Xan Idiart
Entrevista
Jean-Michel Le Boulanger
Bretainia eskualdeko lehendakari ordea kultur arduraduna

Jean-Michel Le Boulanger: "Nortasun idekiak bizi daitezke norberaren berezitasunetan"

Jean-Michel Le Boulanger Bretainia eskualdeko lehendakariordea da. 2010etik goiti kulturaz arduratzen da. “Manifeste pour une France de la diversité” entseguaren egilea da. “Zara” egitasmoaren karietara, mintzaldi bat eskainiko du gaur azaroaren 3an Hendaiako Antoine d'Abbadie entzunaretoan arratsaldeko 7 orenetan.

Bretainiari buruzko hainbat liburu idatzi ditu Jean-Michel Le Boulanger-k © Librairie dialogues.fr
Bretainiari buruzko hainbat liburu idatzi ditu Jean-Michel Le Boulanger-k © Librairie dialogues.fr

Bretoi izatearen sentimendua nola gauzatzen da Bretainian?

Jean-Michel Le Boulanger: Biziki azkarra den sentimendua da. Aldi berean, sentimendu hori munduari idekia zaio. Bretainiako XXI. mendeko musika adibidez, Afrikakoaz josten da. Hori eginez, gure artistek ulertu dute biharko musika egiten ari direla, herrian erroak atxikiz. Nortasuna bortxaz hetsia dela uste ohi du jende gehienak. Ideia hori baliogabetzeko garaia heldu zaigu.

“Manifeste pour une France de la diversité” entseguan erraten duzuna da hain zuzen?

J-M LB: Bai. Sutsuki sinesten baitut eginbehar horretan. Adibide anitzek erakusten dute nortasun azkar bat ukan dezakegula, besteari idekia izaten segituz. Ni ehuneko ehunean bretoia naiz, eta mundua ez dut inolaz ere baztertzen. Aldiz, zenbaitzuen aldetik, frantses nazionalisten aldetik bereziki, nortasun hetsi bat plantan ezartzen da. Nortasun hori idealizatzen dute. Erro bakar bat ikusten dute. Aniztasuna ez dute aintzat hartzen. Frantses eleberri nazionalaren kasua da. Berezitasunak baztertu ohi ditu Estatu frantsesak, bestea mespretxatuz. Horretan oinarritu da Estatu horren iragan koloniala, bere mugen barnean zein kanpoan.

Nortasun frantses alairik ez zitekeela izan kultur aniztasunean zioen Nicolas Sarkozyk. Ideia horrekin ez zatoz bat beraz?

J-M LB: Inondik ere ez. Ni frantsesa naiz. Horrela da. Baina ezin dut onartu nire bretoi izaera baztertu behar dudala. Nire ahaideen hizkuntza ez dut ukatuko. Nire historia da. Nire iragana ezin dut saihestu ustezko amankomuneko etxe batean sartzeko. Bretoia naiz, eta herritar frantsesa. Nire parte bat ez dut ezabatuko frantses izateko. Eta niretzat nahi ez dudana ez dut besteentzat desio. Egoera horretaz gehiegi sufritu dugu dagoeneko. Gerra batekin bukatu da maiz. Mespretxuari kasu egin behar diogu, ondorio lazgarriak ukan baititzake.

Alderantziz, mugimendu independentistek salatzen duzun ikuspegi hertsi hori ba ote dute?

J-M LB: Ez. Independentista izatea eta nortasun hertsiaren arteko loturarik ez dago. Kataluniari dagokionez adibidez, ez naiz aditu bat baina Bartzelona ongi ezagutzen dut familia han baitut, eta erran dezaket zalantzarik gabe herri hori munduari idekia zaiola. Bere hizkuntza eta historia defendatzen ditu baina ez du nehor bazterrean uzten. Nortasun idekiak bizi daitezke norberaren berezitasunetan.

Zure liburuak harrera ona ukan ote du Estatu frantsesean?

J-M LB: Bretainian bai behintzat. Estatu frantseseko gaineratekoari aldiz, oihartzunik ez dut izan. Gero nahiko berria da nire liburua. Prentsari dagokionez aldiz, prentsa paristarrak ez du batere nire lana aipatu. Mediapart-ek baizik ez du zerbait egin. Gero erran behar dut bere zuzendaria den Edwy Plenelek entseguaren hitzaurrea egin didala. Menturaz, nire lana ez da kalitatezkoa, eta horregatik ez dute aipatu beste inon. Hala ere hedabide guziei helarazia izan zaie liburua.