ohien taldea

Hautetsiak:
- Vincent Bru (Diputatua)
- Josu Juaristi (EH Bilduko eurodiputatua)
- Emilie Dutoya (PSko Kontseilari orokorra)
- Alice leiciagezahar (Berdeetako Kontseilari orokorra)
- Lucien Bedbeder (Hautetsien Biltzarreko lehendakaria)
- Martine Bisauta (Baionako auzapezordea)
- Ainhoa Beola (EAEko EH Bilduko hautetsi).