Kazeta

Erreferenduma antolatuko dutela baieztatu du Puigdemontek France Inter irratian

Parisera egindako bidaiaren karietara, Carles Puigdemont Kataluniako presidentea elkarrizketatu dute France Inter irratian irailaren 25ean. Lehendakariak baieztatu duen bezala, urriaren 1ean katalanek bozkatzeko eskubidea izanen dute antolatuko duten erreferendumaren bidez.

Carles Puigdemont lehendakaria France Inter irratian.
Carles Puigdemont lehendakaria France Inter irratian.

"Bai erreferenduma antolatuko dugu" baieztatu du Carles Puigdemont Kataluniako lehendakariak France Inter irratian irailaren 25ean.

Elkarrizketaren hasieran katalanek erreferendumarekiko sentitzen duten "itxaropena" azpimarratu du presidenteak. Estatu espainiarraren erasoen gainetik, bozkatzeko kutxak eta buletinak izango direla baieztatu du Puigdemontek. "Herritarren ahotsa entzunarazten entseatzen ari gara", azaldu du.

Madriletik agindutako erasoak gaizetsi ditu. "Salbuespenezko Estatu bat balitz bezala ihardetsi du", erantsi du. Oroitarazi behar da, hamar mila bozka paper konfiskatzeaz gain, besteak beste, Generalitateko kargudun batzuk atxilotu zituela Guardia Zibilak irailaren 21ean.

Kazetariak Kataluniak zergatik independentzia nahi duen galdegiterakoan, gaur egun arte Generalitateak egindako saiakerak gogora ekarri ditu presidenteak. Hala nola, Madrili proposatutako akordio fiskala eta galdeketa egiteko baimena.

Elkarrizketa osoa hemen ikusgai (frantsesez):