Kazeta

Puigdemont: "Hauteskundeetako emaitzak errespetatuko ditugu, Gobernu espainiarrak ere bai?"

155. artikulua aplikatuta, abenduaren 21erako Katalunian antolatu dituzten hauteskundeetako emaitzak errespetatuko dituztela erran du Carles Puigdemontek. Generalitateko presidenteak argi utzi du ez direla Belgiraka joan asilo politikoa eskatzera. Epaiketa "justu" baterako bermerik ez dagoen bitartean, bertan geldituko direla iragarri du.

Carles Puigdemont, Bruselasen eskainitako agerraldian.
Carles Puigdemont, Bruselasen eskainitako agerraldian.

Bi egunez itzalean egon ondoren, agerraldi bat eskaini du Bruselatik Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak. Zazpi kontseilarirekin batera, lepoz gainezka zegoen sala batean hitza hartu du. Bruselan zenbat denbora geldituko diren galdegiterakoan, "Estatu espainiarraren erantzunaren araberakoa" izanen direla azaldu du lehendakariak. Kataluniara itzuliko dira epaiketa "justu" baterako bermeak ukanen dituztenean.

Orain arte nabarmendutakoa gogora ekarri du Pugdemontek hitz hartzearen hasieran. Generalitatea beti Gobernu espainiarrarekin hitz egiteko prest agertu dela erran du. Independentzia deklarazioa bertan behera uztea prest zela oroitarazi du. Jarrera horren erantzuna Estatuko prokuradoreak aurkeztutako salaketak izan direla dio. "Matxinada, sedizioa eta diruaren erabilera  okerra" egotzi dienez, bakoitzak 30 urteko kondena arriskatzen duela deitoratu du.

Estatu espainiarraren "defizit demokratikoa" salatzeko, Belgikara joatea erabaki du Puigdemontek. Mariano Rajoyk abenduaren 21erako antolatu dituen hauteskundeak erronka demokratiko bat bezala hartuko dituela erran du. "Ez diegu beldurrik hauteskundeei", gehitu du. Halaber, emaitzak errespetatuko dituztela argi utzi ondoren, Estatu espainiarrari galdera bat pausatu dio: "zuek errespetatuko al dituzue?".

Galderen tartean, argi utzi du ez dela Belgikara joan asilo politikoa eskatzera. "Askatasunez eta segurtasunez" jokatu ahal izateko Europako hiriburura jotzea erabaki dutela aipatu du. Estatu espainiarraren jarreraren aitzinean, Europari zerbait egiteko deia luzatu dio.

Estatuko prokuradoreak aurkeztutako salaketak direla eta, Legebiltzarreko kideak Auzitegi Gorenera deitu dituzte ostegun eta ostiralerako. Ikertu gisa deklaratu beharko dute, hain zuzen.