Xabi San Sebastian
Musikaria

"Zuhaitzak ez du beldurrik" deituriko disko berria plazaratu du Xabi San Sebastian musikariak. "Misteriotsua" den ekoizpenean esperimentazioa egin duela dio artistak. Luhuson bakearen aldeko ekimenean aurkeztu ondoren, Baionako Kalostrapen arituko da urriaren 7an.

"Azken diskoan arriskuak hartu ditut, besteetan baino gehiago"
Iurre BIDEGAIN|06/10/2017 08:15
Dsc_7723
Bere bakarkako azken lana aurkeztuko du Xabi San Sebastianek urriaren 7an Baionan. ©Alberto Elosegi

Honetan ez diot hainbeste kasu egin estiloari, ildoa beste bat da, ez da ildo musikala

Normalean, errespetu handia duen publikoa da Ipar Euskal herrikoa

Zergatik ez du beldurrik zuhaitzak?

Azken aldian naturan denbora asko pasa dut eta kantu asko han sortutako ideietatik atera dira. Zuhaitzak beldurrik ez duela buruan dudan sentsazio bat da beren ondoan jartzen naizenean. Nik beraiekin alderatuta beldur asko ditut eta haiek iruditu zait ezetz. Dauden lekuan egonda, sustraiak bota eta gora egiten dute. Beldurrik gabe hazten dira.

Bakarkako laugarren disko hau ateratzean, beldurra sumatu duzu?

Bai beldurra beti dago. Saiatzen naiz ez edukitzen beldurrik, baina zaila da. Lan berri bat aurkezteak beti jartzen zaitu egoera berezi batean. Nolabait bertigoa sentitzen bazenu bezala. Azken disko honekin esperimentazioa egin dut. Arriskuak hartu ditut, besteetan baino gehiago. Diskoa misteriotsua dela erran daiteke. Beldurrak hortik pasa dira, baina gainditu ditut.

Arriskatu duzula diozu. Aldaketa nabarmena nabarituko dugu disko batetik bestera pasatzean?

Aurreko diskoari konparatuz bai, azkenengoa rock disko bat baizen. Honetan ez diot hainbeste kasu egin estiloari, ildoa beste bat da, ez da ildo musikala. Estilo aldetik anitza da. Agian, antzekotasun gehiago dauka nire bigarren diskoarekin: "Ospela".

Lehentasun gehiago eman diezu sentsazioei?

Bai, hori da. Horrelako izpiritu batek biltzen du disko guztia.

Diskoaren aurkezpenean, honakoa diozu: "Horixe aurkituko duzu hemen. Ezagutzen duzunetik asko; eta, aldiz, ezer gutxi, espero duzunetik". Zergatik diozu?

Inprobisazio asko dagoelako. Agian pixka bat harrigarria izan daiteke pasarte batzuetan.

Natura lagun izan duzu disko honen ekoizpenean. Natura inprobisaziorako onuragarria da?

Naturan misterioa aurkitu dut bai egunean, baina baita gauez ere. Naturan topatu ditut leku eta gauza bereziak… horiek ere eraman naute iragan urrun batera, niretzat oso misteriotsua dena. Toki horietatik ere etorri zait Mikel Laboaren alde berezia. Kantu batzuetan hortik abiatu naiz ni ere. Berak idiketako bide horietatik sartu naiz pixka bat eta honakoa da atera dena.

Bakegileek eta Bake Bideak Luhuson antolatu duten ekimenean parte hartu duzu. Nolako harrera jaso duzu Ipar Euskal Herriko publikoaren partetik?

Orain arte bakarkako bi kontzertu egin ditut: Iruñean eta Luhuson. Hasieran beti dago beldur bat ikusteko kantu berriak nola hartuko dituen jendeak. Errepertorio berria nola ibiliko den. Normalean, errespetu handia duen publikoa da Ipar Euskal herrikoa. Adibidez, kantuak ondo-ondo eta guztiz bukatu arte jendeak ez du txalo egiten. Musikariek sumatzen ditugun gauzak dira.

Ipar Euskal Herrian zein lirateke zure musikarentzat erreferenteak?

Musikalki, hasieratik Errobi liluratu ninduen talde bat izan da. Niko Etxart laguna eta miresten dudan norbait da. Musikari lagunak ditut hemen eta harreman handia izan dut azken urteetan.

Bost urteko lanaren fruitua atera berri duzu. Etorkizunari pentsatzeko goizegi da?

Orain disko berria gozatzea tokatzen da. Hau bizi eta batez ere bizia eman nahi diot diskoari jendeari komunikatzeko. Oraindik ez naiz hurrengo pausuari pentsatzen hasi.