Kazeta

Puigdemonten aurkako euroagindu bat eta zortzi kontseilari espetxeratuak

Carles Puigdemonten aurkako euroagindu bat eman du Espainiako auzitegi nazionaleko epaileak. Santi Vila salbu, goizean deklaratu duten kontseilari guziak espetxeratzeko agindua eman du ere bai.

 

Puigdemont Belgikan da oraindik. (NAIZ.EUS)
Puigdemont Belgikan da oraindik. (NAIZ.EUS)

Carles Puigdemonten aurkako euroagindu bat eman du Espainiako auzitegi nazionaleko epailea den Carmen Lamelak. Generalitateko lehendakari kargugabetua eta berarekin batera Belgikara joandako Antoni Comin, Meritxell Serret, Lluis Puig, eta Clara Ponsati atxilotzeko agindua luzatu die. Fiskaltzari baikorki erantzun dio beraz epaileak. Aukera hori bazela eta, Belgikako fiskaltzak erran zuen euroagindu bat jasotzerakoan, "legea beteko" zutela.

Goizago, deklaratu zuten kontseilari guziak bermerik gabe espetxeratzeko eskatu zuen fiskaltzak jadanik. Berriz ere eskaera hori bete du epaileak. Kontseilarien artean, Oriol Junqueras, Jordi Turull, Josep Rull, Raul Romeva, Joaquim Forn, Carles Mundo, Dolors Bassa eta Meritxell Borras aurkitzen dira. Berria egunkariaren arabera, Soto del Real kartzelara eramanen lituzkete. Santi Vilak 50.000 euroko berme bat ordaindu du eta aske geratu da. Independentzia aldarrikatu baino lehen demisioa eman zuen berak.

Kataluniako legebiltzarreko burua den Carme Forcadellek aldiz azaroaren 9ra arte itxaron beharko du bere auzialdia. Horrela erabaki zuen goizean Espainiako auzitegi nazionalak. Kontrol justizialpean dago oraingoz.