Kazeta

Hezkuntza eredu propioa aldarrikatu dute Nafarroa Oinezen

Ikastolaren eredua goraipatu eta hezkuntza eredu propio bat aldarrikatu dute urriaren 15ean Lesakan ospatu den Nafarroa Oinezen. Milaka eta milaka euskaltzale bildu dituen ekimenari buruzko bilan baikorra plazaratu dute antolatzaileek.

Goizeko 10.00etan hasitako ekitaldiarekin eman zioten hasiera aurtengo Nafarroako ikastolen eta euskaltzaleen festari. Lesakako Tantirumairu ikastolan egin zuten aipatu ekitaldia, eta besteak beste, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria Jose Luis Etxegarai Lesakako auzapeza edota Aitor Irazoki ikastolako zuzendaria izan ziren bertan, Naiz atariak azaldu duenez.

Esker oneko hitzak izan zituzten ikastolako arduradunek Lesakara hurbildu ziren guztientzat. Ikastolaren eredua goraipatu zuten eta hezkuntza eredu propioa aldarrikatu, "gure hizkuntzarekiko errespetuan, berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritua".

Barkosek ikastolek euskararen alde egindako lana goraipatzeaz gain, Nafarroako Gobernuak hizkuntzarekin duen konpromisoa ere azpimarratu zuen.

Estitxu Fernandez aritu zen aurkezle lanetan eta Tantirumairu ikastolako ikasle ohiak gidatu duten ekitaldia xumea bezain hunkigarria izan zen. Nafarroa Oinezeko kantuaren, bideokliparen eta urte osoan gauzatu den jardueren berri eman zuten eta ikastolako bi gurasok intxaurrondo bat landatu zuten, aurtengo logoari keinu bat eginez. Plazara Dantzara kantuaren doinupean antzerki txiki bat egin zuten jarraian.

Ekitaldia amaitzean, ikastolatik abiatu ziren agintariak, trikitilariekin batera ibilbidea egitera.

"Oso gustora" jasotako erantzunarekin

Joseba Lasarte Nafarroa Oinezeko koordinatzaileak Efe albiste agentziari eginiko adierazpenetan adierazi zuen jaia "inzidentziarik gabe" garatu zela; ondorioz, gustora agertu zen ikastolen aldeko jaiak Lesakan eman zuenarekin.

Hamarnaka mila lagun gerturatu ziren Lesakara haren esanetan, antolatzaileek prestaturiko lau guneetaz gozatzera. Kontzertu, ikuskizun eta abarrak ikustera gerturatu ziren horiek utzi zuten dirua Tantirumairu ikastola handitzera bideratuko dute.