Iurre BIDEGAIN

Hiru egitasmo gauzatzeko herritarren parte hartzeari dei egin dio I-Enerrek

Urte bukaera baino lehen Makea, Arrosa eta Bidarrain energia berriztagarrien aldeko proiektuak burutuko ditu I-Enerrek. Horretarako, herritarren parte hartzea beharrezkoa da, 62.000 euro lortu behar baititu.

Makeako ezker paretan eta ondoko gelan burutuko dute proiektua. ©I-Ener
Makeako ezker paretan eta ondoko gelan burutuko dute proiektua. ©I-Ener

Energia berriztagarrien aldeko apustua garatzen doa I-Ener elkartea. Geroz eta Ipar Euskal Herriko Herriko Etxe gehiagok bat egiten dute elkartearen izpirituarekin. Makea, Arrosa eta Bidarraikoak ingurumenaren aldeko apustu horrekin bat egin duten azkenak dira. Herriko Etxeko hiru eraikinetako teilatuetan eguzki panelak jarriko dituzte urte bukaera baino lehen.

Makeako ezker pareta eta ondoko gelako teilatuetan panel fotovoltaikoak ezartzeko obrak urriaren 30ean hasiko dira. Ildo beretik, Bidarraiko zentro teknikoko teilatuan ere aipaturiko panelak azaroaren 20ean instalatzen hasiko dira. Arrosako zentro teknikoan, ordea, abenduan abiatuko dituzte lanak.

Hiru proiektu horiek finantzatzeko 62.000 euro lortu behar ditu I-Enerrek. Diru hori herritarrengandik eskuratu nahi du. "Herritarren eta Herriko Etxeen arteko kolaborazioa funtsezkoa da", nabarmendu du Bixente Uhaldek I-Enerreko langileak. Egitasmoen helburua ahalik eta energia berriztagarri gehien lortzea da. Herritarrek ekonomikoki parte hartzean, I-Enerren akzioak erosten dituzte, "elkartea haien esku da", erantsi du Uhaldek.

Informazioa herritarrei helarazteko hiru bilkura publiko antolatu ditu erakundeak. Lehena urriaren 13an 20.00ean iraganen da Bidarraiko Arrume gelan. Makean urriaren 20ean prestatu du, 20.30ean ezker paretako atzeko gelan. Azkenik, Arrosan urriaren 27an 20.30ean herriko gelan.

Orotara, gaur egun, sei proiekturen bidez energia ekoizten ari da I-Ener. "Pentsatzen genuen baino gehiago ekoizten ari dira. Oso ongi martxan da, errentagarriak diren proiektuak dira", aipatu du gazteak. Hain zuzen, sei proiektuek pentsatzen zuten baino %5a gehiago ekoizten dute. Hori dela eta, bilan oso baikorra egin du elkarteak.  "Ikusten dugu gure modelo ekonomikoa errentagarria dela. Energia berriztagarrietan inbertitzea balio du", gehitu du.

Akitania berritik keinu baikorra

Bixente Uhaldek azaldu duenez, Akitania Berriak deialdi berezi bat martxan jarri berri du. Energia berriztagarrien aldeko apustua egiten duten enpresei zuzendua da, I-Ener bezalakoa, hain zuzen. Herritarrek inbertitzean, Akitania Berriak inbertsioa bikoiztuko du. "Hau da, herritar batek 100 euro inbertitzean, eskualdeak beste 100 euro emanen dizkio elkarteari. Ondorioz, guk 200 euro ukanen ditugu. Ekarpena 250 eurokoa izan daiteke, gehienez", ohartarazi du.

Laguntza hori mugatua izanen da 50.000 eurotara, orotara. Enpresek ezingo dute 50.000 euro baino gehiago eskuratu. Adibidez, herritarrengandik 70.000 euro lortzen badituzte, eskualdetik 50.000 euro baizik ez dituzte jasoko.