Xan Idiart
Entrevista
Ximun Carrère
Kanaldudeko publikazioaren arduraduna

Ximun Carrère: “Maila bat gainditu du Kanaldudek”

Akitania Berriarekin hitzarmen berri bat izenpetu du Kanaldudek urriaren 23an. Hori esker, urrats bat gehiago egin duela dio kooperatibak. Bere publikazioaren arduraduna den Ximun Carrère hitzarmenaz eta geroaz mintzatu da Kazetarekin.

Kanaldude kate berria 2018ko otsailaren lehenean estreinatuko dute.
Kanaldude kate berria 2018ko otsailaren lehenean estreinatuko dute.

Akitania Berriarekin hitzarmen berri bat izenpetu duzue urriaren 23an. Horren berri eman diezagukezu?

Lehenik eta behin, erran behar da zergatik izenpetu ahal izan dugun hitzarmen hori eskualdearekin. Pasa den udatik landa, telebista kate gisa kontsideratua da Kanaldude Estatu frantsesean. 'Conseil supérieur de l'audiovisuel' delakoak telebista kate izateko titulua eman zigun. Hori lortuta, Akitania Berriarekin izenpetu ahal izan dugu hitzarmen bat urriaren 23an. Helburuak eta ahalak finkatzen dituen hitzarmena da. Hiru urtetarako balio du. Hitzarmen horrek erran nahi du, 2018ko otsailaren lehenean, maila bat gaindituko dugula. Diru laguntza garrantzitsu bat lortu dugu horri esker, eta Kanalduderen antolaketa zein funtzionamendua aldatuko ditugu.

Justuki zer aldaketa izanen da?

Kanaldudek kate bat ukanen du telebistan. Boxa baten bidez so egiten ahalko da. Etengabeko jario bat plantan ezarri nahi genuke. Webguneari dagokionez ere aldaketak izanen dira. Nolakoa izanen den oraindik ez dakigu zuzen, baina segur dena da etengabeko jarioa bertatik harrapatzen ahalko duela jendeak. Horrela boxarik ez dutenek gure katea begiratzen ahalko dute hala ere internetetik. Aldatuko ez dena da TVPIrekin dugun elkarlana. Oren bat emanen diogu beti astero.

Beste egitasmo batzuk lagunduko dituzue ere?

Bai noski. Kanaldudek beste proiektu batzuk diruztatuko ditu, dokumentalak eta fikzioak besteak beste. Ikus entzunezko euskarazko sorkuntzak sustatzea dugu helburu. Aurrekontu bat ukanen dugu gureak izanen ez diren egitasmoak bultzatzeko. Aktore nabarmena izatea espero dugu Euskal Herrian. Dena den, Kanaldude berria azaroaren 24an aurkeztuko diegu gure lagun eta partaideei Bidarraiko egoitzan.