Iurre BIDEGAIN

Parisen bukatuko den espetxeen bira antolatu dute Bagoaz, Etxerat eta Sarek

Abenduaren 9an Parisen iraganen den mobilizazioa baino lehen, Estatu frantseseko hogei kartzelaren arteko bira eginen dute Bagoaz, Etxerat eta Sarek. Euskal presoak dauden kartzeletatik pasatzeaz gain, zortzi hiritan konferentziak eta mobilizazioak burutuko dituzte bake prozesua eta euskal presoei buruzko informazioa helarazteko.

Espetxeen bira azaroaren 16an hasiko da. ©Isabelle Miquelestorena
Espetxeen bira azaroaren 16an hasiko da. ©Isabelle Miquelestorena

Azaroaren 16tik abenduaren 9ra euskal presoak dauden kartzeletatik iraganen den bira antolatu dute Bagoaz, Etxerat eta Sarek. Mugimendu horietako bozeramaileek Pariseko mobilizazioarekin bukatuko den ekimena aurkeztu dute urriaren 4ean, Baionan. Horrez gain, zortzi hiri bisitatuko dituztela aipatu dute, hots, Tolosa, Marseilla, Lion, Poitiers, Nantes, Rennes, Lille eta Paris. Bertako eragile, prentsa eta herritarrei bake prozesua eta euskal presoei buruzko informazioa helarazi nahi diete.

Agerraldiaren hasieran, gaur egungo egoeraren berri eman du Urtzi Errazkin Etxerateko bozeramaileak. Bere erranetan, gaur egun 316 euskal preso daude Estatu frantses (68) eta espainiarrean (240). Horietariko bi soilik Euskal Herriko kartzeletan daude. Halaber, hogeita hamalau preso dira hogei urte baino gehiago kartzelan daudenak.

"Aske gelditu diren presoak ere badaude. Baina ez Estatu espainiarrak edo frantsesak konponbidearen aldeko urratsak egin dituztelako, beren kondena bukatu dutelako baizik", ohartarazi du Errazkinek. Gaur egun, legea aplikatuz gero, 53 euskal presok kanpoan egon beharko luketeela azaldu du. Horietariko 21 larriki eri dauden presoak dira.

Programazio berezia

Gainera, euskal presoek aurre egin behar dioten dispertsio politikaren ondorioak gogora ekarri ditu bozeramaileak. "Egoera honek ezin du segitu, gainditu behar dugu. Giza eskubideentzat, konponbiderako eta bakerako", erantsi du. 

Ildo horretatik, bakegileek abenduaren 9an Parisen antolatu duten deialdiarekin bat egin dute hiru mugimenduek. Halaber, urriaren 7an Luhuson iraganen den biltzar nagusian parte hartzeko gonbidapena egin dute.

Espetxez espetxe ibiliko den biraz gain, Giza Eskubideen Ligarekin batera programazio berezia antolatu dute aipaturiko zortzi hirietan. Egitarauan parte hartzeko deialdia luzatu dute Baionatik. "Denen beharra dugu ekimena aurrera eramateko, abenduaren 9an herri bezala elkartzeko", gehitu dute.